Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Eskuz eginiko ibilbidea

Ibilbide batek beti ditu hasiera bat eta helmuga bat. Ustekabean topatutako bidea izan liteke, inongo mapatan marraztu gabea. Azaleko arazoak direla eta, 2016an eman zituen Izpiliku Kosmetikak lehen pausoak, Orendainen (Gipuzkoa), orduan gaur egungo Izpiliku marka sortzeko asmorik ez bazen ere. Aitona-amonek baratzea zuten bizibide. Begirada atzera botata, izpilikua, erromeroa eta hilerri-lilia beti egon dira bertan. Horien propietateak ezagutzea izan da gaur egungo xaboi eta xanpuak ekoitzi izanaren abiapuntua. Asko irakurri eta probatu behar da, ondoen funtzionatzen duten olio nahasketak eta xaboi formulak lortzeko. 

Hasieran ekoitzitako xaboi eta xanpu solidoak eta oraingoak ez dira berdinak, mimo guztiz prestatuak baziren ere, egindako kantitate eta errezetak hobetu egin dira. Prozesu osoa etxean hasi eta etxean amaitzen da. Eta hori bai mantendu dela lehen egunetik. Berezitasun bezala, biodegradagarriak dira, eta plastikorik gabeak, ingurunerako iraunkorrak.

Izpiliku Kosmetikaren atzean, Amaia Garmendia eta Naiara Lizarribar ama-alabak daude. Esan bezala, enpresa sortzeko helburua ez bazegoen ere, behar pertsonalak direla eta, inguruko kontsumoan zegoen premia bat asebetetzeko xaboi eta xanpu solidoak saltzen hasi ziren. Gertuan, herritarren artean bereziki. Ikusirik, interesa handitzen zihoala, produkzio kantitate eta xaboi mota gehiago sortzen joan ziren orendaindarrak. Kolore eta usain anitzekoak. Sare-sozialak lagungarri izan dira produktua merkaturatzeko prozesu horretan. Esan behar da bisualki erakargarria dela sortzen dutena. Baina nabarmentzekoa da produktuaren propietate eta erabilerari eman behar zaiola garrantzia, azalerako garbigarri den aldetik. 

Gaur egun, bederatzi xaboi mota eta zazpi xanpu solido ekoizten dira, azal mota bakoitzera egokituak. Naturalak izanik, larruazala zein burua zaintzen dituzte; hala eta guztiz ere, oinarri berdina badute ere, propietate desberdinak izanik, norberaren gorputzerako egokiena zein den probatzea da onena.

Bidean froga ugari egin behar izan dira, orain garbigarriek duten testura eta aparra lortzeko. Nahiz eta beste xaboi mota batzuk ere prestatzea gustatu, azpimarratu behar da errezeta definitzeko hainbat saiakera egin behar direla. Gainera, guztiek ez dute merkatuan harrera bera izaten. Xaboiak solidotzeko denbora behar du, berrogei egun. Iraungitze data luzea du, ondo irauten duen produktua da. Hala ere, kantitate eta lehortze-denborak eta merkatuan duen salmenta kantitateak ekoizpena xaboi jakin batzuetara mugatu dute.

Eskuekin sortutako xaboia, bereziki, eskuko azaleko arazoen sendagarri izan da. Eta orain eskuz esku zabaltzea da helburua, inguruan ere aukera egon dadin Orendaingo Izpiliku Kosmetikaren izenpean modu natural eta iraunkorrean larruazala zaindu eta garbitzeko.

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?