Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Bizitza berrirako teilatupe berriak

Etxebizitzaren auziak, egunerokoan zeharkatzen gaitu; eskubide behar zuena negozio bihurtu da, eta kale gorria da negozioak markatzen duena ordaintzeko modurik ez duenari ematen zaion aukera bakarra.

Biziera kapitalistak eragindako ondorio zuzena da gaur egun planteatzen den etxebizitza politika, merkatuaren barnean diseinatutakoa. Bizitzaren bestelako alderdi askotan, bizi eredu hori irauli nahian, merkatuaren logikari bidea laburtzeko neurriak hartzen ditugu gure egunerokoan, bizikletaz lanera joatea, komertzio txikian erostea, energia kontsumo iraunkorra egitea… Etxebizitzaren arloan, berriz, zaila egiten zaigu logika horietatik ateratzea, etxebizitza erostea izaten da gehienen hautua, eta, prezioak ikusita, kasik hautu iraultzaile bat da alokairuan bizitzea.

Etxebizitza arloan, ez da lan erraza bizi eredu alternatiboak garatzea; okupazioa izan da urte luzez moldeak hausteko aukera bakarrenetakoa, baina badira gaur egun bestelako aukerak ere. Atzerriko herrietan ibilbide luzeagoa dute beste molde bateko etxebizitza ereduek; Euskal Herrian, berriz, fenomeno berria da. Berria izanagatik, ez da geldi dagoen mugimendua, eta zenbait herritar talde eta erakunde publiko alternatibak plazaratzen hasiak dira.

Etxebizitza eredu alternatiboak sustatzeko orduan, herritarrak izan dira proiektu kooperatiboak egikaritzen aitzindariak, erabilera lagatzen duten etxebizitza kooperatibak sortuz. Eredu horrekin, espazio kolektiboari garrantzia ematea eta espekulazioa ekiditea bilatzen dute. Askorentzat ezezaguna izango da etxeen erabilera lagatzen duten kooperatibak; hitz potoloa izanagatik ere, eredua sinplea da, etxebizitzaren jabegoa kooperatibaren esku dago, eta kooperatibako bazkideek bera erabiltzeko eskubidea dute.

Euskal Herrian hainbat taldek jarri dute abian eredu hori: Ametxe Bizkaian, Abaraska eta Elkarbidean Gipuzkoan, Etxekonak, Etxekide, Nafarroan, Bizikopon Araban… Orain urtebete inguru sortu zen, hala berean, Koobizitza foro eta eragile berria ere, proiektu asko elkarrekin harremanetan jarri eta saretzen dituena Euskal Herrian eta Errioxan erabilera lagatzen duten kooperatibekin. Mugimendu bizia antolatzen hasi da, beraz. Batzuk eraikitzeko fasean daude, beste batzuk etxebizitza eraikitzeko lurzoru bila…

Ilusioa eta bizi eredu berri baterako teilatupe berriak sortze da proiektu horien leitmotiva, eta agian artikulu hau irakurtzerako proiektu berri baten hazia jartzen hasiak izango zarete zuetako batzuk ere.

Gaiari lotuta, orain urtebete Cohabitar egin zuten Espainian, etxebizitza kolaboratiboaren inguruko kongresu telematiko bat, gaiaren inguruan gehiago sakontzeko aukera ezin hobea ematen duena. Han, orain artean bildu gabeko etxebizitza kolaboratiboaren inguruko aditu talderik handiena bildu zen, gaia ikuspegi askotatik aztertzeko aukera zabaldu zuten. Webgune honetan duzue bertan jasotakoa: www.cohabitar.info. Gehiago jakin nahi izanez gero erabilera lagatzen duten etxebizitzen inguruan, hona irakurgai interesgarri bat: Vivir en comunidad: La vivienda cooperativa en cesión de uso. Kataluniako La Col eta La Borda proiektuen esperientziak jasotzen dituen liburua.

Sustapen pribatuko eredua interesgarria bada ere, hasieran esan bezala, etxebizitza bat eskuratzea zaila da norbanako askorentzat, eta denontzat ez du balio sustapen pribatuko ereduak. Baliabide murritzak dituenak nekez egin dezake sustapen pribatu batek eskatzen duen inbertsioa. Hortaz, kolektibo zaurgarrienei etxe duin bat izateko eskubidea bermatu nahian, hainbat udalek proiektuak bultzatu dituzte azken urteotan, etxe publiko-komunitarioaren ereduari jarraituz. Errenteriako Gazte Etxebizitza komunitarioa izan zen Euskal Herrian lehendabiziko ereduetako bat.

Ondoren, Usurbilen, gazte eta adinekoentzako proposamena landu zuten, belaunaldi arteko etxebizitza kolektibo bat proposatuz. Jada eraikitzeko fasean dago proiektua, eta luze gabe funtzionamenduan ikusiko dugu. Txirikorda du izena proiektuak.

 

Txirikorda usurbilgo etxebizitza kolaboratiboaren proiektuaren irudia_iturria: LZB arkitektura

Hurrengo koadroan bi ereduen ezaugarri orokorrak datoz:

Jabegoa

Etxebizitza eraikitzeko inbertsioa

Izaera komunitarioa

Sustatzailea

Lurzorua

Erabiltzaileak

Etxebizitza publiko komunitarioak

Publikoa

Administrazioaren esku

Bai

Administrazioa

Publikoa

Herritarrak

Herritar taldeek sustatutako etxebizitza kooperatibak

Kooperatiboa

Norbanakoen esku

Bai

Norbanakoak

Lagapen publikoa edo lurzoru pribatua

Kooperatibaren parte diren norbanakoak

Argi dago etxebizitza gure gizarteko auzi garrantzitsuetako bat dela. Etxebizitza politiko publiko alternatiboak behar dira ezinbestean, baina zer-nolako eredua sustatu behar dute erakunde publiko progresistek?

Aurrez planteatu diren eredu horiek eta beste batzuk ere martxan jarri behar dira. Bide horretan, administrazio publikoak norbanakoek sustatutako proiektuak lagundu beharko lituzke, aholkularitza eta bitartekoak eskainiz, baita etxebizitzaz harago zaintza komunitarioa sustatzeko prozesuak abiatuz eta inplementatuz ere, etxebizitza kolektiboetako biztanleek, gertuko komunitatetik harago, auzo eta herriei ekarpen bat egin diezaieten.

Gaiak luzerako emango luke, baina, laburbilduz, argi izan beharreko kontzeptu pare bat, erabilera lagatako etxebizitzak aukera ederra dira baliabideak dituzten herritarrek beren bizi proiektua era kolektiboan garatzeko, baina, etxebizitza eredu berriak guztion esku izan daitezen, administrazioak bultzatu behar ditu gisa horretako biziera kolektiboak. Horrela, biziera kolektiboak dakarkigun elkarzaintzatik eta elkarrekintzatik, komunitate sendo eta indartsuagoak lortzeko bidea egingo dugu.

Argazkia 1

Argazkia 2

Argazkia 3

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?