Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Inor ez da ilegala. Mbolo elkartea

Bizitzan, zorionez, ustekabeko topaketa ederrak izaten dira, batzuetan. Bilboko Mbolo elkartekoek ez zuten asko esperoko euskarazko aldizkari batekin lankidetza egitea, ez eta Argia aldizkarikoek senegaldar kale saltzaile batzuekin bat egiterik ere, harik eta 2018ko udaberrian erreportaje batek elkartu zituen arte.
 

Urte hartan, Espainiako Estatuan autonomoen baldintzen legea aldatu, eta kotizazio handiagoak ezarri zituzten. Ondorioz, baldintza berriak bete ezinik, mantero askok paperak galdu zituzten. Mbolo senegaldar saltzaileen elkarteak autonomoak izan eta paperak berreskuratzeko borrokari ekin zion, eta borroka haren berri emateko jarri ziren Argia-koak haiekin harremanetan.
 

Mikel Garcia kazetariak dioenez, erreportaje hark ezinegona sorturik, Inor ez da ilegala elastikoak egiteko ideia izan zuten. Argia-koek bazuten esperientzia, Kataluniako La Directa hedabidearekin batera, Els carrers seran sempre nostres / kalea gurea da elastikoekin. Amezketako familia baten denda txikian egiten dute lan, haiek dituzten elastiko, jertse eta poltsak baliaturik. Bangladeshen ekoitzitako arropa da –halako makro-fabriketatik dator janzten dugun arropa gehiena–, baina kontraesan horretatik ateratzeko lanean ari dira, eta aurrera atera duten azken proiektuan beste era batera ekoitzitako elastiko organikoen alde egin dute: “Lurra herriari deika” elastikoak (agroekologia mugimenduko kideekin elkarlanean ateratakoak).
 
Beraz, batetik Argia eta Mbolo diruz lagundu eta bestetik migratzaileen kontrako injustizia eta babesgabetasuna salatzeko, euskaraz eta woloferaz elastikoak sortzeari ekin zioten. Salmentak Mbolokoek kalean bertan, Argia-ren webgunean Internetez eta Durangoko azokan egin zituzten. Bouba Dioufek, adibidez, gogoan du Durangon txandak egin zituenekoa: “Ni euskaltegian nengoen, eta euskaraz jende askorekin egiten nuen”. Inor ez da ilegala aldarria asko zabaldu da, eta, lehen elastikoen ondoren, poltsak eta jertseak etorri dira, eta Mboloko kide baten den bizitza kontatzen duen liburua, Pape Niang senegaldarrarena.
 
Argia-k bere kazetaritza eredua bultzatzeko erabili ditu etekinak. Mbolokoek, hasieran, proiektu bat sortzeko erabili zuten dirua (19.000 euro) garbiketa kooperatiba bat. Haien helburua zen elkarteko lagunentzat lana sortzea, hartara paperak lortzeko. Argia ekonomia sozial eta eraldatzailea batzen duen Olatukoop sarearen parte da, eta, Mboloko kideek kooperatiba sortzeko saiakera egin zutenean, Olatukoopekin jarri zituzten harremanetan. Arazo asko eduki zituzten, ordea, gehienak paperik gabekoak zirelako eta oztopo asko zeudelako. Gero, gainera, pandemia heldu zenean, gordetako dirua erresistentzia kutxara mugatu behar izan dute, oinarrizko beharrak betetzeko; izan ere, elkarteko lagunek ezin izan dute kalean saldu, eta ez dute nola ordaindu etxebizitza, janaria eta abar. Salmentak nola joan diren galdetuta, lehenengo urtean oso ondo joan baziren ere, ondoren kalean motelago joan zitzaien. Aurten, konfinamenduaren ostean berriro pixka bat animatu ziren salmentak, eta sare sozialetan ere ipini dute laguntzeko modua.
 
Argia-k jorratzen dituen gaien artean, migrazioa atal garrantzitsua da, ez bakarrik kazetaritzatik helduta, errealitatean eragiteko ere bai: Mboloko kideak larri dabiltza gaur egun, pandemiak kaleko salmenta ia ezabatu baitu.
 
Konfinamenduaren ostean, errolda soziala lortzeko borrokan hasi ziren: izan ere, etorkinek hiru urte erroldatuta egon behar dute paperak eskatzen hasi aurretik, eta, horrela, oso zaila zaie etxebizitza eta errolda lortzea. Orain dela bi hilabete, Bilboko Udalak ezezkoa erantzun die. Etorkizunean borrokan jarraitzea besterik ez dute ikusten: errolda soziala, autonomoen baldintzak, atzerritartasun legea… Gauza asko aldatu beharko lirateke haien egoera hobetzeko.
 
Bouba Dioufen arabera, oso zaila dute integratzea baldintza horiekin; hiru urteko errolda lehen laguntzak eskatzeko, gero erresidentzia lortzeko urte bateko lan kontratua, baina paper barik ez da batere erraza: “Paper barik ez dago lanik, eta lan barik ez dago paperik”. Pandemia garaian, Bilboko Udalak inor atzean utzi nahi ez duela etengabe esan badu ere: “Errolda soziala eskatu dugunean, ezetza jaso dugu, eta atzean utziko gaituzte; ez digute kalean saltzen uzten, eta beti Polizia atzetik daukagu. Guk lan duina nahi dugu, eta kalea utzi nahi dugu”.
 
Amul been nit ku leegalul!
 
 
 

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?