1960ko eta 1970eko hamarkadetan softwarea ez zen produktu bat kontsideratzen, sasoi hartan normala zen programatzaileek eta garatzaileek programak-eta elkarbanatzea. 1980ko hamarkadarekin sistema eragile pribatuak hasi ziren banatzen, eta erabiltzaileek mugatuta zuten kodean eskua sartzea. Richard Stallmanek kontatzen du inprimagailu bat heldu zitzaiela enpresara opari; pertsona askok erabiltzen zuten, baina, paperaren akats bat zela medio, denbora asko galarazten zien. Beraz, inprimagailua fabrikatu zuen enpresara deitu zuen, eta iturburu-kodea eskatu zuten; enpresak, ordea, ez zion eman nahi izan, eta Richardek erabaki bat hartu zuen: ez zuen software pribatibo gehiagorekin lan egingo, eta GNU proiektuarekin hasi zen 1984an.
Publikoa vs pribatua, komunitatea vs merkantilizazioa. Dakargun afera euskal komunitatera, eta ikusiko dugu mundu mailako gatazka horri hizkuntza gutxitua izatearena ere eransten zaiola; alegia, enpresa pribatibo batek (edota administrazio publiko batek) maiz bidaltzen digu inprimagailu bat iturburu-kode pribatiboarekin eta erdaraz.
Eta hor gaude euskaltzaleok Netflix eta Disney euskaraz izan daitezen eskatzen, edo gure android/iphone sakelakoak, edo eskatu ahal dugu eliburutegia-k euskarara bizkoiztutako eta azpititulatutako ikus-entzunezkoak jaso ditzala. Zuzenak eta beharrezkoak dira eskaerok, baina eus-komunitatea ahalduntzeko bide gehiago ere jorratu dira, zorionez. Gaur egun, euskarara bikoiztutako eta azpititulatutako filmak eta sailak ikusi nahi dituenak, esaterako, irtenbide bakarra du lizentzia pribatiborik gabeko irrati libre-piraten gisan: euskal-encodings. (Non, gainera, azkenaldian garai baten aldean asko erraztu baita erabilera).
Erronka bat, irakurle, zein da gogoratzen duzun euskarara bikoiztutako azken pelikula moloia? Mois, jen ne sais pas. Euskara ikasten ari nintzen sasoian, nahiko sarri estreinatzen ziren bikoiztutako filmak ETB1en (ETBn baino lehenago ere), beharbada, La noche de… hasi zenean bukatu zen euskal gaua? Bueno, zorionez, hor daukagu Azpitituluak.eus non pertsona boluntarioek elkarbanatzen dituzten euskarazko azpitituluak.
Ez ziren instituzioen zain gelditu Wikipedia munduko entziklopedia digital erraldoian euskarazko atala sortu eta elikatzen dutenak; gaur egun, euskara munduko lehen 30 hizkuntzen artean dago artikulu kopuruan. Eu.wikipedia.org-ek eta Azpitituluak.eus-ek dirulaguntzak ere jaso izan dituzte instituzioetatik, baina oinarria komunitateak komunitatearentzat auzolana egitea da.
Artikulua idazten ari nintzela, parentesi bat egin, eta, Joseba Sarrionandia Euskal Herrira egunotan itzuli dela eta, Armiarma.eus-era jo dut, hantxe hari egindako elkarrizketak, kritikak, liburuak…
Testu hau idazten ari naizen ordenagailu honetan, Ubuntu sistema eragilea dut instalatuta, Openoffice-eko writer testu prozesatzailean ari naiz (Openofficeko aplikazioak edozein sistema eragilerekin erabili ahal dira, gainera), eta kontsultak egiteko Firefox nabigatzailea erabiltzen dut, Euskalbar eta guzti. Den-dena euskaraz. Ezin da dirutan ordaindu software librea, eta euskararen aldeko pertsona militante horiek nire eguneroko bizitza zenbat errazten didaten; beraz, kalean ikusten banauzue, bota iepale bat niri ardotxo bat elkarrekin hartzeko. Nor dira nire ezkutuko lagunak?
Bada, Euskal Herrian Librezale lantalde irekia nabarmendu beharra dago, euskara informatikaren munduan bultzatzeko lanean software librea oinarri dutelarik. 2002. urtean, Mozilla Euskaraz (lehen aipatutako Firefox nabigatzailea) proiektuaren foroan bildutako lagunek sortu zuten, eta software libre hori Euskarara itzultzeari ekin zioten, eta software libreari buruz euskaraz solas egiteko foro bat ere sortu zuten. Geroztik, GNOME, LibreOffice, WordPress eta beste hainbat tresna eskaini dizkigute euskaraz.
Software librearen aldeko ekintzaileek dituen lau askatasunak darabiltzate horrantz jo dezagun:
1. helburua edozein dela ere exekutatu ahal izatea,
2. aztertu eta aldatu ahal izatea (horretarako beharrezkoa da kodea eskura izatea)
3. kopiatzeko modua izatea
4. hobetu, eta hobekuntza horiek publiko egiteko modua izatea, komunitatearen onurarako.
Zoritxarrez, komunitatera kide berriak heldu ahala, guztiz kontrako bidean jartzen ditugu etxe eta eskola gehienetan, Librezaleko kideek Eusko Legebiltzarrean salatu bezala. Chromebook eta abarren bidez, pertsona txiki horien datu guztiak Googlek jasotzen ditu bere etekin ekonomiko erraldoiak areago gizentzeko. Batetik, hor dago saltzen dizkiguten gailuen zaharkitze programatua, badakizu, gehienez bost urte.
Bestetik, beren sistema itxiek behin eta berriro beren tresna erabiltzera behartzen zaituzte, eta ikasteko aukerak murrizten dituzte. Software librearen ereduak ikasteko grinari bide ematen dio, tresnen funtzionamendua ikertu eta ulertzeko aukera emanda, eta hori dena komunitateari eta euskaraz emateko moduan. Nora heldu gintezke herri gisa eskoletan dauden milaka ume eta nerabe horiek bakoitza bere gustu eta gogoaren arabera komunitatearentzako lanean jarrita?
Ez dut artikulua bukatu nahi Gasteizko alde zaharreko Saregune-ko lagunei keinu bat egin gabe, software librean ehunka lagun trebatu dituztenak, haietako bat neu.
Bonus-track Komunitate.eus-en bestelako taldetxoak daude:
–Lemmy.eus: Euskarazko web-foro libreak.
–Mastodon.eus: gizarte-sare eta mikroblogintza zerbitzua da (irakurle klub digital eta guzti).
–Moodle: Munduko ikaskuntza kudeatzeko sistemaren euskarazko bertsioa.
–Hackingbadakigu: Norbanako zein eragileak teknologia askeen bidez ahalduntzeko taldea.
–Unibertsitatea.net: Udako Euskal Unibertsitateak sustaturik, komunitate unibertsitario euskaldunari eskainia.
–Buruxkak: UEUren liburutegi digitala.
–Gamerauntsia: Euskal bideojokalari taldea.
Badira, azkenik, euskal komunitateak darabiltzan hainbat Telegram kanal, gaika antolatuta.