Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Euskal Herriko Laborantza Ganbera

2004ko urtearen hastapenean Euskal Herriko Laborarien Batasuna (ELB) sindikatuak bultzaturik aspaldiko aldarrikapen baten erronka egin zioten Frantziako Estatuari: urtebete eman zioten Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganbera “ofizial” bat sor zezan. Estatuak ez zuen erantzun, eta 2005ean sortu zuten Euskal Herriko Laborantza Ganbera.
 
Laborantza modu iraunkorrean garatzea helburu duen elkarte horrek lau lan ildo nagusi jorratzen ditu: etxaldeen transmisioa eta instalazioa, laborantza politikak, balio erantsia eta tokiko garapena. Iker Elosegiren hitzetan, anitz herritan laborari anitz izan daitezen saiatzen dira, eta horrek, ezinbestean, laborari ttipi eta ertainen alde lerratzera eramaten ditu. Izan ere, Europa osoan eta munduan, nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboaren alde egiten ari dira botere ekonomiko handiak, “etxalde handiek desagerrarazten dituzte ttipiak, ez da egia elkarbizitza bat izan daitekeenik”; salmenta nolako, ekoizpena halako: lehen sektoreko ustiapena saltoki erraldoien baldintzen mende bideratzen da.
 
Euskal Herriko Laborantza Ganbera, legez, 1901 legedian oinarritzen den laborantza-garapenerako elkartea da. Frantziako Estatuak, hala ere, sekulako indarrak eman ditu Euskal Herriko Laborantza Ganbera suntsitzeko, behin eta berriz auzipetuz; Elosegiren hitzetan, Frantziako Estatuan oso gutxitan gertatu den zerbait. Euskal Herriko Laborantza Ganberak 2009an irabazi zuen lehen auzia, eta 2010ean berriz ere. Auzi guziak irabazirik, gaur egun estatuarekin harreman normalizatuak ditu elkarteak. Departamenduko Laborantza Ganbera ofizialarekin (Pauen dagoenarekin) ez ditu harreman biziki onak, EHLG onartu edo jasan gabe jarraitzen baitute. Gaur egun, soldatapeko 20 langile militante gogotsu ari dira EHLGn lanean, eta milioi bat euroko aurrekontua erabiltzen dute. Nola heldu dira egoera honetara?
 
Bide luzea izan da ELB sindikatua 1982ko urrian sortu zenetik hona. Sasoi hartan, hainbat laborarik bultzatu zuten Euskal Herriko Laborarien Batasuna, ez baitzeuden ados Frantzian nagusi den laborari sindikatuarekin, FDSEArekin; izan ere, Ipar Euskal Herriko laborantzaren berezitasunak erabat estalita gelditzen ziren. Hala, laborari xumeen defentsa eraginkorragoa egin nahian, laborantza ereduaren debatea zuten mahai gainean ezarri: laborantza intentsibo eta industrial baterantz joan ala jendeak eta ingurumena errespetatzen dituen eredu baterantz. Hego Euskal Herritik kontrakoa irudi lezakeen arren, ez dute beren burua sindikatu “abertzale” gisa definitzen. Sortuz geroztik, inurri lan militantea eginez, ELBren ordezkaritza handituz joan da, gaur egun gehiengoa delarik, eta Euskal Herriko Laborantza Ganbera, berriz, oso proiektu onartua eta babestua da Ipar Euskal Herrian.
 
Daukaten babesa, gainera, ez da soilik laborarien atxikimenduagatik, izan ere, Ipar Euskal Herrian, %7 baizik ez baitira laborariak; hala, gainerako %93arekin saiatzen dira nolako janaria nahi duten partekatzen, nola ekoitzia izan den eta abar. Beharbada, LURRAMA azoka da erakusgarririk ezagunena, udazkenean, Miarritzen, hiru egunez milaka jende biltzen delarik. Baina, sakonagoa izan da laborari horiek emeki-emeki egin duten lana; gehienetan prentsaren oihartzunik gabe, aliantza bat lortu dute jende kontsumitzailearekin, ekologistekin, langile sindikatuekin eta baserri munduko ekonomistekin.
 
Adibidez, ezagunak dira Irulegiko arnoa, Ezpeletako piperrak eta Ossau-Irati gasna, eta, hori ez ezik, Ipar Euskal Herria bezalako eremu ttipian, sor-marka eta tokiko arraza eta landare aniztasunaren aldeko elkarte pila bat dago Euskal Herriko Laborantza Ganberak bultzatu edo lagundurik: Sasiko (sasi artalde elkartea), Iparraldeko Behi Pirenaika, Xapata elkartea (Itsasuko gereziaren ekoizpena garatu eta tokiko gerezi motak begiratzeko xedearekin), Kriaxera ahatea, Euskal Herriko Erle Beltza… Laborantza Ganberaren irudiko, tokikoa zaintzeak balio erantsia ematen dio produktuari.
 
Horiez gain, laborariei lan praktiko ugaritan laguntzen diete: mendiak kudeatzeko aholkularitzan, gazteak etxaldeetan instalatzeko laguntzetan… Transmisioa ere lantzen dute; adibidez, etxalde batek segidarik ez badu, lan egiten dute utziko duen pertsonarekin nola nahiko lukeen segitzea, transmisio hori gerta dadin, eta bideratzen dute. Laguntza juridikoa eta teknikoa ere ematen dute etxaldeen gaineko galderei erantzuteko, izan abere eta landareen hazkunderako edo produktuen merkaturatzeko eta izan gauza konplexuagoetarako, hala nola haragi behien sistema intentsibo batetik trantsizioa egiteko eta barruki bat eraikitzeko.
 
Urteko miloi bat euroko aurrekontua dutela esan dugu arestian: heren bat fakturaziotik datorkie, beste heren bat instituzio publikoen bidez zenbait proiekturen finantzatzeko eta beste herena jendearen laguntzak, izan donazioak (gero zergetatik kendu ahal dituztenak), izan beste hainbat aktibitate, EHZ festibalean zikiroa, kasu.
 
Ipar Euskal Herrian dituzten harremanez gain, Hego Euskal Herrian hainbat eragilerekin ere badituzte: laborantza inguruko egiturak, instituzioak (Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin esperientzia trukatzeko hitzarmenak…). ELArekin harreman berezi bat ere badute, honena baita Ainhize Monjolosen erabiltzen duten egoitza.
ELB sindikatuak, bestalde, lotura estuak ditu Confederation Paysannerekin, eta horren bidez Via Campesina Europako Nekazarien Koordinakundean esku hartzen du. Maiz, beste lurralde batzuetako laborari batzuen bisitak izaten dituzte, gehienbat Frantziakoak, baina izan dira Andaluziatik joandakoak ere.
 
Laborari hauek jorratu duten lan egiteko moldeak, lehen sektorean eta tokiko ekonomian eragiteaz gain, ekarri du ondorenik Ipar Euskal Herrian: abertzaleak direnak eta ez direnak elkartu izan dira, izan kulturan ‒EHZ festibalean edo Baionarako Unibertsitate Propioaren aldarrikapenean‒, izan politikan ‒BATERA plataforman, Euskal Hirigune Elkargoaren sorkuntzan edo Bakearen Artisauak mugimenduan‒. Bada hor eragiteko estilo bat, herrikoia, begirada luzekoa eta eraginkorra.
 
 
 
Argazkia
 

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?