Bizitzaren fabrika. Horrela laburbil liteke Goierrin esku eta buru askoren artean josten ari diren eraldaketarako sarea. Sinisten baitugu bizitza duina posible izan dadin elkar zaintzeko tresnak behar ditugula, elkar elikatzekoak, elkarrekin energia sortzekoak… Azken finean, mundu berri baten oinarriak elkarrekin eraikitzekoak. Ez baita nahikoa norbanakoaren borondate edo grina hutsarekin. Etengabean elkarrekintzan eta elkarbizitzan dabilen gizarte batean, arazo konplexuei aurre egiteko, ezinbestekoak dira erantzun konplexuak. Alde horretatik, norbanakoen arazo jakinei soluzio jakinak eman beharra dago, eta norbanakoek eurek izan behar dute soluzioen eraikitzaile.
Izan ere, azkenaldian gure hezurren muinetaraino sartzen ari zaigu “soluzionismoa” deituriko pentsamendua. Haren arabera, sinetsarazten digute teknikak emango dizkigula gaur egungo gizartean ate joka ditugun erronkei erantzuteko adinako aterabideak. Dena konpon omen liteke, kudeaketa egoki batekin, tresna egoki batekin. Baina, kontuz, arazoen erroari ez bazaio erreparatzen, nekez erantzungo diogu ondorioari. Gizartean ditugun arazoak gizartearen beraren antolaketa politiko, sozial eta ekonomikoen ondorioak baitira.
Horregatik aipatzen dugu “eraldaketa”, uste baitugu bizitzaren aurkako aldera arraunean dabiltzala (gabiltzala) gizartea eta ekonomia, gaur egun antolatuta dauden moduan. Etekin pribatua gehiengoaren ongizatearen aurretik jarrita dago. Jateko, arnasteko eta azken finean bizitzeko aukera ematen digun lurra nahierara eta gupidarik gabe ustiatuta dago. Zaintza lanak isilarazita daude, eta emakumeen bizkar utzita. Gauzak horrela, kolokan daude gero eta jende eta komunitate gehiagoren bizitzak. Eta, ezer egin ezean, argi dugu norabidea ez dela inondik inora aldatuko. Gaur egungo egoerara ez gaituelako ekarri okerreko erabakien errenkada batek. Izen-abizenak dituzten pertsona jakinen interes pribatuek baizik.
Boteretsuen sare konplexuei aurre egiteko, komunitate indartsuak behar ditugu. Eta gure bizitzarako ezinbestekoak diren eremu sozial eta ekonomikoak ahalik eta gehien guk geuk antolatu. Hala, era askotakoak garela ulertu behar dugu, eta aniztasun hori kudeatzeko tresnak eta prozesuak mahai gainean jarri. Bestelako egiteko eta antolatzeko moduak praktikara eraman eta egunerokotasun bihurtu. Logika berean lanean dabiltzan bestelako eragileekin batera aritu, baina helburuei izkin egin gabe.
Horregatik, eraldaketan ari gara. Gizartearen arazoen erroaz analisi asko, onak eta sakonak egiten baitira. Baina, analisi horiek elikatzeko edota deskribatu ohi ditugun errealitate desatsegin horiei aurre egiteko, ez da nahikoa analisiak egitea. Eginez aldatzen dira gauzak, eginez, eraginez eta eginaraziz, Maialen Lujanbiok behin esan zuen gisan. Haserreak erantzunak behar baititu, ez soilik galdera berriak. Eta erantzun horien parte izan dadila haserre dagoena. Gainera, haserrea, ibilbide laburreko erregaia da, ez badator ilusioz lagunduta. Etenik gabe, eguna joan eta eguna etorri, etorkizun posible bakarrera kondenatu nahi gaituzten horien aldean, etorkizun bizigarrien aldeko ilusio olatu bat indartu nahi dugu. Gure egunerokoak, bizitzak, beste modu batean antolatzen hasi. Eta hori orain arte elkarri begiratu ez diogun auzokide eta herrikideekin batera egin. Azken finean, egunerokotasun bizigarri bat eraiki nahi baitugu soilik.