Hitza bera entzutean, arrotz egiten zaigu, hizkuntza arrotza; laburdura horren atzean, ordea, Herri Antolamenduko Plan Orokorra dago. Horrela azalduta ere, oraindik beste hainbati arrotz egingo zaio hitza. Herritar bezala, herriaren etorkizunerako hain estrategikoa eta garrantzizkoa den tresna benetan urruti gelditzen zaigu askotan. Hirigintza gai teknikoa dela esan digute hainbatetan, eta gaia herritarrentzat eskuragarri egiteko ahalegin gutxi egin izan da orain artean, bai hizkuntza aldetik bai eta herritarrei parte hartzeko ematen zaizkien espazio-denborengatik.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) epe erdira gure hirien nolakotasuna definitzeko tresna publiko nagusia da. Arau izaera du, eta, beraz, betebeharra da, eta hiria antolatzeko joko araua zehazten du HAPOak. Lurralde antolamenduari lotutako bestelako irizpideak integratu eta planifikaziorako gakoak diren hiru eremu nagusi arautzen ditu: zoruen sailkapena (hiri lurzorua eta lurzoru ez urbanizagarria), zoruen erabilera (bizitokia, ekipamenduak, jarduera ekonomikoa, espazio libreak, eta abar) eta aprobetxamendua (nolako intentsitatearekin erabil ahal den lurra).
Hori horrela izanik, eta espazioaren arautzeak gure egunerokoan duen garrantziaz jabetuta, nola gerta daitezke HAPOak garatzeko prozesuak herritarrengandik hain urrun? Izan ere, espazioa eta lurraldea antolatzeko nolakotasunak eragin zuzena du gure egunerokoan. Adibide batekin errazago ikusiko dugu; hiririk eta zerbitzurik gabe, mugikortasun azpiegitura gabe eta telekomunikazio azpiegitura gabe gaur egungo kapitalismoa garatzea ez litzateke posible izango, eta hori hein handi batean lurralde plangintzari dagokio.
Lurralde plangintza urruneko kontu bezala salduz, herritarren hizkuntzatik urrun, gure bizilekuaren gaineko erabakimena guztiz ebatsi digute herritarroi. Apenas dugun ahotsik gure bizitzen euskarri izango den inguruaren gainean iritzia emateko. Azken urteetan, legeak berak HAPOetan parte hartzeko prozesuak txertatzeko beharra jaso du, pauso handia izan da alde horretatik, baina horrekin ez da nahikoa. Ez da nahikoa hamabost urterako herri baten etorkizuna marraztuko duen hirigintza arau nagusia hilabeteetako parte hartze prozesu batean lantzea; herritarrek parte hartzeko kalitatezko espazioak behar dira. Ezer baino hobe dela argi dago, baina parte hartze dinamika iraunkor bat ematea beharrezkoa da etorkizuneko diseinu estrategiko baten gainean herri ikuspegia presente egoteko.
Parte hartze ariketa sendoa egiteko, lurralde planifikazioari lotutako parte hartze sendo bat, lanketa iraunkorra duten eta sustrai komunitario sendoa duten espazioak behar dira. Hainbat galdera datozkigu burura planteamendu hau plazaratzean. Nolako eskala izan daiteke egokia lanketa hori gauzatzeko? Hiri eredua planteatzeko orduan auzo eskalatik abiatuko bagina, zer-nolako erantzuna emango genieke tokian tokiko bizilagunen beharrei?
Beraz, auzoa hartuko bagenu hiriaren eta espazioaren eraikuntza demokratiko baterako eskala egoki moduan, nola gauzatuko genuke lanketa hori? Behetik gorako logikak erabiltzea ezinbesteko izango litzateke, baita ehun komunitario sendoa duen auzo komunitatea prozesuaren subjektu aktibo bezala definitzea ere. Izan ere, dena berrantolatzeko eta prozesuak demokratizatzeko, ezinbestekoa da boterea tokira ekartzea; lurraldeaz birjabetzeko, oinarrizko elementua da ahalduntze komunitarioa.
Ez da makala aurrean dugun ariketa, komunitateak ehundu eta ehuntze eskala horietatik lurraldea antolatu. Nola egin daiteke hori? Gaur egun, planak garatzeko lanketak abiatu dira auzoetan, baina horiek ez dute HAPOak duen arau izaera, eta, hortaz, auzo plangintza hori ez dago zuzenean lurralde antolamenduko tresnekin nahitaez lotua. Herri bakoitzaren borondatearen esku gelditzen da auzo planetan garatutako estrategia gorako maila batera eramatea, martxan jartzea eta abar. Baina bi eskalak lotzeko ariketa egingo bagenu? Auzoetan, eskala sozial kohesionatuko gune horietan, arlo kultural, sozial eta abarrak landu eta gainera horiek espazioaren plangintzarekin lotuko bagenitu, eta hiri eskalako antolamendu tresnetan txertatu? Zergatik ez dugu sortzen HAPO bat, auzoz auzo garatutako auzo-planen gainean?
Esperientziak dio, auzo-planak prozesu egokiak direla hiritarrak hirigintzan murgildu, ahaldundu eta subjektu erabakitzaile gisa ahalduntzeko. Besteak beste, ez duelako araua abiapuntu, kodea eta lengoaia herritarragoa izan daitekeelako, epeak ere auzoen erritmora egokitu daitezkeelako, planifikatzen den eremua gertukoagoa denez askoz hobe ezagutzen delako, planifikazio hori gertuko komunitatearekin (auzoa) egiten delako, inpaktuak epe laburrekoak eta nabariak izan daitezkeelako, landu beharreko aferak ez daudelako aurretik zehaztuak eta hartzen diren erabakietako asko auzo indar propioz egiteko modukoak izan daitezkeelako.
Auzo-plana hirigintza antolamenduan estrukturalki txertatzeak aldaketak ekarriko lituzke hiria egiteko prozesuan. Auzoa parte hartzeko eskala aproposago bat dela iritzita, demokraziaren ikuspegitik boterea orekatzeko modu bat izango litzateke eta tokiko errealitatearen isla zehatzagoa lortuko genuke.
Ez dezagun ahatz espazioa antolatzea dela ekonomia antolatzea, gure mugitzeko moduak eta denborak arautzea eta bizitza pribatua eta publikoa non garatuko ditugun zehaztea. Herritarrok horretan denean parte izan beharrean subjektu aktibo izan behar dugu, eta horretarako instituzioek, prozesu eta erreminta egokiak jarri behar dituzte herritarren zerbitzura, herri plangintza ez dadin izan ulertezina den hizkuntza batean idatzitako burokrazia tekniko hutsala.
Argazkia 1: www.bilbao.eus
Argazkia 2: www.noaua.eus