Pandemiaren urte honetan, ez da zalantzarik lehendik zetozen joera globalizatzaileak izugarri azkartu direla. Tokian tokiko baserritar, merkataritza, denda eta enpresa ttipi, kulturgile, profesional, euskara bera… Maiz ahotan hartu arren, gero eta gehiago jotzen da handira: Amazon, Netflix, saltoki handiak, MTV, lekutako elikagaiak, frantsesa, gaztelania, ingelesa… Inongoa ez omen den mundu erraldoi bat tokian tokiko munduen txikitzaile. Eta ezin da esperoan egon joera hori bere gisa joango denik, etorri ere, ez baita ausaz etorri.
Gauzak horrela, ekonomia eraldatzailearen gaineko post sorta honi euskoarekin eman nahi izan diot hasiera. (Izan zitezkeen EHZ festibala edo Euskal Herriko Laborantza Ganbera bera).
Ipar Euskal Herriko tokiko moneta da euskoa, Europako tokiko moneten artean handiena Alemaniako Chiemgauer eta Ingalaterrako Bristol Pound moneten aitzinean. Bildutako azken datuen arabera, 2020ko lehen erdian, milioi bat eta erdi eusko baino gehiago ibili ziren; pandemiaren urtea izanagatik, 2019ko lehen erdian baino %27 gehiago. 2013an sortuz gero, urtez urte joan da hazten; honatx datu batzuk gaur egun duen hedapenaren neurria emateko: 3.800 kide partikular daude alta emanda, 1.000 profesional, 26 herri kide (Aintzila, Ainhoa, Anhauze, Azkaine, Aiherra, Baiona, Bidarrai, Donapaleu, Donibane Garazi, Gabadi, Gamarte, Ezpeleta, Hazparne, Hendaia, Bastida, Lehuntze, Lekorne, Makea, Maule, Milafranga, Izura-Azme, Ozaze-Zühara, Sara, Baigorri, Hiriburu eta Uztaritze) eta Euskal Hirigune Elkargoa bera. Herri horietan guztietan aldaguneak daude, euroa/euskoa trukatzeko, Internetez ere eskuratu ahal dituzu edo eusko numerikoa erabili eusko-kontu baten bidez. Azkenik, sakelako telefonoen sasoi honetan, Euskopay aplikazioa ere bada aukeran.
Euskoa tokiko moneta bat da, eta moneta da proiektuaren sinboloa, baina hori baino anitzez gehiago da. Euskoa erabiltzen denean, Euskal Herriaren iparraldetik bestelako mundu baten eraikuntzaren alde egiten da; trantsizio ekologikoan laguntzen da; euskara, herri laborantza, tokian tokiko ekonomia eta komertzioa bultzatzen dira, eta aldi berean, nolabait, finantza-espekulazioa ttipitzen da. Euskoa bakoitzak hautatzen duen elkartea laguntzeko tresna ere bada. Baina nola funtzionatzen du?
Partikular batek euskoak dituenean, euskoak onartzen dituen saltzaile batengana joan eta euskotan ordaindu ahal du (eusko bat = euro bat). Ondoren, saltzaile horrek bi aterabide ditu: edo euskoak onartzen dituzten hornitzaile batzuei ordaintzeko baliatu, edo eurotan trukatu %5eko gastuak pagatuz. Ondorioz, Euskoaren sareko profesionalen %56k Ipar Euskal Herriko hornitzaile bat hartu dute (gutxienez) beren euskoen erabiltzeko; % 84k, berriz, ez dute sekula eusko bat ere eurotan trukatzeko beharrik izan.
Hala, euskoak loturak sortzen ditu saltzaileen, laborarien, enpresa ttipi eta ertainen eta elkarteen artean, eta horiek ekonomia bat garatzen dute tokian tokikoa eta zirkulu forman. Horrek bidea ematen du Euskal Herriko enpresak eta, beraz, tokiko enplegua indartzeko, baita aldi berean garraio luzeei lotzen zaizkien berotegi efektuko gasen isurketak murrizteko ere.
Bestalde, euskoaren %3aren sistemari esker, 38.674 eusko banatu zaizkie 55 elkarteri 2020an, 2020ko uztailaren 1aren eta 2021ko ekainaren 30aren arteko denboraldirako. Izan ere, partikular bat euskoaren sareko kide bilakatzen delarik, lagundu nahi duen elkartea hautatzen du, eta euskotan trukatuko duen euro kantitatearen %3 jasoko du elkarteak. %3 emate horrek kideari ez dio gasturik ekartzen, eta elkarteari irabazi ederrak ekartzen ahal dizkio. Haietako batzuek urtean 3.000 eusko baino gehiago eskuratu dute beren kideen mobilizazioari esker. Sistema hori finantzatzen da profesionalek, euskoak eurotan trukatzen dituztelarik, ordaintzen duten %5eko komisioaren bidez.
Hori da dena? Bada ez. Moneta eta herri ttipiak elkarrekin ere aritzen dira. Une honetan, eusko eta tinda (Biarnoko tokiko moneta) elkarrekin ari dira Pirinio Atlantikoetako Departamentuak jarri duen bozka bidezko kanpaina batean. Tokiko iniziatibak lehiatzen dira hor, eta boz kopuru handiena ukanen duen proiektuak 50.000 eurorainoko laguntza jaso dezake.
Erabili, izan solidario eta lagundu herri txikiei bizitzen.