COVID-19ak eragindako murrizketa, etxeratze, atomizazio eta abarrak direla eta, lehendik zetozen hainbat joera areagotu dira, telelana, Internet bidezko erosketak, harpidetzapeko zine-plataformak… Gora eta gora ari den zerbitzu-lanetako bat etxez etxeko banaketarena izan da. Garai batean ia pizza bat ekartzeko soilik deitu ohi genion langile motordun bati etxera. Gaur, komuneko papera ere ekarriko ligukete, larrialdi handia izanez gero. Etxera langile txiki prekario bat agertu arren, enpresa handi-handiak izaten dira horren atzean; eta, bitartean, auzoko denda, jatetxe eta negozio txikiak ‒politikari eta auzokideok maiz aupada hitzez ahora ekarri arren‒ sekulako estutasunean daude ‒pertsiana azken aldiz jaisten ere haietako asko‒, errepide eta kaleetan Amazon, Glovo, Deliveroo eta gainerako handikien motor, furgoneta eta kamioiei begira.
Bada, ordea, estutasuna beharrean, bestelako modurik eskaintzen duenik. Gasteizen martxoko lehen itxialdia hasi aurretixe, bizikletazaleak izan eta holako banaketa lanetan ibilitako hiru lagun elkartu, eta panorama horri nola heldu planifikatzeari ekin zioten. Sei hilabete pasatu direnean, Eraman kooperatiban ari dira lanean, eta, Gasteizen ez ezik, Gipuzkoan barrena eta Bilbon ere sartzen hasiak dira. Nola?
Batetik, banatzaileen lan-baldintzak hobetzea zuten helburu. Eraman-en sortzailetako bat den Paul Ianok Hala Bedin eman zuen elkarrizketa batean azaldu zuen berak nola eman zituen Glovon hiru hilabete sator lanean 2019an; hango esperientziak Argia-n ere kontatu zituen. Haren kalkuluen arabera, Glovon orduan aritzen ziren langile “autonomoek” 5,20 euro irabazten zuten orduko, Espainiako Estatuan ezarrita dagoen gutxieneko soldataren azpitik. Hala ere, lan-baldintzak are okerragotu ziren; izan ere, 2019an Glovo hazkunde betean ari zen Gasteizen eta bazterrotan, eta handik gutxira diru-saria erdira jaitsi zuten. Jakina, autonomo faltsua izateak zekarren gainerako esplotazioez gain: oporrik ez, istripua izanez gero diru sarrerarik ez, asteburuetan hobeto ordaindutako lan bat egiteko “aukera”… Zorionez, udaberrian, “autonomo faltsuen” egoera zela eta, Madrilen izandako epaiketan, epaileek Gizarte Segurantzari arrazoia eman eta enpresei langileak era horretan “kontratatzea” debekatu zieten (albistea Berria-n). Ikusteko dago nola egingo dioten aurre egoera berriari.
Bitartean, Eraman-en, lan-kargak eraginda, hasierako hiru bazkideez gain, beste langile batzuk ere hasi dira lanean, eta formula ezberdinak aztertzen ari dira bazkide eta ez-bazkide aukerak emateko; edonola ere argi dute era asanblearioan funtzionatu nahi dutela, goitik beherako hierarkiarik gabe. Goizez Berria eta Argia banatzen dituzte; eguerdian paketeria; ondoren, hogeitik gora jatetxe, taberna eta janari dendekin duten akordioen bidez jatorduak eta abar; eta orain asmoa dute negozio eta denda txikien logistikaz arduratzea, betiere bizikleta garraiobide harturik. Uste baino zama handiagoa eraman ahal dute; izan ere, zama-bizikleta bereziak erabiltzen dituzte, aurrean duten otarrean 120 kilo ere sartu ahal dira.
Hazkunde honen zergatia askotarikoa da. Batetik, bezeroek estimatzen dute kooperatiba honen izaera: iraunkortasuna, ekologismoa, langileen lan-baldintzak, etika… Bestetik, jatetxe eta negozio txiki horientzat oso lagungarria da Eraman, banaketan duten esperientzia eta espezializazioagatik, eta zerbitzua enpresa handiek baino merkeago eskaintzen dutelako.
Txikien arteko elkarlan horren bidez, nolabait gelditu nahi dute azken hamarkadetan handiek txikiak jateko joera. Paul Iano bazkidea estatubatuarra da, Hala Bediko solasaldian kontatzen du bere txikitako Seattle hartan familia jatetxe ugari ezagutu zituela, gustukoak zituen, baina, gaur egun, hara joanez gero, frankiziak besterik ez omen dago familia negozio haien lekuan.
Tristan, Paul eta Juanek euren burua bizikletaren frikitzat dute, baina sei hilabetean zenbat hazi diren ikusita, argi dago inguruko hainbat enpresa, taberna, jatetxe, denda eta hedabiderentzat lagungarri eta erabilgarri suertatu direla. Orain ikusi egin behar, gu, “kontsumitzaileok”, zer eskatzen dugun etxera ekartzeko, baina batez ere, nondik eta nola. Aitzakia gutxi!