Gaur egungo hiri plangintzak oraindik ere 20ko hamarkadako hirigintza modernoaren printzipioak ditu oinarri. 1933an arkitektura modernoko kongresu batean idatzitako manifestuan (Atenasko gutuna), hiri tradizionalaren (hirien erabilera nahasketa ezaugarri duena) eta hiri moderno, arrazional eta funtzionalaren artean aurkakotasuna planteatu zen. Garai hartan, momentuko egoera sozioekonomikoari estu lotuta, hiriaren zonifikazioaren aldeko apustua egin zuten, gizarte modernoaren erabileren eta beharren arabera espazioak honela sailkatuz: bizitzeko espazioak, lanerakoak, aisialdirakoak eta guztia lotzen duten konexioak. Ordutik, hirigintza modernoan planteatzen den zonakatzearen kontzeptuak gaur egungo hiri plangintzaren funtsezko ideia izaten jarraitzen du.
Ia 90 urte pasatuta, eskema bera erreproduzitzen jarraitzen dugu, baina badira, ordutik, hiria funtzioen arabera zonakatzea guztiz zalantzan jarri dutenak ere; tartean, Jane Jacobs kazetari eta ekintzaile soziopolitikoa. Jada, 50 urte pasatu dira, The death and life of great American cities izeneko liburua idatzi zuenetik. Lan horretan, zioen auzo batek askotarikoa eta konplexua izan behar zuela horrek nahastatze soziala ahalbidetuko zukeelako eta seguritate gabezia eta segregazio arazoak ekidin; horretarako, ezinbestekotzat jotzen zuen pertsonen presentzia bermatzeko espazio batek funtzio bat baino gehiago betetzea. Espazio monofuntzionalen kritikaz gain, autoaren supremaziaz eta horrek espazio publikoan eta kalean zuen eraginaren inguruan ere gogoetatu zuen.
Jar dezagun, beraz, begirada zonifikazio horren barnean, eta konta dezagun zenbateko ibilaldia bete behar dugun lanera joateko, liburutegira… Monofuntzionaltasunean diseinatutako hirian, lotarako pentsatutako auzoetan, askotan, ogia bera ere etxepean erostea ez zaigu posible egiten. Horrek mugikortasun behartu batera bideratzen gaitu, besteak beste.
Bilbora jaitsita, azter dezagun Bilbo handia ze martxatan doan. 30 km/ordu jarri berri, minutuak edo orduak, zein izango da hiriaren neurria? Argi dago gaur egungo hiriak autoz, mugitzeko pentsatuak daudela, eta zerbitzuak makroan, zentralizatuta, eta mugatuta. Baina bada paradigma aldatu eta bestelako eredu baten aldeko apustua egin duen hiririk. Paris da adibideetako bat, “ville du quart d’heure”, hori da egun garatzen dabiltzan ideia, 15 minuturen bueltan oinarrizko beharrak asetzea, lana, bizi, aisialdia…
Ideia bat egiteko, dibertsitate funtzionalik ez duen pertsona bat oinez joateko gai da 5 km/h-ko abiaduran. Horrek esan nahi du 15 minutuan 1,25 kilometro egin daitezkeela. Konfinamendu zorrotzean mugatu ziguten erradioa baino pixka bat gehiago. Bizikleta erabiltzen badugu, 3 km baino gehiago egin ditzakegu denbora berean. Asmoa da denbora horretan behar gehienak asetzea, baita lanaren zati handi bat egitea ere.
Hamabost minutu zer dira, bada, oinez; bizikletan azkar batean gaude bertan; autoa martxan jartzeak ere ez du merezi, oinez hamabost minutuan egitekoa den bidea egiteko. Modu horretan, dena gertu izanda, derrigortutako mugikortasunari agur esateko ordua helduko zaigu, dena eskura eta gustura, kalea hartuta, elkarrekin gurutzatuta.
Eskala txikiko antolamendua buruan izatea besterik ez dago, makroa alde batera utzi eta mikroan pentsatu, gure amonek izan dezaten etxe alboan deskantsua hartzeko plazatxoa; eta liburutegira pasieran joatea ahalbidetu diezaiegun gogoko liburu horren bila. Utz diezaiogun lehen mailako beharrak asetzeko ibilbide amaigabeak egiteari: etxetik jaitsi 10 minutu oinez, autobusari itxaron, beste 5, autobusa martxan, semaforoa gorri, beste 5, bidean beste hainbeste, jaitsi gara eta beste 5 minutu liburutegira heltzeko; denbora joan zaigu esperoan, hara eta hona mugitzera behartuak; autoa hartuz gero, joaten baino denbora gehiago beharko dugu aparkatzen. Beste aldean, lanera joateko egunero 40 minutuko joan-etorria, mugimendu behartuaren adibide garbia.
Hazi eta hazi joan gara, gertura asko begiratu gabe, baina bada garaia hiriak gertuko zerbitzuz hornitzeko, biztanleak pertsona gisa ikusteko. Erritmo bizian doa bizitza, eta nahiko zaila da martxari jarraitzea; gertuan gertukoa izanda, errazago izango da uztartzea, batzuek jolastu eta besteek ogia erostea. Gogoeta dezagun bizi baldintzen gainean eta hiriek eskaintzeko duten aukeraren gainean, mugak ipini ordez aukerak zabaldu ditzaten; “ordu laurdeneko hiria” baino, deitu diezaiogun “gertukoa”.