Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Errigora: euskarari lagunduz lehen sektoreko ekoizleak indartu

Euskal Herrian zehar aski ezaguna da Errigora, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari eta lehen sektoreari laguntzeko ekimena. Milaka lagun saretu dira. Baina nola sortu zen, nola hedatu?
 
2012an, Zazpiak Bat harreman sareak egindako esperientzia baten ondotik, Tuterako Argia ikastola ekonomikoki laguntzeko saski batzuk osatu ziren Nafarroaren hegoaldeko produktuekin. Lehenengo kanpaina hartan, 1.400 saski banatu ziren EH osoan eta 34.000 euroko elkartasun ekonomikoa bideratu zitzaion Tuterako ikastolari.
 
Emaitza ikusirik, bi ildo horietan sakondu zuten: batetik, elikadura burujabetza gogoan, ekoizle gehiagorekin harremanetan hasi ziren; bestetik, euskarari bultzada berriak eman nahian, hitzarmena egin zuten AEKrekin, ikastolekin eta Sortzen-ekin. Horrela, Nafarroako hegoaldetik gainerako euskal herrietara jauzi egiteko oinarria ezarri zuten; euskara ofiziala ez den alderdi horretako elikagaien bidez, euskarari lagunduz, eta euskararen bidez lehen sektoreko ekoizleei lagunduz: Erribera, herri gara: ekimenak Errigora izena hartu zuen.
 
Lehen hitzarmen horren eragileei berehala batu zitzaizkien Euskal Herriko euskaltegi, eskola, ikastetxe eta ikastola, baina baita euskara elkarte, kirol etxe, lantegi, udaletxe, auzo elkarte eta abar ere. Gaur egun, herri mugimenduko eragile askok eta askok parte hartzen dute ekimenean; Euskal Herriko 200 bat herritara iristen dira, eta kanpainetan 700 gune baino gehiago daude sustatzen.
 
Ibai Sueskun Errigorako kidearen arabera, hasieratik argi eta garbi ikusi zuten ekimen nazionala behar zuela izan, periferiak erdigunera ekarriz, zazpi lurraldetara iritsiz. Auzolana izan dute eta dute lanabes nagusia, eta josi duten sarea “ahalik eta zabalena eta ugariena izatea nahi dugu, bakoitza bere arrazoiarengatik baina guztiok norabide berean. Beraz, auzo eta herriekin harreman zuzena eginez, sarekideekin han eta hemen hitzorduak jarriz, horretan dago oinarria. Egunetik egunera gero eta zabalagoa den komunitate batek ematen dio gorputza ekimenari; ilusioz eta anbizioz ari gara herritar, nekazari, ekoizle, euskaltzale eta kontsumitzaile sare aniztun bat osatuz. Gure txikitasunetik elkarlan handi bat gauzatu nahi dugu Nafarroak Euskal Herria behar duelako eta Euskal Herriak Nafarroa”.
 
 

Ekoizleen baldintzak

 
Lehen saski-banaketa hartan bi ekoizlerekin moldatu ziren; gaur egun, berriz, 25 ekoizle daude proiektuan murgilduta. Errigoran parte hartzen duten ekoizleek baldintza batzuk betetzen dituzte bai euskararen aldetik eta bai elikadura burujabetzaren aldetik. Era berean, zona no vascofona esaten dioten eskualdeko ekoizleek hartzen dute parte ekimenean. Produktuak bertakoa izan behar du, eta bertan ekoitzia. Euskarari dagokionez, erabiltzen den etiketak eta webguneak euskaraz egon behar dute.
 
 

Euskalgintzan… zertan?

 
Udazkenero, “Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka” kanpainaren bidez egin dugu, eta horrekin, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari leiho edo bozgorailu bat eskaintzeaz gainera, laguntza ekonomiko esanguratsua sortu dute. Diru horrekin, Tuterako, Lodosako eta Vianako ikastolen larritasun ekonomikoa arindu da; Erriberako AEK-k beka sistema bat ezarri du, eta eskola publikoetan D ereduko lerroak bultzatzeko kanpainak gauzatu dira. Elkarlan horretan aritzeak gogoeta eta intuizioak konpartitzeko aukera ere ekarri die; “Agerraldia”, esaterako, hortik dator: “Eremu hain zabalean euskaltzaleak deskonektatuta ari gara; Errigora bezalako kanpainak iraunkor bihurtu beharra dago, eta horretarako elkarlana biderkatzea komeni da”.
Bide praktikoa zabaldu nahi dute: “argia, eragilea, bultzatzailea, Agerreko euskaldunak eta euskaltzaleak, norbanakoak nahiz eragileak, protagonista bihurturik. Eremu horretan guztian euskararen agerbideak ugaldu eta euskarari, oro har, bultzada handi bat eman nahi diogu. Atzo egindakoaren eta gaur egiten ari denaren osagarri eta indargarri izan nahi dugu. Hiru moldetan agertuko zaigu Agerraldia: lehenik, euskara ezagutzeko aukerak lagundu eta handitzeko ahaleginean; bigarrenik, euskara erabiltzeko espazioak sortu eta egonkortzeko ekimenean; hirugarrenik, euskararen aldeko jarrerak indartu eta suspertzeko ekinean. Eremu guztiak zeharkatuko dituzten bideak ibili nahi ditugu: dela kulturaren alorra, eta dela aisialdia, kirola, lan-eremua, hedabideena, irakaskuntza, sare sozialak”.
 
 

Pandemia muga

 

Azkeneko kanpaina nahiz eta kalean ezin egon bikain atera dela aitortu du Sueskunek: “Ez dugu ahaztu behar Errigoraren lanabesa auzolana dela eta auzolanaren adierazpen ezberdinak ezin izan direla egin. Dena den, Errigorako sarekideek bestelako bideak eta harremantzeko erak garatu dituzte kanpainari bultzada emateko. Eta emaitza zein izan da? Inoizko kanpainarik handiena egin dugula”.
 

Tamalez, Agerraldian, bai izan du eragin kaltegarria; izan ere, jarduera anitzek bertan behera geratu behar izan dute; hala ere: “Sekulako gogoekin gaude Agerraldiari bidea emateko. Aurten erabaki bat hartu dugu, eta, egoera dena delakoa izanda ere, aurrera jarraituko dugu antolaturiko jarduerekin, ahal den heinean betiere”.
 
 

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?