Saltzaile lanetan ibili denak badaki oholezko xafla baten bi aldeetan gertatzen denaz. Egur zati baten gainean zabaltzen den lanaldi luzeen ilusio eta nekea. Kale bat erakusleiho bihurtuta. Pasaeran begiratu urrun bat botatzen duen kontsumitzaile zail bat. Tira lehena, beste batean izango da. Hor dator beste bat. Irribarre bat, begiratu hurbila. Ikustera ere ez da gerturatu. Begiratzera ausartzen ez den beste bat, badoa azkar gustukoago duen beste zerbaiten arrastoan. Gerturatu eta kontu kontari goiza arintzen duten herritarrak. Horiek ohikoak dira, eta eskerrak. Iritsi da azkenean. Goizeko lehen unetik esperotako eroslea. Beharbada ez da uste zenuen bezalakoa. Eta horrek asko dio saltzen duzun produktuaz. Ez daude bi erosle berdin. Askotan aurretiaz pentsatutako publiko bat izaten dugu helburu. Norengana iristea den jomuga.
Mugapenetan sartuta, ordea, eroslea (eta beraz kontsumitzailea) heterogeneoa dela ohartzen zara. Ez dela uniformea. Ez eta bakarra. Eta horretan datza naturaltasuna. Noski pentsatu behar dela noren gustukoa eta interesekoa izango den sortzen duzuna. Soslaietan sartuko bagina, prozesu osoa diseinatua izango litzateke. Horrela, erosle konkretu batera iristeko. Talde jakin bat. Pluraltasunetik baino gehiago duena eredu berdin eta estereotipatu batetik. Eta hor galdu egiten da merkatu batean aurki daitekeen aniztasunaren konplexutasuna.
Begia jotzen duen lehenengo gauza itxura da. Nahitaez onartu beharrekoa da. Azoka baten kale kantoiak produktuen usain, kolore eta erakargarritasunarekin janzten dira. Nahasmen hori ikusita, ugaritasunaren erdian, txiki sentitzen zara. Asko dagoelako, eta desberdina delako ondoan duzunaren mahai gainean zabaltzen den ugaritasuna. Nahiz eta zure produktuek (kasu honetan xaboiak) miresmen osoa izan.
Denborarekin ikasten da ez dela zenbakiz neurtzen, ez eta konparazioz ere goiz batean mahaikide izan duzunaren alboan ikusitakoa. Kale kantoiko salmentetan ez dago lehiarik. Aitortu behar da diruak garrantzia duela, egiten duzunaren sostengu ekonomikoa delako. Baina zaila da gaur egungo merkatu ereduei diru helburuz bakarrik jarraitzea. Bertaratzen garen gehiengo handi baten bizibidea, hala nahiko bagenu ere, ez delako mimoz sortzen duguna.