Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Burdin hesitik eraztun agroekologikora salto!

Hirigileok herri edo hiri baten gaineko plan bat abiatzen dugunean, kolorez margotzen ditugu hiria bera eta garapen berriak aurreikusten diren espazioak; zonaka banatzen dira industria, etxebizitza, zerbitzuak eta abar. Gainontzekoa zuriz irudikatzen da normalean, definitu gabeko espazio bezala, kolore gabe, eta landa lurrak direla ulertu ohi dugu, kolore gabe dagoen espazioa, eraiki ez daitekeena. Lurzorua eraikigarria den, horrela sailkatzen dugu lurra, eta marra batekin bereizten dugu, burdin hesiaren gisan. Hiria eta landa eremua bi espazio estanko balira bezala adierazten ditugu, elkar ukituko ez balute bezala. Baina nola gertatzen da hiri eta landa eremuen trantsizioa?

Errealitatea da; hiri eremu urbanoetan, naturaren presentzia oso anekdotikoa izaten da. Hiria antolatzen denean, espazio libreak eraikuntza lursailen soberakin moduan ulertzen ditugu, parterreak, zuhaitz bakartuakIrudi hori hartzen du naturak hirian. Pandemia garaian ere, hirietako biztanleek landa eremuetara jo behar izan dute naturaz gozatuko bazuten; kaleak txiki geratu dira biztanleentzat, eta kilometroko erradioan, askok naturaz gozatzeko aukerarik ere ez dute izan, espazio publikoak jendez lepo baitzeuden, itolarria alderdi askotatik.

Gogoeta dezagun, bada: zer motatako espazioak dira gaur egun hirien periferian diren trantsizio espazio horiek? Landa eremuaren eta espazio urbanoaren artean elkarrekintzarako aukerarik uzten dute? Muga jartzen dugu bata eta bestearen artean, baina tarteko espazioak espazio ireki bezala ulertu beharko genituzke, hirian naturaren presentzia hain beharrezkoa ahalbidetuko luketen espazio bezala.

Gerriko berdeak behar ditugu gure hirietan, hiria eta landa eremuaren arteko trantsizio bidea egingo dutenak. Natura hirian sartu eta hirien bernaturalizazioari bidea irekiko diotenak. Baina, anbizioz jokatuz gero, harago ere joan gaitezke: zergatik ez ditugu definitzen trantsiziozko espazio horiek hiria elika dezaketen espazio bezala? Hiri eredu iraunkorrago bat egiteko erabileren nahastura aldarrikatzen badugu, zergatik baztertzen dugu lehenengo sektorea hiriko bizitzatik?

Bilboren kasuan, adibidez, inguruan duen landa eremu zabala ezagututa, hiria gertuko eremuekin artikulatuz, hiriko elikagai eskaerari erantzuteko elikagai kate labur eta lurraldetuak sortzeko modua dago. Gaur egun hirian kontsumitzen diren elikagaien %5 bakarrik ekoizten dira hirien ingurune hurbilean. Nola hartuko dugu bada landa eremua aintzat eredu horretan oinarrituz? Gaur egungo ereduan lehenengo sektorea hiriaren bizitzatik erabat baztertu dugu, eta ate berri bat zabalduko genuke hiriaren eta landa eremuaren edo basoen arteko trantsizio espazioak produktiboak izatera bideratuko bagenitu. Eraztun berde kontzeptutik gerriko agroekologikoaren kontzeptura jauzi egingo genuke.

ARGAZKIA: Bilborako gerriko agroekologikorako proposamena_ Iturria: Hiritik At

Gaiari lotuta, gerriko agroekologikoaren ezaugarritze zehatzak ez badira ere, hirietan baratzeak eta elikaduraren ekoizpenerako proposamenak areagotu egin direla aipatu beharra dago: ortu sozialak, teilatu berdeak… Proposamen horiek hiri iraunkorragoak eta bizigarriagoak eraikitzeko bidean doaz, eta soluzio interesgarriak ekartzen dituzte.

ARGAZKIA: Otxarkoagako hiri ortuak_ Iturria: www.bilbo.eus

Aipatu ditugun ideia horiek gauzagarri izan daitezen, ezinbestekoa da neurriak aurrez planifikatzea. Hiriak inguruko landa eremuak HAPOetan eta lurralde planetan perspektiba horrekin definitzen ez baditugu nekez lortuko baitugu paradigma aldatzea.

Laburbilduz, bata bestea gabe ulertzea ezinezkoa da, hiriaren etorkizuna landa eremuaren beharrei zuzenki lotuta dago (elikadura, baliabideak…). Landa eremuak, berriz, eskura ditu baliabide naturalak eta elikagaiak, baina zerbitzuak eta teknologia eskura izatea ere beharrezkoa du. Argi izan behar dugu denak konektaturik funtzionatzen duela, eta hiria ezin dela izan zubi ekologiko denak deuseztatzen dituen ezarkuntza bat. Ulertu behar dugu landa eremua eta hiria elkarrekintza etengabean daudela eta osotasun beraren parte direla; eta bide horretan planifikatu behar dugu haien etorkizuna.

Argazkia 1

Argazkia 2

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?