Beti esaten dut gure zaborra murriztu behar dugula eta konpostatzea hori egiteko era bat dela.
Sukaldean gaudenean, soberakin organikoak errefusera bota beharrean, bi aukera ditugu: bosgarren edukiontzira botatzea (gaur egun herri guztietan dugu aukera hori) edo guk geuk konpostatzea.
Baratzea izan ala ez, prozesu polita da etxean egiteko; alde batetik, kontuan izateko zenbat “zabor” edo soberakin sortzen dugun eta beste alde batetik bizitza ziklikoa dela ulertzeko.
Naturaren zikloak ulertzen ditugunean, errazagoa da natura bera maitatzea eta zaintzea.
Konpostak baratzea edo lorategiko lur baliotsua egiten du.
Zure lorategiko lurrari ahalik eta zaintzarik onena eman nahi badiozu, konpostak lagunduko dizu. Konpostak lurraren kalitatea hobetzeaz gain, era berean, lorategian zein etxean hondakinen arazoa murrizten laguntzen du. Zure lorategian leku nahikoa baduzu, izkina bat eman beharko diozu konpostari, lorategiko hondakinak eta sukaldeko hondakinak ongarri baliotsu bihurtzen baitira konpost multzoan.
1.aholkua: Aurkitu leku egokia
Konpostaren klima hezeak izaki bizidunei mesede egiten die, eta, beraz, baita landareen deskonposizioari ere. Hori dela eta, konpost pilak beti itzalean egon behar du, edo gutxienez erdi itzalean, eta haizetik babestuta. Eguzkiak asko lehortzen du, eta deskonposizioa atzerarazten du.
2.aholkua: Konposta sortzeko estrategia
Konpost pila zementuaren gainean jartzeak ez du zentzurik. Konpostak lurrarekin kontaktua behar du, izaki bizidunek behetik barneratzeko eta landareak deskonposatzeko modua izan dezaten.
Pila betetzean, ziurtatu geruza desberdinak behar adina aireztatuta daudela. Geruza desberdin horiek lortzeko, baratzeko hondakinak sukaldeko hondakinekin nahasten dira. Hau da: janari hondakinak adarrekin, belarrarekin, hostoekin eta lore soberakinekin nahasten dira. Sukaldeko hondakinak gehiegi badira, hezetasun gehiegi sortuko da, eta azkenean usteldu egingo da.
3.aholkua: Zerk egon behar du konpostean?
Dena ez da konpost bihurtzen. Gaixotutako landareak, katu edo txakurraren zaborra, tabakoa edo zigarroak ez dira sartzen. Bestalde, hazirik gabeko belar txarrak, hostoak, goroldioa, te poltsak, kafe hondarrak, fruta eta barazki hondakinak, belar eta lore moztuak arazorik gabe konposta daitezke.
Kontuz zitrikoen azalekin, egur errautsarekin, zerrautsarekin eta harearekin; kopuru txikietan bakarrik gehitu.
Elementu handiagoak —adarrak adibidez edo landare handien zurtoinak (mihilua, tomatea, artoa…)— txikitu egin behar dira konpostera sartu baino lehenago.
4.aholkua: Hobe 2 konpostontzi bat baino
Bi konpostontzi elkarren ondoan bat baino hobea izan ohi da. Beraz, edukiontzi bat bete dezakezu lehenik, eta, lehendabiziko hori konpostatzen den bitartean, bigarrena erabiltzen eta betetzen joan zaitez. Kontuan hartu, hemen, konposta prest egoteko udaberrian edo udara partean zazpi hilabete behar izaten dituela eta negu partean bederatzi hilabete.
5.aholkua: Eduki hezea baina ez bustita
Eduki konposta beti hezea. Nahiko hezea dagoen egiaztatzeko, hartu eskukada bat eta estutu. Pilota bat osatzen baduzu eta materiala ez bada desegiten, hezetasun egokia izango du.