Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Ertzak

Xaboi baten ertzek zerbait berezia dute. Marra zuzen bat bestearekin nola elkartzen den, angelu bat osatzeko saiakeran. Ez oso perfektua zenbaitetan. Naturaltasunez betea gehienetan.

Mandolina moduko batekin egiten da xaboi batek dituen 12 marra arteko 8 ertzetako bakoitza. Prozesu osoa da bere horretan erakargarria. Sare sozialetako bideo lasaigarri/adiktibo horietako baten pareko da. Xaboi baten “perfekzionamendu” prozesuan, soberakin bat nola bihur litekeen berriro erabilgarri. Beste bizi bat ematen zaio. Xaboi batetik berriro xaboia sortzeko.

Prozesu osoa etxean hasi eta etxean bukatzen da. Baratzeko sendabelarrak bildu, garaian garaikoak, olioarekin nahastu eta oleatoak egin lehendabizi. Ondoren, olio nahasketa horren propietateak gainerako osagaiekin nahastuta xaboi barra sortu. Burbuilen sukaldean, xaboia garbigarri izateaz gain, kontsumo eredu ere bada. Esan bezala, xaboi zati bat leuntzeko edo polit bihurtzeko prozesuan, sortzen den xaboi konfetia landuta, soberakinarekin xaboi bolak egin daitezke. 

Garrantzia du non eta nola ekoizten den. Gertuan eta ahalik eta modurik naturalenean, hondakin gutxien sortzeko helburuz. Kontzienteki ekoitzi eta kontsumitzeak asko dio pentsatzen dugunaz eta eragiten dugunaz. Arreta erdira ekarri, eta premiei begiratu, ez hainbeste moda edota inguruko eredu kalkatuei. 

Ohikoa da asko kontsumitzea eta modu ez iraunkorrean. Inguruan eraginez baino gehiago inguruari eraginda. Eta horrek ertz mugagabeak ditu, leundu ezinak. Egunerokoan topa daitekeen ertzik zorrotzena etxeko garbigarrietan sortzen den plastiko kantitatea da, zakarretan amaitzen duena. Xaboi eta xanpuen kasuan, horren isla dira dutxan pilatzen diren potoak.

Plastikoak sortzen duen zabor inpaktuaz jabetuta lixibarako eta ontzi-garbigailurako garbigarri tailerretan aurki daiteke hondakin kantitatea murrizteko aukera. Izpiliku Kosmetikak horretarako aukera ematen du. Etxean, poto berean, nahi adina garbigarri egiteko bidea.

 

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?