Ekintzailetza gudu zelai bihurtu da. Zorionez, hitzaren euskarazko adierak esanahi bat baino gehiago ditu. Ekintzailea da proiektu ekonomiko berri bat martxan jartzen duena baina baita herrigintzan lanean edo ekimenetan parte hartzen duena ere. Akaso euskarazko adierak orain arte euskararen herrian ekintzailetza ulertzeko izan dugun modua adierazten du. Lurraldeari lotua eta lurraldeko beharrizanei erantzuten diena.
Sillicon Valleytik datorren erlijio berriak, ordea, ekintzailetza ulertzeko modu berri bat jarri du mahai gainean. Ekintzaile burujabearen mitoa. Zeinak bere etxeko garajean eta ekimen autonomoz lortuko baitu mundu mailan izugarrizko etekinak lortzera iritsiko den enpresa/produktua sortzea. Karikaturaz harago, pentsamolde horrek arrisku ugari ezkutatzen ditu. Batetik, sistemaren hutsune eta arazoak norbanakoaren arazo bihurtzen ditu. “Arrakastarik ez baduzu zure errua da”, gisako ideiak zabalduz. Antza, aberastea norberaren ekimenaren esku dago, eta, gainera, horixe da bizitza oparo bat izateko helburua. “Saiatu eta aberastuko zara”. Noren kontura, ordea, ez dute sekula esaten.
Fede berri hori indarrez ari da sartzen Euskal Herrian ere. Aipagarria da, esaterako, hezkuntza formaleko eremuetan nola ari den ekintzailetzaren ikuspegia lanaren inguruko kontakizuna kolonizatzen. Unibertsitate eremuan, esaterako, logika horretan ardaztutako gradu berriak sortzeraino. Aurreko batean, lagun batekin hizketan halakoa aitortu zidan gaztelaniaz: “Nik ere ekintzaile izan nahi nuke egunen batean”. Nik ere egunen batean jainkoa ikusi nahi nuke adiera, gaurkotuta. Profetizatu eta erotizatu egin dugu ekintzailearen irudia. Zeinak proiektu bat garatzeko ezinbestean gurasoen eta erakunde publikoen babesa behar izan duen.
Guda horren erdian, ordea, ekintzailetza ulertzeko eta antolatzeko modu berri bat eskaintzea dagokigu. Ideia bikainetan baino gehiago lurraldeko beharretan oinarrituko dena. Eta, gizaki burujabearen mitotik baino gehiago, gizaki interdependente eta zaurgarriaren izatetik edango duena. Dena bakarrik egin beharrean, izaera kolektiboa barneratuko duena. Azken finean, ekintzailetza hitzak euskaraz dituen bi arimak bere egingo dituena. Izan ere, ekintzailetzaren ideologia bezain arriskutsua da kontsumitzailearen logika. Dena beste batzuek gugatik egin behar dutela pentsatzearena guk geuk beste batzuekin kolektiboki antolatuta egin beharrean. Biak indar betean daude gaur egun, eta alternatibak inoiz baino premiazkoagoak dira.
Horregatik, hirugarren lanabesa hori bera da. Eskualdeko beharrak eta erronkak identifikatu, eta horiei erantzuteko proiektuak sortzen laguntzea. Norbait ideia batekin etorri arte itxaron beharrean, eremuetan eragitea. Beste lurralde batzuetan dagoeneko martxan dauden ereduak ezagutaraztea. Problematika zehatzei erantzuteko tresna eta baliabide kolektiboak jartzea. Finantzabideak erraztea. Proiektu bat martxan jarri nahi dutenei denbora ematea. Formatzea. Haztegi funtzioa betetzea. Proiektu eraldatzaileen haztegi. Ekintzailetza sozialaren haztegi. Lurraldeko beharrizanei erantzuteko tresnen haztegi. Azken finean haziak ereitea ahalik eta eremu gehienetan eta haziak ernetzeko baldintza egokiak sortzea ingurunean. Beharretan ekitea, bihar eskualde orekatsuago, burujabeago eta iraunkorrago bat izan dezagun.