Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Ekonomia solidarioa, pertsonen ekonomia

Azken urteotan, munduko ekonomiaren oinarri ukaezinak puskatu egin dira. Neoliberalismoa erortzen hasi da, eta gero eta indar handiagoa hartzen dute pertsonak eta ingurumena erdigunean jartzen dituzten eredu ekonomiko berriek. Kapitalismoa gainditu nahi duten enpresak jarduera ekonomiko guztietan agertzen hasi dira; besteak beste: etxebizitza, banku eta energia alorretan, telekomunikazioetan, elikaduran eta garraioan.
 
Ekonomia solidarioa (ESS), jarduera ekonomikotik abiatuta —enpresa, kontsumoa— gizarte eraldaketa modu irekian planteatzen duen gizarte ekonomiaren segmentu bat, utopia sinpatikoa zena oso errealitate nabaria eta hedakorra bihurtu da. Estatuan, azken hamarkadan, hirukoiztu egin da fakturazioa, eta duela gutxi lortezinak ziruditen sektoreetan sartu da, hala nola energia, bankuak eta telekomunikazioak, multinazionalen zerbitzu berak eskaintzen dituzten kooperatiben bidez, baina antipodetan dauden funtzionamendu eta helburuekin.
 
ESSak ekonomiaren muinean jartzen du pertsonen ongizatea, eta baliabideak, aberastasuna, ekoizpena eta kontsumoa helburu hori lortzeko bitarteko hutsak dira.
 
Gizarte-ekonomiak, oro har, merkataritza klasikotik bereizten duten berezko ezaugarriak ditu: kooperatibetan, fundazioetan eta elkarteetan, faktore nagusia lana edo helburu soziala da, kapitalaren metaketaren edo onura ekonomikoen ordez. Enplegu egonkorra da jarduera osoa egituratzen duen ardatz eta helburu nagusia, modu demokratiko eta bidezkoagoetan antolatzen dena. Baina ESSak are urrunago joan nahi du: kapitalismoa gaindituko duen eredu ekonomikoaren aldaketan aktiboki parte hartu nahi du, sistema ekonomiko bidezkoagoa, demokratikoagoa eta iraunkorragoa lortzeko. Beraz, ESS bultzatzen duten eta horren parte diren pertsonen kasuan, jarduerak eredu aldaketa behartzeko duen eragina aztertzeko beharrak baldintzatzen du zer egiten den, nola egiten den eta benetan zer eragin duen. Azterketa hori alde batera uzteak arriskuan jartzen du ekonomia sozialeko ekimenen ahalmen eraldatzailea.
 
Eskema horretan, garrantzi berezia dute ikuskaritza edo balantze sozialak, ESS enpresen artean asko erabiltzen den tresna bat, enpresaren barrenetan sartzen dena, nola funtzionatzen duen eta gizartean zer eragin duen jakiteko, ez ikuskaritza klasikoen errutinetatik —emaitzen kontuan zentratzen baitira horiek—, baizik eta beste logika honetatik: parte hartzeko bide demokratikorik badago? Zein da soldata aldea? Zein da zure jarduerak ingurumenean duen inpaktua? Genero berdintasuna betetzen da? Familia eta lana bateratzeko biderik badago? Enpresaren jarduerak lan egiten duen lurraldeari mesede egiten dio?. Hainbat urtetan saiakuntzak egin ondoren, ikuskaritza sozial horiek nazioarteko estandarrak sortu dituzte adierazle neurgarriekin, eta, gero, erakundeek beren errealitate zehatzera egokitu dituzte tresna teknologiko errazekin; hala, enpresa guztien eskura daude. Horrela, gainera, kontsumitzaileek gero eta gehiago eskatzen duten berme zigilua lortzen dute.
 
Ekonomia Solidarioaren Printzipioen Gutunean jasotako balioen inguruan dago araututa ESS, pertsonak, ingurumena eta garapen jasangarria eta iraunkorra beste interes batzuen gainetik lehentasunezko erreferentzia gisa hartzen dituen jarduera ekonomikorako bidean. Eredu ekonomiko bidezkoago batera igarotzeko ezinbestekoak diren sei kontzeptu biltzen dira hemen. Lehenik eta behin, ekitatea funtsezko printzipio gisa hartzen da, pertsona guztiak duintasun bereko subjektutzat hartzen dituena, eta menderakuntzan oinarritutako harremanik ez izateko eskubidea babesten duena, edozein dela ere haien egoera soziala, generoa, adina, etnia, jatorria, gaitasuna, eta abar. Gizartea bidezkoa dela esaten da, denok eskubide eta aukera berak ditugunean, pertsonen eta taldeen arteko desberdintasunak kontuan hartzen direnean.
 
ESSren beste apustu bat lanaren giza dimentsioa berreskuratzea da. Pertsonak dira ekonomia solidarioaren protagonista nagusiak, eta, beraz, beren gaitasunak garatuz hazi behar dute: ekimenetik eta sormenetik, pentsatzetik, komunikatzetik, kudeatzetik, taldean lan egitetik, arriskuak hartzetik, ikertzetik… Gizarteratze faktore bat ere bada, baita pertsonaren autoestimuaren oinarri bat ere, bere bizitzaren dimentsio guztiekin zerikusia duena. Lankidetza harremanetan oinarritutako lan kultura bat eta ez lehiakortasun harremanetan oinarritutako bat. Hori guztia, lan baldintza duinak ziurtatuz eta jendearen behar ekonomikoei erantzungo dien kalitatezko enplegua bermatuz.
 
Ekoizpen eta ekonomia jarduera guztia naturarekin lotuta dago, eta, beraz, naturarekin bat egitea eta haren eskubideak onartzea abiapuntu bat da ESSko enpresentzat, besteak beste, elikadura burujabetza, desazkundea, lurralde antolamendua, energia berriztagarriak erabiltzeak dakarren ekoizpen garbia, agroekologia eta kontsumo arduratsua jarrera koherente gisa hartuta. Azken finean, ingurumenarekin arduratsuak diren praktika eta ekimenak sustatzearen aldeko apustu sendoa.
 
ESSk, gainera, sare horizontal, parte-hartzaile, demokratiko eta konfiantzazkoen eredu bat proposatzen eta garatzen du, kooperatibismoan laguntzeko eta erakundeen eta pertsonen arteko sinergiak sortzeko, lehiakortasunean oinarritutako egungo eredu ekonomikoa gainditzeko. Hori guztia ingurunearekiko konpromisotik abiatuta, lurraldeko tokiko garapen iraunkor eta komunitarioan parte hartuz.
 
Azkenik, eta ez garrantzi gutxiagokoa, ESSko enpresek irabazi asmorik gabe dihardute lanean, eta haien onurak berriz inbertitzen dira proiektuen helburu soziala hobetzeko edo zabaltzeko eta beste ekimen solidario batzuei laguntzeko; hala, gizarte eredu gizatiarragoa, solidarioagoa eta bidezkoagoa eraikitzen parte hartzen dute.
 
 
 
Argazkia

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?