Gure lurraldea eta gure eskualdea eraldatzeko oinarrizko bide orri bat marraztu dugu kolektiboki. Oinarrizkoa diogunean, erradikala dela ere esan behar da, azken finean oinarrizko arazoei heltzen dielako, erroan dauden horiei. Eta, erroko gaitzak aldatzen hasteko, trantsizioak planteatzen ditu. Trantsizioak kate ekonomikoen puntu guztietan. Izan ere, guztioi dagokigu bihar izango garen hori, gaurdanik posible egitea. Horregatik hiru bloketan banatu dugu Biziolaren norabidea:
Goierri orekatsuagoa. Azken hamarkadetako garapen bideak, eskualdean zenbait desoreka azaleratu ditu. Hala nola herri txiki, ertain eta handien artekoak (handien barnean auzoak ere hor leudeke). Ahalmen ekonomikoari dagozkionak, zeinak azken urteetan eskualdean bi abiadurako (edo gehiagoko) gizarte bat jarri digun begi bistan eta arrakalak handitzen doazen. Generoari dagozkion desorekak; esaterako, emakumeentzat lan eskaintzak gutxiago daude eskualdean gizonentzat baino (eta daudenetan arrakalak nabariagoak dira, oro har). Azkenik, sektore ekonomikoen artean ere, desoreka nabarmenak daude; alde horretatik, etorkizuneko erronkei aurre egiteko egitura ekonomiko dibertsifikatuago bat landu behar da.
Goierri burujabeagoa. Goierritarron beharrak asetzeko bideak eta horien gaineko erabakimena pixkanaka Goierriratzen joatea da helburua. Zirkuitu ekonomikoak ahalik eta gertuena itxiz eta horiek harreman demokratikoetan antolatuz. Burujabetza, ez dugu ulertzen momentu konkretu batetik aurrera lor daiteken gaitasun orokor gisa. Burujabetza egunerokoan eraikitzen da, eraiki dezakegu, gure behar ekonomiko eta sozialak gugandik asetzeko egitura ekonomiko kolektiboak antolatuz, energiaren, elikaduraren, telekomunikazioen, finantzen, kulturaren, zaintzen eta abarren eremuetan. Azken hamarkadetan indartzen joan den egitura ekonomiko globalizatua ikusita eta horrek eragiten dituen lurralde desorekez eta lurraren esplotazioaz jakitun, gure lurraldeak berriz ere bizitzarako funtsezkoak diren behar ekonomikoen asetzaile izateko estrategia integrala behar dugu.
Goierri iraunkorragoa. Zibilizazio erronka izugarria dugu aurrean. Orain arte ez dugu ia horrelako trantsiziorik izan begi bistan. Gure bizitzeko moduak, nabarmen aldatuko dira urte gutxiren buruan. Desazkundera behartuta egongo gara, lurraren mugek hala behartuta. Desazkude hori, ordea, planifikatu egin behar da, berriz ere okerren daudenak okerrago gera ez daitezen. Izan ere, desazkundea eremu ekonomiko batzuetan gertatu beharko den arren, beste eremu askotan hazkundea gertatuko beharko da. Hala nola zaintzan eta elikaduran. Horiek guztiek azken hamarkadetan guregandik oso urrun dauden lurraldeetako jenderentzat langintza bihurtu baititugu. Horregatik, trantsizio ekosoziala modu antolatuan eta justuan garatu behar dugu, harremanen eta bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jarrita. Ez gaitezen soluzionismoaren ilusio optikoetan gal.
Oinarrizko bide orri horrek norabide bat markatzen laguntzen digu. Proiektuak pentsatu eta eraikitzeko orduan kontuan izan beharreko ezaugarriak. Aurrez esan izan dugun gisan, gure egiteko modua ez baita itxarotea edo besteek egingo duten horretan esperantza guztiak jartzea. Gugandik dagokigu gauzak aldatzen hastea. Elkarrekin antolatuta, elkartasunean lotuta.