Lurtaro proiektu kolektiboa da. Kolektibotasunetik eraiki nahi dugu etorkizuneko elikadura sistema; horretarako, hiru zutabe dituen proiektua landu dugu: ekoizpena, denda eta biltokia.
Aurreko artikulu batean ekoizpen antolatuaz eta kolektibitateaz aritu naiz; gaur egungo ekoizpena eraldatzeko trantsizio prozesuen beharraz eta horretarako kooperatibak izango lukeen garrantziaz. Elikadurari ahalik eta ikuspegirik zabalenarekin heltzen ahalegindu garela ere aipatu dizuet, eta ikuspegi zabal horretarik begiratzen diogu trantsizioari ere. Izan ere, nola lortuko dugu elikagaien ekoizpen agroekologikoa katearen kate-begi bakoitza eraldaketa prozesu horretan jartzen ez badugu?
Dendaren proiektuarekin elikadura katea birpentsatu eta berrantolatzea dugu helburu. Gaur egungo elikadura sisteman agroindustrian diharduten enpresa, bitartekari, banaketa enpresa eta salmenta puntu handiak aberasten dira. Baina ekoizleen, langileen eta kontsumitzaileen bizkar gertatzen da hori. Azken prezio igoerek argi erakutsi digute: ekoizpena estutzen dute, gastuaren azpitik merkaturatzera behartu; ondoren, prezioen inflazioagatik prezioak bikoiztu eta hirukoiztu. Merkatuaren eta kapitalaren logikara antolatutako elikadura sistema daukagu: elektrizitate dependentzia, erregai fosilena, beste herrialde batzuetatik datozen lehengaiena, ongarri kimikoena, bitartekariena, eskulan merkearena, kontserbatzaileena, plastikoarena… Eta hori dena osasuntsuak ez diren produktuak merkaturatzeko.
Bestelako logiketan antolatutako elikadura sistema bultzatu nahi badugu, bestelako salmenta guneak sortzea ere beharrezko ikusten dugu. Azken urteetan, ekoizle eta kontsumitzaile elkarrekin sare berriak sortzen ikusi ditugu, eta bide hori urratzea erabaki dugu guk ere.
Hala ere, gune horiek ez dira salmenta puntu hutsak, heziketa guneak ere badira. Feminismoak erakutsi digu pertsonala ere politikoa dela, eta etxe barruak astintzea kanpoa astintzea bezain beharrezko dela. Elikadura burujabetzaren aldeko mugimenduetan bada hori ondo laburtzen duen esaldi bat: “Pertsona bakoitzak, gutxienez, hiru ekintza politiko egiten ditu egun bakarrean: gosaldu, bazkaldu eta afaldu” (Vandana Shiva). Beraz, sor ditzagun harreman berriak, ikus dezagun zer dagoen elikagaien atzean eta jar dezagun Tolosaldetik ere gure alea.
Baina, honezkero, bakarren batek esango zuen, “eraldaketaren izenean, denda berri bat sortu behar dute? Eta herrietako dendak?”. Guri ere hasieratik sortu zitzaigun dilema hori. Tolosaldea 28 herri txikik osatzen dute. Denetan ez, baina askotan badira herrietako eta auzoetako dendak, merkataritza zentroen eta Internet bidezko erosketen garai hauetan iraute soilera kondenatu dituztenak. Horrez gain, landaguneetako bizitzaren oinarria ere badira, sozializaziorako ezinbesteko, tokiko ekonomiarako aberasgarri. Askotan tokian tokiko produktuak presente baldin badaude ere, gehiengoak banaketa enpresekin egiten du lan, horiek direlako eskura daudenak eta jendeak ere horiek kontsumitzen dituelako. Denda horietan galdetuko bagenu egunean zenbat Danone jogurt saltzen dituzten eta zenbat Behieko eta Larreta markakoak, datuek bere kasa hitz egingo lukete.
Horregatik behar ditugu bestelako logika eta harremanetan garatuko diren proiektuak, baita denda eredu berriak ere. Baina, herrietan dauden ostatu, ekonomatu eta dendak hornitzeko biltegia sortzea proposatzen dugu. Trantsizioa kontsumitzaileetatik, dendetatik eta ekoizleetatik etorri delako, elikadura kateko begi bakoitzetik. Bada denontzako adina leku eta zeregin eta non eragin!