Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Antolatu plastikorik gabeko uztaila

2011n hasi zen mundu mailako mugimendu hau. Urte horretan, Rebeca Prince Ruizek talde txiki bat antolatu zuen Australian, eta uztailean erronka bat egitea erabaki zuten, erabilera bakarreko plastikoa kanporatzea beren helburu nagusia lortzeko: hondakinik gabeko mundu bat.
 
Harrezkero, milioika lagun elkartzen gara uztail oro, gure bizimodu eta etxeetan aldaketa txikiak eginez: inspirazioa, errezetak, aholkuak eta esperientziak elkarbanatuz.
 
Tu casa sin residuo blogean eta sareetan urte osoan gomendioak eta artikuluak banatzen ditut, eta uztail oro erronka bat antolatzen dut norberak bere erritmora egiteko, helburu bakar batekin: erabilera bakarreko plastikoa murriztea gure etxe eta bizitzetan.
 
Hona hemen uztail honetan egin ditzakezun aldaketa xinple eta erraz batzuk:
 

1- Soltean erostea osasuntsuagoa eta iraunkorragoa da.

Ontziratu gabekoa edo soltean erosteko, bi gauza besterik ez dugu behar: lehenengoa, berrerabilgarriak diren ontziak; horretarako, oihalezko poltsak, tuperrak eta kristalezko poteak bildu beharko ditugu erosketa egitera goazenean eramateko.
 
Bigarrena, gure auzoan soltean edo ontziratu gabeko produktuak saltzen dituzten dendak ezagutu, sustatu eta babestu behar ditugu. Auzoko denda txikiak babesteak zera esan nahi du: bezero bilakatzea, bertan erostea eta supermerkatuaren edo hipermerkatuaren bizioa kentzea.
 
Paper konpostagarri eta paperezko poltsetatik harago joan nahian bazabiltza (izan ere, askotan, ontziratu gabeko dendetan nahiz okindegietan, papera edo poltsa konpostagarriak ematen dizkigute), nahiz eta argi dagoen plastikoa baino askoz ere hobeak direla, ez ahaztu baliabide hori (poltsa hori) minutu batzuetan erabiltzen dugula eta gero baztertu egiten dugula. Gainera, papera ekoizteko (birziklatua izan edo ez), zuhaitzak moztu behar dira. Poltsa konpostagarriak ekoizteko, berriz, patata edo azukre kanabera erabiltzen dira.
 
Gure erosketa masiboa egiteko, tamaina desberdinetako oihalezko poltsak beharko ditugu, zerealak, lekaleak, barazkiak, frutak eta bestelako solidoak gordetzeko. Janari koipetsuetarako, berriz, argizarizko poltsak badira gaur egun (hainbeste gustatzen zaizkigun okindegiko galletak, pastak eta erroskilak soltean erosteko). Harategiko, gaztandegiko edo arrandegiko produktuak erosteko, metalezko, beira edo plastiko gogorrez egindako tuperrak edo ontziak erabiliko ditugu.
 
Kristalezko ontziak (berrerabiliak: tomate saltsarekin edo lekaleekin erosten ditugunak) lagunduko digute likidoak nahiz olibak sartzeko, baita azukrea, kafea, gatza eta espeziak ontziratu gabe gordetzeko ere.
Gure kita sortuta daukagunean, ohitura hartu behar dugu erosketara gurekin eramateko eta gure despentsa ontziratu gabekoa bilakatuko da gutxinaka-gutxinaka. Planifikazioa, jakitea eta ohitura besterik ez dugu behar.
 

2- Erabilera bakarreko plastikoa saihestu gomendio hauen bitartez:

Gaur egun, eramateko zerbitzuak areagotu egin dira, batez ere ostalaritzan establezimenduetan. Leku askok edukiera murriztua dute, eta eramateko zerbitzua handitu dute. Bestalde, gero eta gehiago ikusten da “eramateko kafea” gure kaleetan New York city-n egongo bagina bezala. Ohitura edo joera horiek atzerarazi egiten dute Europak 2019an abian jarritako erabilera bakarreko plastikoaren aurkako legea; gainera, erabilera bakarreko tresna askoz ere gehiago aurkituko ditugu zaborretan.
 
Egia bada ere udaberria eta uda janaria nahiz edaria parkera, hondartzara edo kalera eramateko oso momentu ona dela, garai ona da gure eramateko kita sortu eta erabiltzen ohitzeko ere.
 
Horretarako egin behar duzun gauza bakarra da etxetik irtetean nolako kontsumoa duzun aztertzea eta kalerako zero zabor kit bat pentsatuta izatea. Etxetik giltza edo NAN gabe ateratzea bururatzen ez zaizun bezala, har dezakezu gure zero zabor kitik gabe kalera ez ateratzeko ohitura. Adibideak: ur botila, ahozapia, kafea eramateko berrerabilgarri den katilua, koilaratxo bat, ontzi txiki bat edo tuper bat hainbeste gustatzen zaizun sushi, izozki eta pintxo hori eramateko.
 

3- Erabilera anitzeko xaboi solidoa.

Xaboi-barra batera ohitzen bagara, plastikozko ontzi asko saihestuko dugu. Gaur egun, ekodendetan eta artisau azoketan xaboi solido edo barra pila topa ditzakegu. Batzuk gorputz-aurpegirakoak, beste batzuk traketsagoak, arropa edo etxea garbitzeko. Larruazal mota guztietako xaboiak daude, batzuk olio esentzia edo usaiekin, beste batzuk gabe. Palma olioa saihestea gomendatzen dizut; horretarako, osagaiak irakurri beharko dituzu. Xaboi egile artisau gustukoenak Osabi naturala edo Igone natural ditut. Donostia inguruan bazaude, Atelier Lora-k xaboia egiteko ikastaro ederrak ematen ditu.
 
Bestalde, etxean zero zaborra lortu nahi baduzu eta bizimodu honetan hasi nahi baduzu, Alepo xaboia oso egokia da. Ekodenda askotan aurki dezakegu kilo erdi arteko bloketan. Zoragarria iruditzen zait, ilea, eskuak, gorputza, arropa, etxea garbitzeko eta etxerako garbikari mota guztietako produktuak egiten laguntzen duelako.
 

4- Oihalezko poltsarekin munduaren amaiera arte.

Uztailaren 3a plastikozko poltsarik gabeko nazioarteko eguna ospatuz, beti aholkatzen dut oihalezko poltsa erabat edonora eramaten ohitzea. Oihalezko poltsa ez da supermerkatura edo janari dendara joateko soilik. Gure etxeko hainbat elementu gordetzen laguntzen digu, hala nola ogitartekoa jartzeko, arropa zikina gordetzeko eta aurreikusi gabeko edozein gertaerarako; hala berean, soltean erosterakoan eskularru berrerabilgarria ahaztu baduzu, oihalezko poltsari buelta eman eta eskularru gisa erabiliko dugu dendako janaria ukitzeko eta harrapatzeko. Komenigarria da beti tolestutako oihalezko poltsa gure poltsa edo motxila barruan gordetzea. Inoiz ez dakizu zer aurki dezakezun.
 
 
 
 

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?