Gaztetxe bati, kooperatiba bati nahiz hezkuntza, kultura eta ekonomia eraldatzailerako proiektu bati gagozkiolarik, norentzat den (edo ez den) maiz galdetzen ez den zerbait da, edonorentzat delakoan. Baina kosta egiten da proiektu “hibridoak” aurkitzea; eskola bat, herri mugimendu bat, kontzertu bat non haiek eta gu gauden, ari garen, asistentzialismo hutsean erori gabe.
2016ko abenduan, Mikel Zuluaga eta Begoña Huarte militanteak atxilotu zituzten Grezian pertsona migrariak ilegalki garraiatzeagatik. Atxiloketa hark xaxaturik, Sistema desobeditzen dugu, oinarrizko eskubideak obeditzeko leloari heldu, eta Artea Sarea hasi zen ibiltzen.
Gaur egun zertan ari diren jakiteko, Olatz Talavera Etxeberria Artea Sareko militantearekin solas egin dut. Kontatu duenez, berarekin ordua lotu bezperan, Maliko zortzi lagun heldu zaizkie autobusean Kanariar irletatik bidalita. Bildu garen egunean bertan ere beste mutil bat da iristekoa haien aterpetxera. Asilo eskatzaileak dira, oraingoz besterik ez daki.
Aterpetxeaz gain, sarean badira bestelako etxebizitzak. Hasieran, Arteagako Herriko Bentaren ondokoa izan bazen, gaur egun, etxe komunitario ugari lortu dituzte Zeanuritik Zornotzara. Etxe komunitario bat da elkarrekin bizitza egitea, elkarri babesa emateko. Etxeak eurak batzuk utziak dira, pertsonek proiektuaren alde jarriak; badira baita gaztetxeak, alokairuzkoak eta etxe okupatuak ere. Migratzaileei dagokienez, beren egoera erregularizatu, baliabideak hobetu eta bizimodua egonkortu ahala, solidarioak izan eta hurrengoei “lekua” utzi behar diete. Etxe komunitarioetan, gaur egun, 100 bat lagun bizi dira, eta haietarik %60 emakumeak.
Arratian zehar eta Zornotzaraino, etengabe hazten eta moldatzen joan den proiektua da hau, etxebizitza komunitarioetatik harago: lehen ekimen ezaguna, Arteagako Herriko Bentarena izan zuten; bertako udalak bentaren lizitazioa atera zuen, eta sareko kideak hasi ziren kudeatzen. Lehengo benten eredura jo zuten, alegia, Herriko Benta da ostatu, denda eta ia edozertarako leku. Aipatzekoa da, bestalde, Zornotzako harrera taldeak eta Artea Sareak azaroan zabaldutako Bizkargi Kafe-Degustazio Soziala: asanblada bat batu eta txosnetan ateratako diruarekin abiarazi zuten autogestio proiektua (urte eta erdik auzolanen eta crowfounding baten ondoren) zabaldu zuten. Haientzat, Benta eta Kafe-Degustazio Soziala erakusleihoak ere badira, eta atzean dagoena ekonomia zirkularrean egituratzen dute. Izan ere, instituzioen laguntzarik jaso gabe, sortu dituzten hainbat proiektu sozialen bidez (behizainak, ogi labea, baratzea…) lortzen dituzten produktuak salgai daude bentan. Sei hektarea erabiltzen dituzte, eta bertoko ekoizpena elikadura subiranotasunera bidean eta era agroekologikoan egiten dute. Lurreko lanak auzolanean egiten dituzte, non sareko kideek parte hartzen duten, militanteak, defendatzaileak, migratzaileak…
Jorratu duten beste alderdi bat enpresa sozialak dira: Pertsona horien bizimodua egonkortu eta hobetu dezaten. Izan ere, maiz pertsona hauen egoera erregularizatu aldera, urtebeteko lan kontratuak eta jardunaldi osokoak eskatzen dituzte, baina hori izugarri zaila da; esaterako, enpresa batek Euskal Herrian jaio den pertsona bat kontratatu nahi badu, ez du ezer erakutsi beharrik, baina, erregularizatu gabeko bat kontratatu nahi badu, bere enpresaren baliabide ekonomikoak frogatu behar ditu, urte bateko soldatapeko lana ordaindu ahal duela, esaterako. Horrez gain, legeak dio Extranjeriak gehienez hiru hilabete luzatu behar duela ebazpena emateko, baina maiz epea luzatzen da.
Ezinbesteko beste atal bat da politizazioarena. Artea Sareak bere sorreratik harrera egitean politizazio bat egin du, izan heldu berri diren Maliko lagunentzat, izan mendira bidean gosari bat hartzeko gelditzen diren laguntzat; euren oinarri ideologikoa da zero matxismo, zero arrazakeria, eta lukurreria mugatzea helburu duen komunitate batean bizitzea. Orain, komunitatearen eta inguruaren politizazioan sakontzeko, komunitateko defendatzaileek ‒defendatzaileak dira jatorrizko herrialdean borroka bat egin dutenak eta borroka horren ondorioz jazarpena jasan eta ospa egin behar izan dutenak (ingurumen eskubideen aldekoak, esaterako)‒, bada, euren bidez, Basoa proiektuari ekin diote Artea Sarekoek beste eragile batzuekin batera: Han eta hemengo aktibista eta defendatzaileentzat babesleku bat, eta aktibismo berrirako, jakintzen trukerako eta kontzientzien esnatzeko gogoetagune bat. Gune irekia da, inguruan eragiteko pentsatua: ikastaroak, bisitak, hitzaldiak…
“Bertakoen” artean ere lanketa oso positiboa izan da, pertsona migratzaileekin harremana elkartasunaren eta sentsibilizazio politikoaren bidez egin baitute. Mezu argia erabiltzen dute: Guk ekonomikoki esplotazioa ezartzen dugu munduan zehar, eta gero ardura badugu handik irten beharrez aurkitzen denarentzat. Bestalde, lukurreria mugatzearen alde ere egiten dute, izan ere, Jaurlaritzak 2019an aurkeztutako ikerketaren arabera, EAEko biztanleok dugun kontsumo mailarekin 2,65 planeta beharko genituzke bizi ahal izateko.
Gure bizimodua egokiago egiteari Ongi bizitzea deitzen diote.
Pandemiaren eraginagatik galdeturik, batetik, positiboa izan da Arteagako Bentan ogia eta produktuak saldu eta kafeak jartzen jarraitu ahal izana, baina, bestalde, jantokia itxi behar izan zuten. Gainera, mugikortasun mugak eta Arteaga herri txikia izanik ‒700 biztanle ditu‒, nahiko mugaturik egon dira, kanpoko bisitaririk gabe. Zornotzan hobeto moldatu dira alde horretatik; jatetxerik ez dute, eta eguneroko martxarekin (saltzeko produktuak eta kafeak) jarraitu ahal izan dute; gainera, herri handiagoa izatean mugikortasuna zedarritzeak ez die hainbeste eragin. Azken finean, Olatzen hitzetan, ekonomikoki hunkituak izan dira, baina afektiboki indartsuago atera dira “bitxoak pertsonak hiltzen dituela egia da, baina bitxoaren kontrako neurriek ere jardun kolektiboak hiltzen dituzte”. Alde horretatik, euren etxe komunitarioak baliagarri izan zaizkie elkarbizitza unitate solidarioagoak izateko, eta elkar sostengatzen gogor saiatu dira.
Anitz urtez!
Argazkia