Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Ez nire diruarekin! Ezagutu finantza etiko eta solidarioak

Gaur egun, nahiz eta asko ez gustatu, denok gara finantza erakunderen bateko bezeroak, baldin eta gure aurrezkiak koltxoiaren azpian gordetzeko estrategia arriskutsuaren alde egiten ez badugu.
 
Sarritan ahaztu egiten zaigu bankuek ez dutela diru propiorik, baizik eta gure dirua administratzen dutela, bezeroen dirua, eta enpresetan eta proiektuetan inbertitzen dutela. Ariketa interesgarria litzateke denbora bat hartu eta buelta bat ematea, zure diruarekin bankuak non eta zertan inbertitzen duen gogoetatzea. Segur aski ez duzu ideiarik txikiena ere izango, eta, segur aski, erabat harrituko zinateke, txarrerako gainera, zure inbertsioen helburua ezagutuko bazenu.
 
Oro har, banku tradizionalen inbertsio politikak ez dira oso gardenak izaten, oso maiz nahiko zalantzagarriak izaten dira etikoki, eta, askotan, bezeroek herritar eta pertsona gisa defendatzen dituzten balioetatik guztiz urrun egoten dira. Ez gara delitu diren inbertsio eragiketez ari, bankuek gure diruarekin finantzatzen dituzten proiektu guztiak erabat legezkoak baitira, baina kontuan hartu behar da, zoritxarrez, etika eta legezkotasuna ez datozela bat sarritan. Armen fabrikazioa da negozio adibide argi bat. Ez dugu ahaztu behar, erabat legezkoa izateaz gain, etengabe gerran dagoen mundu batean irabazi handiko negozio bihurtu dela eta finantza errentagarritasunari erreparatuta oso interesgarria dela inbertitzea. Hain zuzen, Banka Armatuaren txostenak dioenez, Estatuko banku handiek 7.000 milioi baino gehiago inbertitu zituzten industria militarrean 2014 eta 2019 artean.
 
Era berean, finantza aldetik oso erakargarria izan daiteke ingurumenaren aldetik iraunkorrak ez diren proiektu handietan inbertitzea; baliabide naturalak elkortuz ingurunea suntsitzea eta lurra pozoitzea ere oso errentagarriak dira ikuspuntu ekonomiko hutsetik; eta berdin gertatzen da arrakastaren oinarri gisa langileak era bidegabean ustiatzen dituzten enpresei laguntza finantzarioa ematen diegunean.
 
Banku tradizionalen alternatiba gisa sortu dira finantza etiko eta solidarioak, aipaturiko praktika motak saihestu eta gardentasunik gabeko inbertsioak egiten ez dituztenak. Finantza etikoek bateragarri egiten dituzte errentagarritasun ekonomiko-finantzarioak eta gizarte eta ingurumen helburuak. Horien helburu nagusia da gizartea eraldatzen laguntzea, zubi lana eginda elkartzea bezeroen diruak eta gizartean eragin onuragarria sortzen dituzten ekimenak.
 
Diruak mundua mugiarazten badu, norabidea markatzea da kontua. Hona hemen finantza bitartekotza egiten duten erakundeen adibide batzuk, hau da, aurrezkia edo kapitala biltzen eta kreditu gisa inbertitzen duten erakundeen adibide batzuk: Coop57, Fiare banku etikoa, Oikocredit eta Triodos Bank.
 
Hauek dira erakunde horien printzipio nagusiak: inbertsio espekulatiboak saihestea, diruz lagundu beharreko proiektuak aukeratzeko orduan ebaluazio sozialeko irizpideak aplikatzea, finantza sistematik askotan baztertuta dauden talde ahulei kreditua eskuratzeko aukera ematea, modu parte-hartzaile eta demokratikoan antolatzea, erakundearen erabakietan partaidetza bultzatzea bakoitzaren kapitala edozein dela ere, eta aurreztaileei gardentasun printzipioa bermatzea, haien aurrezkiekin zer finantzatzen duten erakutsiz.
 
Ezaugarri horiek guztiak oso desberdinak dira banku tradizionalen balio eta politikekin alderatuta; horregatik, etengabe hazten ari da “ez nire diruarekin” esaten dutenen kopurua eta gizartea balioen arabera eraldatzeko banku edo formula horrekin bat egitea erabaki dutenena.
 
 
 
Argazkia
 

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?