Edozein gizartetan gertatzen den bezala, gure gizartea osatzen eta artikulatzen duten balioak bizitzako arlo guztietan daude presente, eta balio horiek etengabe erreproduzitzen ditugu gure egunerokoan, baita espazio fisikoak diseinatzeko orduan ere. Beraz, espazio horien erabilera hezkidetza ikuspegi batetik aztertzen badugu, erraz antzeman ahalko dugu gizartean izaten diren botere harremanen hierarkizazioa: emakume-gizon, gazte-nagusi, zentro-periferia… Hortaz, ondoriozta dezakegu, kontzientzia feministarik gabe diseinatzen diren espazioak nekez izango direla hezkidetzaileak, eta, beraz, espazioak eta haien konfigurazioa ez direla bere horretan neutroak.
Hezkuntza espazioen gaia aztertzen jarrita, Loris Malaguzzi pedagogo eta hezitzaile italiarrak dio “espazioa hirugarren irakaslea” dela, eta, horrenbestez, hezkuntza prozesua balitz bezala ulertzen du berau. Hori horrela izanik, espazioen diseinuaren, eraikuntza sozialaren eta haurrek jasotzen duten hezkuntza espazialaren artean dagoen lotura estua eta zaindu beharrekoa dela aipatzen du.
Denok dakigu eskolako patioa haurrek beren esperimentazio prozesuan erabiliko duten lehenengo espazioetako bat izango dela, eta, bertan igaroko duten denbora luzea kontuan izanda, espazio horietan fokua jartzea ezinbestekoa da. Bertan garatzen dituzten harreman sozialak, eta bertan bizi eta ikasitakoa erreproduzituko dute helduaroko harremanetan. Hortaz, haurren garapen eta heziketa prozesuan hain garrantzizko diren eskola patioek balioen eraldaketarako duten garrantziaz jabeturik, espazio horien trataera aztertu eta egoera iraultzeko pausoak eman beharko genituzke.
Orain artean, eskoletako patio gehienek patroi berari jarraitu izan diete: eremu asfaltatuak dira, non futbolak beste jolas batzuek baino presentzia, espazio eta zentraltasun handiagoa hartzen baitu. Gainontzeko ekintza guztiak periferian kokarazten ditu horrek, edo espazio fisikorik gabe uzten, eta espazioaren erabilera erabat hierarkizatzen du. Jolas aukera mugatuak dituzte; kirol arautura bideratuta daude gehienak, eta naturaren presentzia urria da, lurzoru gogorrak eta grisak. Hori da gaur egungo patioen errealitate orokorra.
Paradigma horri buelta emateko, haurtzaroan eragina duten funtsezko alderdien inguruan elkarrekin erabakitzea izango da gakoa, eta, beraz, hezkuntza komunitate osoaren babesa eta konplizitatea beharko da. Ikasleen ahotsa eta bizipenak erdigunean jarriz, gogoeta prozesu kritiko eta kolektiboak bilatuko dira, hezkuntza komunitatea kohesionatzeaz gain denon neurrira egokitutako eraldaketa bat lortzeko.
Badira gai horren inguruan ikerketa lan sakonak. Equal Saree arkitekto talde katalanak, esaterako, esku hartze metodologia argia proposatzen du “El pati de l’escola en igualtat” gidaliburuan, diagnosi parte hartzailea egiteko eta jolasguneetan genero berdintasunean eragiteko. Euskal Herrian ere, TipiGara kooperatibako kideek “Elkartoki” proiektua garatu zuten orain urte pare bat, praktika artistikoak hartzen dituen jolastokien eraldaketa parte hartzailerako proiektua bera.
Prozesu eta metodologia horien jomuga zera da, patioen erabilera eta dinamikak aldatzea, eta aldaketa hori espaziook eraldatuta planteatzea. Helburua da gaur egungo jolastokien gabeziak gainditzea, haurren sormena, jolasa eta elkarbizitza sustatzea, jolastokia balio egokietan hazi eta hezteko espazio bilakatzea. Horretarako, adin askotakoentzako aukerak proposatzen dira: espazioen bernaturalizazio prozesuak, jolas aukera anitzeko espazio berriak, lasaitasunerako guneak…
Eskola patioak, ikastetxeetako jolastokiak, jolaserako tokiak baino gehiago dira. Beraz, jar dezagun arreta haietan, eman dezagun eraldaketarako jauzia eta belaunaldi berriei eskain diezazkiegun aukera berdintasuna bermatzeko espazioak.