Abenduan, prozesu luze baten azken mugarrian parte hartzeko aukera izan genuen. Auzo galdeketa bat, benetan baliogarria izan dena lurraldearen inguruko erabaki estrategikoak era demokratikoan hartzeko.
Ez da ohikoa herritarren iritzia jasotzen duten galdeketak egitea, baina gero eta gehiago dira horrelako ariketak planteatzera ausartzen diren udalerriak. Orain artean, gai politiko askotarikoen inguruko galdeketak ohikoak izan badira ere, azken urteetan lurralde edo espazioen plangintzari loturikoak nabarmentzen hasi dira. Horren adibide da Durangon 2021ean egindako PERI 1-aren gaineko galdeketa, zeinak iritzi publikoan zentralitate itzela izan baitzuen eta hiria birmoldatzeko galdeketa egin baitzuten. Badago, beraz, adibide banakaren bat bide horretan.
Oraingo honetan, galdeketaren berezitasuna eskala izan da. Herri galdeketa beharrean auzo galdeketa da Usurbilen planteatu dena. Izan ere, galdeketa asko (gehienak ez badira), negoziazioa posible ez den gatazkei aterabidea emateko tresna bezala erabili ohi dira, baina kasu honetan herritarrekin batera landutako auzo plan baten garapenaren gaineko adostasunak bilatzeko planteatu da.
2021ean, Santueneko auzotarrak planifikazioaren egitekoan murgildu ziren, Usurbilgo udalaren sustapen eta babesarekin, eta Auzo Plana egiteari ekin zioten. Prozesu parte hartzaile garrantzitsua izan da, lurraldearen lanketa osatua egiteko modua eman duena eta hirigintza ikuspegi hertsia gainditu eta auzokideen orotariko beharrak jaso dituena. Auzo planean, hainbat gairen inguruko estrategiak adostu dira, hala nola mugikortasuna, etxebizitza, espazio publikoa… Eta parte hartze zabalekoa izan da.
Prozesuak, auzoa hobetzeko agenda jakin bat ez ezik, auzoaren eta hiriaren inguruko gogoeta kolektibo bat ekarri du. Auzoa alderdi sozialetik gehiago kohesionatzen lagundu du, eta, xede komun batzuen barnean, auzogintzarako potentzia handituko du.
Gehiago jakiteko aukera duzue lotura honetan: https://www.usurbil.eus/eu/santuenea
Bide horretan, hainbat erronkari egin diote aurre. Hamar urtez, auzo hobeago baten bila, erabaki asko hartu behar izan dituzte, eta lanketa horretan agertu zen galdeketaren muineko afera. Auzoaren erdigunean dagoen eskubaloi pistaren gaineko auzian, auzo plana garatzen ibili den talde eragileak mahai gainean jarri zuen gaiaren inguruan zilegitasun nahikoa izango lukeen erabaki bat hartzeko beharra, eta bide horretan aurrera egiteko tresna bezala planteatu zuen herri galdeketa bat abiatzea. Auzo ekimenez aurrera eramandako auzo galdeketa da, beraz, Usurbilgo Santuenean planteatu dutena. Zer gehiago behar du komunitatearen ahalduntze demokratikorako adibide bezala definitzeko? Gertutasunaren potentzialitate politikoa, auzoak auzoarentzako egosia…
Galdeketarenaren moduko ariketa bat auzotarrek berek planteatu eta kudeatzeak agerian utzi du posible dela tresna demokratiko hori maizago aktibatzea, baliabideak urriak izan arren borondatearekin eta konpromisoarekin martxan jar daitekeen tresna bat da eta.
Beraz, Santuenean ikusi dugu, afera komunen gainean han eta hemen erabakiak hartzeko mekanismo eraginkorra izan daitezkeela auzo galdeketak, behetik gora eta poliki-poliki demokrazia zuzen eta zilegi baten oinarriak berritzeko tresna.
Argazki orokorra: www.noaua.eus
Galdeketaren argazkia: https://partehartu.durango.eus