Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Guztion jakintza fusionatzen badugu hiriaren bueltan?

Arkitektura kolaboratiboa esaten zaio arkitektura, artea eta komunitatea elkarrekin ekoizpen harreman batean jartzeari. Diziplinak eta komunitatea nahastuz, truke- eta inplikazio-eredu parte hartzaileak gauzatuz, aukerak zabaltzen dira arkitekturaren inguruan diskurtso eta forma berriak sortzeko. Komunitateak espazioaren ekoizpenean duen rola eraldatzen bada, handitu egiten da beste errealitate batzuei erantzuteko potentzialtasuna, eta leiho bat zabaltzen da betiko arkitekturaren ereduan. Elkarrekin sortzea ez da bat gehi bat; elkar elikatzen duten bi pentsamenduren gehikuntza hutsetik harago doa, eta horretan dago bere potentzialtasuna.

Hiritik At kooperatiban gure egiteko moduan txertatua dugu herritarren parte hartzea, eta, guretzat praktika arrunta izan arren, arkitektura arruntean ez da gauza ohikoa izaten herritarrak diseinu prozesuaren parte izatea. Oraindik ere, arkitektoak garela eta eguna obra betean pasatzen ez dugula azaltzen ibili behar izaten dugu maiz. Atzo bertan lagun batekin hitz egiten, adibidez.

Parte hartzearen kontzeptua martxan jarri zenetik, urteak aurrera egin ahala, moldatuz joan da kontzeptua bera, eta gero eta presentzia handiagoa hartuz. Hain presente dago; askotan, hitza edukiz hustuta erabili izan baita zentzua bera ere galtzeraino. Baina gure asmoa ez da parte hartzea edukiz hustu eta prozesuak erakusleiho huts bihurtzea; ez dugu elkarrekintza hori bilatzen. Prozesua aberasgarri izateko elkarrekintza gauzatu beharra dago; azken finean, parte hartzea esaten dugunean, herritarrekin elkarrekintzan lanean aritzeaz ari gara, herritarrekin kolaboratzeaz.

Gure ibilbidean, era askotako prozesuak ikusi ditugu. Batzuk hor gelditzen dira, baina beste batzuek, komunitatearen benetako inplikazioa dutenek, beren bidea egiten dute. Horietako adibide bat Zaldibian garatu genuen, Zaldibia Plazara prozesua. Herritarrek plazaren gaia lantzen jarraitzen dute, eta datozen hilabeteetan plazaren eraberritzean pauso berriak eman nahi dituzte denek elkarrekin. Hori gutxi ez, eta kolaborazioa oraindik harago eramatea da asmoa: herritarren, eragileen, erakundeen eta adituen ezagutza partekatuz agente horiek guztiak plazaren bueltan elkarrekintzan jartzea.

 

Horren guztiaren atzean, badago nahi bat arkitektura kolaboratiboa modu puntual batean garatzen den ekintza baino gehiago dela ulertzeko; udalek askotan nahi izanda ere, nora jo ez dute jakiten, ez baitago prozesu horiek era sistematizatu batean egiteko tresnarik. Gauza bera gertatzen zaie herritarrei; erreferentziak falta dituzte, eta arlo akademikoan, berriz, egiazko esperientziak izan nahi, eta irakaslearen motibazioaren araberako aukerak zabaltzen dira soilik. Nola jarri ekintzan elkar elika dezaketen agente guztiok? Eta nola lortu gauza puntual batean ez gelditzea?

Horrelako esperimentu bat egin zuten orain urte batzuk Seguran, plaza eraberritzeko prozesua herritarrek eta orotariko ikasleek elkarrekin landu zutenean. Elkarlanean lekuak sortzen, astebeteko lanaldi trinkoa. Kasu horretan, akademia eta herria batu ziren.

Orain jauzi bat harago ematea da asmoa. Elkarrekintza horretan jarri nahi dira herritarrak, diziplina askotako ikasleak eta arloko profesionalak. Esperimentua izango da lehenengoa, kolaboratzen hasteko lehen aletxoa: aurrera begira parte hartzeko erpin anitzeko esparruei egonkortasuna eta iraunkortasuna ematea. Askotariko gara, (@JunturaK, @DUNAKtaldea, @upvehu, xotilnatke, @udalbiltza, @uniinsbruck…). Batzuek elkar ezagutzen dugu; besteak ezagutzeko bidean gaude, baina elkarrekin erlazionatzeko aukerak urratzea dagokigu, bertan belarra haz ez dadin.

Fusioaren emaitza nolakoa izango den imajinatzea zaila da, baina uda ondoren hori kontatzeko tartea izatea espero dugu. Orain hain modan dagoen esamoldea erabiliko dugu: “Badatoz gauzatxoak, egon adi”, eta batu beldur gabe, ateak zabalik daude-eta gure jakintzak hirien nahiz herrien bueltan fusionatzeko.

Argazkia 1
Argazkia 2

Argazkia 3

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?