Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Etxe kolaboratiboak: komunitatea bizimodu gisa

Indibidualismoa sustatzen duen gizarte batean bizi gara, eta bizitzaren alderdi guztiak lehiakortasunaren ikuspegitik ulertzen ditugu. Garrantzitsuenarentzako saria eskolan banatzen hasten da, eta etengabe errepikatzen da eredu hori. Onena izateak aurrera eginaraziko dizu, eta, hori lortzeko, ez dio axola zer eta nor uzten dituzun atzean; interes pertsonala kolektiboarenaren aurretik jarriko duzu.
 
Etxebizitzaz ari bagara gauza bera gertatzen da. Etxea oso leku garrantzitsua da gutako bakoitzarentzat, gure bizitzaren zati handi baten agertokia baita. Denok ezagutzen dugun etxebizitza tradizionalaren kontzeptuak ia ez die lekurik uzten lankidetza dinamikei, eta gero eta gehiago bakartzen gaitu gure ingurune hurbilenetik, batez ere hiriguneetan, non batzuetan ez baita bizilagunen arteko komunikaziorik txikiena ere izaten. Gure bizitzak atez barrutik egiten ditugu, eta gainerakoaz ahazten gara.
 
Gaur egun, gero eta jende gehiagok erabakitzen du eskema hori haustea eta kolektibitateak eta lankidetzak leku nabarmena duten bizitzaren alde egitea; nahiz eta oraindik oso txikia izan, interes handia piztu du gizarteko zenbait sektoretan, adibidez eta bereziki, adinekoengan.
 
Segur aski, gutako askok norbait etxe kolaboratiboez hitz egiten entzungo bagenu, bizimodua eta etxebizitza antolatzeko modu guztiz berritzaile batez ari dela pentsatuko genuke. Baina errealitatetik urrun samar dago hori, etxebizitza kolaboratiboak, gure inguruan oraindik ezarpen txikia badu ere, 60ko hamarkadan ditu sustraiak Europako iparraldeko herrialdeetan, non gaur egun, aukera hori nahiko ohikoa den, eta, Suedia adibidez, horren adierazle nagusi dugu, biztanleen %35ek etxebizitza tradizionala alde batera utzi eta alternatiba horren aldeko apustua egiten baitu.
 
Etxe kolaboratiboaren helburua da komunitatearen kontzeptuari zentzu berria ematea, parte hartzeko prozesuen bidez eta espazio partekatu gehiago eta pribatu gutxiago erabiliz. Horrelako etxeek komunitate-bizitza sustatzen dute, baita bizilagunen elkartasuna eta elkarri laguntzea ere, espazio eta zerbitzu komunen autogestio parte-hartzaile eta kooperatiboaren bidez. Hala nola jantokia, garbitzeko espazioa, terraza, liburutegia, baratzea eta beste espazio komun batzuk; espazio pribatuak bere horretan utzita, hauek independenteak eta behar guztiez beteak baitira. Ekonomia sozial, zirkular eta solidarioaren eredua sartzen dira etxe hauek, eta eraikitzeko orduan iraunkortasuna eta osasuna dira ardatzetako bi.
 
Antolamendu formula horren beste ezaugarri azpimarragarrienetako bat lagapenaren erregimena da; hau da, higiezinaren jabetza kolektiboa da, eta hura kooperatibaren esku dago. Kooperatibak bazkideei alokairuaren truke uzten die etxea erabiltzea. Elkartasuna eta talde kohesioa balioan jartzeko eratzen dira erabileraren lagatzen duten kooperatibak, eraikinaren arkitektura baino garrantzitsuagoa da hori. Bizilagunak erabiltzaileak dira, eta ez etxe jabeak, jabetza kolektiboa baita. Horrek, praktikan, edozein espekulazio praktika saihesten du, eta helburua soilik da sarbidea eta erabilera. Etxea erabiltzeko eskubidea besterendu egin daiteke, edo/eta oinordetzan jaso, eta bazkideek era mugagabean erabiltzeko eskubidea dute, merkatuko balioa baino alokairu txikiagoarekin beti.
 
Geltokin, zorionez, Nafarroako, EAEko eta Errioxako etxe kolaboratiboen ekimen sarearen esperientziez gozatu ahal izan dugu, eta lana partekatu. Sare horrek, 2019ko ekainaz geroztik, tokian tokiko hainbat etxe kooperatibo biltzen ditu, eta partaidetzaren eta erabilera lagatzearen aldeko apustua egiten dute, espekulaziorik gabeko ikuspegi batetik, estrategiak partekatzeko, elkarren artean koordinatzeko, loturak ezartzen saiatzeko, funtzionamendua hobetzeko eta administrazioan, komunikabideetan eta gizartean orokorrean ikusgarritasuna lortzeko.
 
Gainera, zenbait balioren alde egiten dute: pertsona gisa autonomia handiagoa izatea, elkarrekin bizitzeko moduen autogestioa, ekonomia sozial, solidario eta eraldatzailea eta komunitate iraunkor, feminista eta aniztasunekiko arreta duen erkidegoa. Sare hau ondorengo esperientzia hauek osatzen dute: Arterra Bizimodu (Ekoalde intergenerazionala Artiedan, Nafarroan), Etxekonak (etxe kolaboratibo seniorra, Iruñea), Etxekide (etxeko kolaboratibo seniorra, Iruñea), Heldu (LGTBIQ+ intergenerazionala, Iruñea), Bizikabi (intergenerazionala, Iruñea), Karakola (intergenerazionala, Iruñea), La Vereda (landetxe kolaboratiboa Medranon, Errioxa), Abaraska (Donostia), Ametxe kooperatiba (Gordexola), Elkarbidean (Donosti) eta Bizikonpon (Gazteiz).
 
Etxebizitza ulertzeko modu berri horren lehen haziak erein dituzten aktoreetako batzuk dira horiek. Azken batean, gure gizarte izaeraren funtsezko zati bati zentzua eman nahi dio; giza espezie gisa, indibidualismoa alboratu, eta lankidetza eta giza harreman osasuntsuak, errespetua, koordinazioa, elkartzea eta elkarrekiko laguntza balioetsi.
 
 
 
Argazkia
 

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?