Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Elkartu, elkarrekin sortzeko

Bat gehi bat beti ez dira bi. Badira elkartzeko bestelako moduak ere, batzuetan matematikaren arrazionaltasunak nekez azaldu ditzakeenak. Artikulu honetan, horiek xehatzen ahaleginduko naiz. Izan ere, funtsezko auzia dela uste baitut mugimendu eraldatzaileak sortu eta indartzeko bidean. Funtsezkoa da subjektu autoeratu eta autonomoen harremanak definitzea harreman horiek izan dezaketen potentziala garatuko badugu. Ez da gauza bera sare moduan elkartzea edo autonomia maila bat lagatzen duzun bigarren mailako egitura bat sortzea.

Sarean, subjektu bakoitza bere autonomiari atxikitzen zaio, eta printzipio jakin batzuk gordetzen ditu. Batzuetan, ekimen kolektiboak martxan jarri ohi dituzte balio partekatu horiek sustatzeko. Sarearen logikak, gainera, baditu oso interesgarriak diren bestelako balioak ere. Bakoitza bere eremutik subjektu eraldatzaile bihur baitaiteke, bakoitza bere eremuan eragile, eta esango nuke gaur egungo gizarte konfigurazioan hori funtsezkoa dela. Egitura zurrun eta indartsuez harago, dauden egituretan mundua ulertzeko eta eraldatzeko ikuspegi berriak olioaren moduan hedatzeko gaitasuna izatea. Baina, tira, hori ez dago guztiz egituratzeari lotuta. Sare egituraketak, ordea, badu beste egituratze mota batzuek zailagoa izan ohi duten iragazkortasuna.

Bigarren kasua (alegia, subjektu autoeratu moduan autonomia maila bat laga eta beste batzuekin batera bigarren mailako egitura bat sortzea) egituratze maila konplexuagoa da. Euskal Herriko, etxe, lantegi eta eremu askotan buruhauste ugari eragin izan dituena. Elkarlana deitu izan zaio horri, elkarrekin sortzeko elkartzeari. Elkarrekin sortu elkarrekin indartzeko tresna mutualistak, finantzarioak, egiturazkoak, materialak… Nolabait elkarlanaren edo lankidetzaren luzera begirako instituzionalizazioa litzateke. Esperientzia interesgarri ugari ditugu inguruan, baina, hemen ere, eskalak eta gertutasunak garrantzia handia dute.

Biziola sarean, elkarlana hautatu dugu lanerako tresna gisa. Sare moduan josten ari garen arren, pixkanaka, sare izatetik harago, batak bestea indartuko gaituzten tresnak sortzea baitugu erronka. Tresnak barrura zein kanpora begira. Azken finean, garrantzitsua da elkarlana unean uneko borondatetik harago egituratzea. Betiere gertutasun eta konfiantzazko eskala batean oinarrituta. Gure kasuan, eskualde eskalan. Izan ere, bigarren mailako egituren arriskua hori bera da. Oinarritik eta egunerokotik urruti dagoen edo urruti sentitzen den egitura bat sortzea, ondo ezagutu gabe guri dagozkigun zenbait erabaki hartzen dituena. Horrek luzera begira, higadura eta etenak eragin ditzake. Horregatik, funtsezkoa da gertutasunaren printzipioa. Baita komunikazio eta informazio fluxuak egoki definitzea ere.

Badago, ordea, bestelako hipotesi bat ere. Orain arteko elkarlan egitura ugari negozio unitateak indartzeari begira sortu izan dira. Negozio auziak bigarren mailako egituren esku utziz eta izaera politiko, filosofiko eta eraldatzailea oinarrizko subjektuan edukiz. Hipotesia hau da: zer gertatuko litzateke egituratzearen bidean balantzari buelta emango bagenio? Ez erabat baina erreprodukzio politiko, sozial eta eraldatzailerako tresnak bigarren egituratik antolatu eta aktibitate ekonomikoa oinarrizko subjektuetan atxikiko bagenu? Hipotesi bat da. Seguruenik aurrez ere probatu dena. Baina, aizu, berriz probatzeagatik ez litzateke ezer gertatuko…

 

Argazkia

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?