L’eurock des peuples contre la world company!
Globalizazio sasoian, non world company-en mainstream produktu erraldoi eta aurrez kozinatuak sartzen zaizkigun supermerkatu, telebista, Youtube, Tik-tok edo irrati-telebista kate estatu-nazio mailakoen bidez, posible ote da herri ttipiz osatutako lurralde ahantzi batean, Iparraldeko far barnealdean, musika festibal ttipi-handi bat egitea, helburu gisa herri ttipi eta gazteriaren aktibazioa duena, nola agertokia eta backstage-a, hala pertsonen arteko giroa, elikagaiak eta ingurunea zaintzen dituena?
Bada, aurten, lehen aldia egin zutenetik 25 urte beteko dira, Europako festibalik zaharrenetakoa dagoeneko, pandemiak loturik bai baina ez hilik: EHZ!
Zer esan dezakegu euskal kulturaz, musikaz, antzerkiaz? Ze transmisio bide dituzte egunerokoan? Nola helarazten ahal dira nerabe eta gazteen begi-belarrietara? Bizi daiteke euskara euskal kulturarik gabe, sorkuntzarik gabe, bizi daiteke sorkuntza hartzailerik gabe? Ze bidetatik komunikatu gaitezke?
Zer esan, oro har, Iparraldearen barnealdeaz, bertan lan eta bizi nahi duten laborari, artisau, artzain, dendari, langile, sortzaileez? Parisen zain gelditzea al da konponbidea? MTVren arrakasta bat? Carrefour laborantza estentsibora emanda?
Halakoxe gogoetak egin zituzten 1992an sortutako Piztu elkarteko kideek, 1996an Baxenabarreko Arrosa herrian egin zuten lehen aldian. (Antzeko gogoetak ekarri ditugu blog honetan bertan, Euskal Herriko Laborantza Ganberaz edo Eusko tokiko txanponaren sorkuntzaz). Herritar antolatuak herriaren alde, herritarren aniztasuna aintzat harturik, baina “feminismorantz, antikapitalismorantz, ekologiarantz, sexu askatasunerantz, justizia sozialerantz, internazionalismorantz, aniztasun kulturalerantz eta bazterkerien aurkakotasunerantz” ekartzeko asmoz.
1996az gero, zortzi urtez Arrosako Sohatian egon ondoren, Idauze-Mendiko Mendikotan egin zuten festibala bost urtez. Ondoren, Heletan arnasberritu eta Lekornen egonkortu zen. 2017 eta 2018 artean, EHZ barne gogoeta fase batean murgildu zen, 2018ko trantsizio urtean, EHZ Nomada gauzatu zen, festibala hiru egunez, hiru herritara zabalduz: Baigorrira, Baionara eta Itsasura. 2019an, gazte belaunaldi berri batek heldu zion lekukoari, eta Irisarrin egin zuten. COVID dela eta, Frantziako Estatuak ezarritako neurriek ezinezko egiten dute egun EHZ egitea, baina txitxarrak bezala ernatuko da, lurpean bi urte igaro eta gero.
Musika du ardatz nagusi, eta musikari erreparatuz gero, lehenik eta bereziki, euskal eszena zaindu duen festibal bat da, estilo eta belaunaldi askotako euskal musikariak programatu dituena, euskal handiak eta ez hain handiak: Oskorri, Niko Etxart, Kashbad, Su Ta Gar, Amaren Alabak, Berri Txarrak, Anari, Aire Ahizpak, Anestesia, Gozategi, Ken Zazpi, Fermin Muguruza, Willis Drumond, Niña Coyote & Chico Tornado, Petti, Pier Paul Berzaitz, Joseba Lenoir Gang, 2zio… Zerrenda luze-luzea (barka denak ez sartzea). Beste herri anitzetako musikari ugarik ere hornitu du EHZko programa: Tiken Jah Fakoly, Public Enemy, Emir Kusturica, Lluis Llach, Alpha Blondy, Goran Bregovic, Bigflo & Oli, Crystal Fighters, Gojira, Keny Arkana, Manu Chao, Hamlet, Obrint Pas, Zebda, Def Con Dos…
Kultur arloan, musikaz gain, badira tailerrak, hitzaldiak, antzerkia eta beste hainbat ikusgarri.
Bestalde, makrofestibalen aldean, EHZk badu ingurunearen aldeko errespetuan jarduteko engaiamendu irmo bat; errate batera: plastikoaren erabilpena murriztea ahalbidetu duten baso berrerabilgarriak, produktu kimikorik gabeko komun idorrak, garraio kutsadura saihesteko KM Zeroko ekoizpenak eta birziklapen neurriak. Brigada Berdea arduratzen da zainketa horretaz. Elikadurari dagokionez, eskualdeko eta Euskal Herriko ekoizleen ekoizpenak dira festibaleko gehien-gehienak. Eskualdeko garapenarekiko eta garraiotik eratorritako kutsadura emisioak murrizteko konpromisoa du festibalak, eta, ahal den heinean, ekoizpenak baserri biologikoetakoak izatea lehenesten da.
EHZ emakumeen, aniztasunaren eta sexu-askapen eskubideen babesgune izan dadin ere ahalegintzen dira, eraso sexista, lesbofobo, homofobo, arrazista edo dena delakorik ez onartuz: gogoz kontrako ukitzeak, irainak, bazterkeriak eta bestelako jarrera desegokiak irmotasunez gaitzesten dira, eta jarrera horiek dituztenak festibaletik kanporatuak dira. Festibalean bada Brigada Ubela, gai horien inguruko sentsibilizazio eta zainketa lana egiten duena jaialdi osoan.
Probatu ez duenak ez daki zer den hau! Eta probatu dugunok noiz errepikatu irrikan gaude.
Anitz urtez, EHZ!
Argazkia