Noraino baldintzatzen du ume baten egoera sozioekonomiko ahulak eta azalaren koloreak bere etorkizuna? Otxarkoagakoa bazara, esaterako, Indautxukoa bazina baino sei urte gutxiago biziko zara. Zein eskolatara joaten zaren, eskolaz kanpoko ekintzetara zoazen, etxean libururik dagoen, filmik ikusten duzun…
Oso leku gutxitan nahasten dira klase edo maila ekonomiko ezberdinetako pertsonak. Maiz auzoa da mugarri; auzo batean nahastuta biziz gero, parke-denda-taberna ezberdinetara joango dira gehienetan, eta parke berean suertatuz gero bi bazter egingo dira berehala.
Umeak eskolan nahastuko balira, izan genezake biharko itxaropen handiagorik, baina EAE da Madrilen ondotik eskola segregazio handiena duen komunitate autonomoa maila sozioekonomikoagatik, eta lehenengoa etorkin jatorriagatik —ijitoen eskola-segregazioa (eta bestelakoa) kontuan hartu gabe, zubi-eskolen bidez hasi eta gerora ere luzatu dena—. Bietan ere Europako top zerrendan Turkia, Hungaria, Polonia eta Eslovakia lagun. Nafarroan egon badago arazo bera, Europa osoan bezala, baina datuak ez dira hain muturrekoak.
Goian elkartea zera da, auzokidetasun osasuntsua helburu duen Gasteizko Alde Zaharreko komunitate egitasmo hezitzailea. Elkarbizitzan sakontzea bilatzen du, pertsona, eragile eta erakundeen arteko komunikazio eta elkarlanaren bitartez: “Norberaren identitatea eraikitzeko, ezinbestekoa da auzoaren edo inguru baten parte sentitzea, eta inguru horren elkarbizitzan eragile aktibo izatea garrantzitsu dela deritzogu”. Hala ere, parte sentitzea bi norabideko lana da, pertsonak aktibo izan behar du, baina komunitateak besoak zabalik behar ditu izan. Hori lortzeko eraldaketa sozial sakonak behar dira, eta Goianek bide horretan lagungarri izan nahi du.
Sorreran, ume eta nerabeen eskolaz kanpoko ekintzekin hasi baziren ere, gaur egun helduentzako ikastaro, tailer eta aisialdi ekintza ugari egiten dituzte, bai eta komunitate osoari begirakoak ere. Parte hartzeko dirua oztopoa izan ez dadin, ekintzetako asko doakoak dira, baina, urte osoko ekintza batean edo bestean izena emateagatik ordaindu behar izatekotan, bi ordaintzeko era eskaintzen dira: giza laguntza edo diru laguntza. Bigarrena azaldu beharrik ez dago, lehenari dagokionez, Goianek eskatzen du antolatzen dituen kontaezinezko ekintzetako batzuetan laguntzea.
Goian Gazteak proiektuaren kasuan, kirol eta kultur jarduerak izateaz gain, ardurak hartu eta lan txikiak egin ditzaten ere bideratzen da, izan haurtzaindegi zerbitzuak eginez, izan hezitzaileen laguntzaile, kirol ekintzen epaile. Batzuetan, Goianetik kanpo ere eskatzen dira zerbitzuok, eta, diru truke denean, Goian Gazteak proiekturako atxikitzen da (beraiek gero aktibitateak egiteko eta abar).
Alderdi sozioekonomikoak eragiten duen arrakalaz gain, arrazakeriak, matxismoak, hizkuntzak, kulturak, janzkerak edo erlijioak eragin ahal dituen haustura sozialei begira, Goianen talde guztietan balio gisa lantzen dituzte elkarren parte hartzea, hezkidetza, euskara eta kultur aniztasuna, eta, beraz, errespetuzko jarrerak bultzatu eta desegokiak desaktibatzen saiatzen dira, txikitatik hasi eta helduarora. Euskararen kasuan, ohikoena xuxurlariak erabiltzea da, euskararen presentzia euskara ez dakitenen belarrietara helarazten, gaztelaniaren nagusitasunak euskararen erabilera oztopatu ez dezan saiatuz. Auzoan hitz egiten diren gainerako hizkuntzek ere presentzia izaten dute Auzoko egitasmoan, Sukaldean Solasean-en, emakumeen tertulian, baita ‒arabieraren kasuan‒ komunikazio asko hiru hizkuntzetan bideratzen ere.
Azken finean, komunitatean aniztasuna egon badago; alde guztietakoak gara, eta aniztasun horren ukapena edo murrizketa dago desberdintasunen eta bazterkerien oinarria. Aniztasuna oinarri harturik, elkar zainduko duen komunitate-sare bat josten ari dira, bizikidetza sustatuz.
Pandemiak eragindako zenbait lagunen bakartzean, estutasun ekonomiko, emozional eta abarretan, arrakala digitalean, mugikortasunean… Sare komunitario horiek aktibatu zirenean ikusi zen bezala, ezinbestekoa da sistema honek bultzatzen duen bazterkeriari, egoismoari, klasismoari eta abarri aurre egitea.
Argazkia