Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Etorkizuna guduzelai

Irudika dezakeguna izango gara. Ez dezagun ahaztu, irudiaren aroan bizi garela. Eta bihar izan gaitezkeen hori, azken urteetan, munduaren gure ikuskera eraikitzeko komunikazio espazioen lanabes bihurtu dela. Etorkizuna dute langintza, eta hori bera bihurtu da orainaldiaren baldintza. Etengabe ari gara ikusten gure pantailetan nolakoa izango den munduaren amaiera. Nola bukatuko den gizaki malapartatuok sortu dugun desastrea. Eta, distopiaren kolorea aldatu badezakegu ere, sakonean ideia bera dago guztietan: etorkizunik ez duen belaunaldia gara, eta etorkizunik ez duenak alperrik begiratuko dio iraganari, bere egiteko bakarra orainaldian etorriko den horretatik ihesi bizitzea baita.

Azken batean, etorkizuneko subjektu baino gehiago etorkizunaren objektu bihurtu gaituzte. Ezin dugu bihar izango garena erabaki. Antza denez, baten batzuek gure ordez idatzi dutelako etorkizuneko gidoia, eta gu gidoi horren antzezle soilak gara. Etorkizuna lapurtu nahian dabiltza, eta, beraz, esango nuke orain dagoen borroka garrantzitsuenetako bat zera dela, bestelako etorkizunak (etorkizun bizigarriak) posible direla irudikatzea. Baina hori ez da soilik pantailen bidez egiten. Izan ere, komunikazio bulegoetatik bezainbeste eraikitzen baititugu kontakizunak eguneroko bizipenetatik. Horregatik, funtsezkoa da bestelako egunerokotasunak sortzea. Egunerokotasun bizigarriak, demokratikoak, kooperatiboak. Bestelako gizarte bat ez baita egun batetik bestera sortzen. Gure hezurren muinetaraino sartuta dugun antropologia neoliberalak baldintzatzen gaitu egunerokoan. Eta mundu ikuskera eguneroko bizipen horiekin elikatzen dugu.

Ez da gauza berria munduan bizitzeko eta erlazionatzeko modu berriak behar ditugula. Etekin ekonomikotik harago ingurunearen eta inguratzen gaituztenen ongizatea erdigunean jarriko duen gizarte eredua behar dugula aipatzea berriz ere bandera bera altxatzea da. Baina banderetatik harago, logika horiek gure egunerokoaren ibilian irudikatzeko gai izan behar dugu. Osasungintza publikoa ez al da ba nahi dugun etorkizun horren ernamuin bat? Kooperatibetako batzarrak eta organo demokratikoak ez al dira bestelako etorkizun baten printza? Sarri egin egiten dugu. Baina egiten dugun hori kontakizun zabalagoetan kokatzea eta ulertaraztea kostatzen zaigu.

Lagun batek aipatu ohi zuen gisan, ba omen ziren bi langile elkarren ondoan tren baten torlojuak lotzen lan egiten zutenak. Bati galdetuta ea zertan egiten zuen lan erantzuten omen zuen mugikortasunerako estrategikoa eta iraunkorragoa izango zen eredu bat eraikitzen egiten zuela lan. Besteak, ordea, galdera berari honela erantzuten zion: nik torlojuak lotzen ditut. Biek gauza bera egiten zuten praktikan, baina egiten zuten horren dimentsioa eta kontakizuna ezberdin plazaratzen zuten.

Hori bera dugu laugarren eta azken lanabesa. Ikusaraztea, komunikatzea, kontakizun berriak sortzea eta lapurtu nahi diguten etorkizunaren ideia kolektiboki berreskuratzea. Etorkizuna ez baitute gutxi batzuek guregatik erabakiko. Gu geu izan gaitezke gure etorkizunaren jabe eta protagonista. Horregatik, has gaitezen bihar izango garena gaurdanik ahal den neurrian izaten.

 

Argazkia

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?