Hain mundu faltsuan bizi gara, ezen, azkenean, egiazkotzat hartzen baitugu itxura hutsa dena. Goizero Instagram irekitzea nahikoa da gure kontaktuek beren soslairik onena erakusten digutela ikusteko, hain perfektuak eta irribarretsuak, alaitasunez beteak eta bibrazio onak bidaliz, inoiz ez egun triste baten argazki bat, ez egun txar batena. Benetan ez garena erakustean datza sarritan.
Antzeko zerbait gertatzen da ba marketinarekin eta enpresa elektriko handiekin. Telebista piztu edo nabigatzen hasten denean, hainbeste mezuren artean, batek barneratzen du, planetaren iraunkortasunaz gehien arduratzen dena benetan gutxien arduratzen dena dela, itxuretatik urrun bere egoera kritikoaren eta gainbeheraren erantzule den arren. Konpromiso iraunkorra dago konpainia handi horien publizitate kanpainetan; gu aztertzeko baliabideak dituzten konpainia horiek badakite gehiago eta gehiago saltzen jarraitzekotan berdea, errespetuzkoa, berriztagarria, birziklatua eta ekologikoa izatea dagokigula; horretarako, esloganekin bonbardatzen gaituzte, argi uzteko konponbidearen ezinbesteko parte direla.
Hori ez da berria, eta ingelesez badu bere izena, greenwashing-a, eta berez grisa dena berdez janztean datza. Errealitatea, ordea, oso grisa da benetan. Baina batzuetan hain nabaria da ezen ez baigaituzte engainatzen, adibidez, konpainia elektriko handiek konbentzitu nahi izaten gaituztenean nolako konpromisoa duten ingurumenarekin eta nolako apustua egiten duten energia berriztagarrien alde. Denok dakigu oso gutxi axola zaiela planeta, eta, oso argi dutela nola konpondu hilabete amaieran gure poltsak dardaran uzteko. Beren onura ekonomikoak hazten eta hazten jarraitzea da horien helburua, klimaren krisia, osasunarena eta ekonomiarena batere axola gabe.
Kontsumitzaile gisa, kontsumo alternatiba ezberdinak behar ditugu gauzak aldatzen hasteko, eta, zorionez, produkzioaz, kontsumoaz eta energiaz ari garela, dena ez da itxura.
Irabazi asmorik gabeko energia berriztagarria bultzatzen duten kooperatibak errealitate sendoa dira gaur egun, eta ez dute aurpegirik makilatu beharrik hori frogatzeko, ez eta marketin-kanpaina hipokritikorik bultzatu beharrik ere. Gero eta pertsona gehiagok kooperatiba horien alde apustu egitea erabaki dugu, mehatxu erreala baikara enpresa elektriko handien hegemoniarako eta haien iraunkortasun-diskurtso faltsuetarako. Energia ekoizteko eta kontsumitzeko formula zintzo horren bidea Som Energiak argitzen hasi zuen Gironatik, 2010ean, 150 bazkide bultzatzailerekin. Davidek Goliaten aurka borrokatzen jarraitzen du (oraindik ere), baina kooperatibak hazten eta hazten jarraitzen du, eta gaur egun tokian-tokian taldeak ditu Espainiako Estatu osoan, horietako hiru Euskal Herrian; hala, 68.700 bazkide eta 120.000 kontratu elektriko baino gehiago ditu.
Subiranotasun energetikoa berreskuratu nahi duen beste proiektu kooperatibo bat Goiener da, 2012an Euskal Herrian sortua eta dagoeneko 13.000 bazkide eta 16.500 kontratu baino gehiago dituena.
Kooperatiba horien erronka nagusia da herritarrentzat oinarrizkoa den ondasun bat berreskuratzea, hau da, energia, eta bereziki elektrikoa. Ez dugu ahaztu behar kooperatiba horiek irabazi asmorik gabekoak direla eta bazkideen artean merkaturatutako elektrizitate berdearen bitartez lortutako irabaziak kooperatibara itzultzen direla, eta horiek energia berriztagarriko proiektuen aldeko apustua egiten dute berriro ere.
Eta hori bai, itxuretatik urrun, iraunkortasuna da.
Argazkia: Unsplash