Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Amaren auzoan bizi nahi dut, anbizioz joka dezagun

Gehiengoaren hiria pertsonak ezinbestekoak diren hiria da, bai marraztu zuten arkitektoena eta bai bertan bizi zirenena eta bizi direnena ere, erabiltzaileena, alegia. Biek ala biek egiten baitute arkitektura. Hala jasotzen dute Jonander Agirre Mikelezek eta Ander Gortazar Balerdik Gehiengoaren hiria langile auzoen inguruan idatzitako liburuan.

Euskal Herri industriala langile-auzoz josita dago bere zabalean: Arrotxapea (Iruñea), Habas La Plaine (Baiona), Zaramaga (Gasteiz), Altza (Donostia), Beraun (Errenteria), Txonta (Eibar), Otxarkoaga (Bilbo), eta abar. Auzo horietan jende asko bizi da, beren sorreratik hona jende kopurua murriztu bada ere; gaur egun, 10.000 biztanletik gorako auzoak dira.

Beraz, kopuruak kontuan izanda, esan genezake gure herriko biztanleriaren kopuru handi bat 60ko eta 70eko hamarkadetan eraikitako langile auzo xume horietan bizi dela. Orografia korapilatsukoak dira gehientsuenak, eta horrek irisgarritasun mugatukoak eta erosotasun gutxikoak egiten ditu. Zerbitzu falta ere nabaria da, eta ekonomiaren eta dinamizazio sozial eta kulturalaren aldetik arazoak dituzte guztiek.

Eraikuntzei dagokienez, garai hartako beharrei erantzunez, etxe txikiko tipologiak proiektatu ziren eta, gainera, zaharkituak geratu dira familia proletarioarentzat. Denak ez dira, ordea, arazoak izango, eraikuntza-dentsitateak eta, kasu askotan, etxebizitza blokeen altuerek (5-7 solairu), bizitza sozial ona sustatzen baitute beren kale eta plazetan, eta horri esker auzo hauetan biztanleria era aktiboan antolatzen da. Etxebizitza tipologiari dagokionez, ezin hobeto erantzun diezaiokete bakarrik edo 2 edo 3 pertsonako bizikidetza-unitateetan bizi nahi duten pertsonen eskariari.

Hirigunetik kilometro gutxira daude auzo gehienak, eta hirigunearekin nahiko ondo konektatuta daude; hala ere, beharrezko zerbitzuak ez dituzte eskura. Biztanle kopurua kontuan izanda, ratioaren arabera, oinarrizko zerbitzu guztiak bermatuta izan beharko zituzketen, baina errealitatean ez da hori gertatzen.

Zoritxarrez, ez dituzte ikusi nahi auzo horien argiuneak eta aukerak , eta ez dago borondate politikorik auzo horiek izan zirenaz harago begiratzeko, hots, joan den mendearen erdialdean eraikitako langile-auzoak, denbora gutxian eraikiak eta soldatapeko eskulan merkeari eusteko pentsatuak. Hirigunetik at, periferian eraiki zituzten, eta periferian jarraitzen dute oraindik, bazterrean, ahaztuak.

Gaur inoiz baino gehiago anbizioa behar da; nahikoa litzateke gure hirietako beste erdigune edo industrialde batzuk turismoaren edo espezializazio ekonomikoen mesedera birpentsatu eta birsortzeko jarri den gogoaren erdia jarriko balitz auzo horietan. Bada garaia auzoz auzo irismen luzeko estrategia bat marrazteko, asmo handiko politika publikoak egiteko eta gehiengoa bizi den auzoetan erabakitasunez inbertitzeko. Auzo mailako Berroneratze Planek modu integralean eta mugarik gabe pentsatu behar dute zer izan nahi duten, lo egiteko auzoetatik harago. Politika publikoak eta horien finantzaketa lerroak eraikinen efizientzia eta irisgarritasuna hobetzeari begira jarrita daude, igogailuak jarri, fatxadan isolatu… Oso ondo, baina non dago ikuspegi integrala? Zeharka ekiten zaio auzoaren berroneratzeari, baina eraikinen berroneratze hutsak ez die auzoen gabeziei erantzuten.

Benetan iraunkorrak diren auzoak behar ditugu, hau da, bizitza propioa dutenak. Auzoan bertan kultura, osasun, hezkuntza, ekoizpen eta kontsumo beharrak aseta izatea; horrela, mugikortasuna gutxituko da, eta biztanleen bizi kalitatea hobetuko, hori ere iraunkorragoa izatea baita.

Izan ere, hori guztia definitzeke dago, eta, etorkizunekoez ari garenean, ezinezkoez ari gara, orainaldian ezinezko baina etorkizunean oso posible diren gauzez, beste herrialde batzuetan jada jarri dituzte martxan horrelako planak; Bartzelonan, adibidez. Bartzelonako Udalak, 2017an, martxan jarri zuen Plan de Barris delakoa. Plan horrek esku hartze sorta bat proposatzen du auzoen kalteberatasun mailaren arabera: etxebizitza; eskubide sozialak, genero berdintasuna eta ekintza komunitarioa; enplegua, bultzada ekonomikoa eta gizarte ekonomia; eta bestelako arloak. Eta horiek aurrera eramateko baliabide ekonomikoak finkatzen ditu. 2021-2024 Auzo Planak, adibidez, 23 auzotan proposatzen ditu esku hartzeak, 377.000 biztanlerengana iritsiko direnak.

Kalkuluak arin eginda, hasieran aipatutako auzoetako biztanleria ez da zifra horietara iristen; beraz, egingarriagoa beharko luke. Euskal Herrian horrelako zerbait aurrera eramatea ezinezkoa dela esango digute, baina badakigu dena ezinezkoa dela egiten den arte.

Argazkia 1

Argazkia 2

Argazkia 3

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?