Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Kategorien bidez ordenatu etxea erabat txukun izateko

KonMari metodoa ezberdina egiten duen oinarri garrantzitsuenetako bat zera da, zure etxea gelaka antolatu beharrean kategoriaka antolatzea. Etxea antolatzeko Marie Kondok sortu duen modu hau benetan iraultzailea izan da alde horretatik. Aldaketa sinplea den arren, orain arte inori ez zitzaion bururatu hatsarre hori erabiltzea.
 

ZER ETA ZENBAT DUZUN JAKINGO DUZU

Zure etxea kategoriaka antolatzeak hainbat onura ditu. Batetik, benetan etxean zer duzun eta objektu bakoitzetik zehazki zenbat duzun jakin ahalko duzulako. Sinestezina da zelako aurkikuntzak egingo dituzun etxetik atera gabe: ahaztuak zenituen objektuak, ehundaka aldiz errepikatuta dituzun produktuak, inoiz erabili ez dituzun gauzak… Izugarria da ohartzea zentzurik gabeko zenbat objektu erosi eta gordetzen ditugun gure bizitzan. Naturaren eta ekologiaren kontzientzia dugunok ere ez gara horretatik libratzen. Identifikatuta sentitu zara?
 
Onartu behar dut, bai nire prozesu pertsonalean eta bai bezeroak bidelaguntzen ditudanean, momentu hau gehien gustatzen zaidanetako bat izaten dela. Benetan eraldatzailea, dibertigarria eta intimoa da. Irudikatu laguntzen ari naizen pertsona horrek plastikozko milaka poltsa gordetzen dituela ohartzen den momentua hori, edo oporretatik ekarritako ehundaka harri dituela konturatzen denean, edo nik neuk etxean 50 boligrafo urdin baino gehiago topatu nituenekoak (zenbat urte beharko nituzke horiek denak amaitzeko???). Umorea eta intimitatea nahasten diren momentu hau izugarri maite dut; txikitan lagunek elkarri sekretutxoak kontatzen genizkion momentu hori gogorarazten dit.
 

ZORIONTASUN MAILAREN ARABERA AUKERATU

Kategoria bakoitzeko objektuak elkartu ondoren, banaka-banaka berrikusi eta sortzen dizuten zoriontasunaren arabera aukeratu beharko zenituzke.
 
Kategoria horiek errazenetik zailenera antolatuak daude, “zoriontasunaren detektagailua” landu dezazun. Hortaz, kategorien ordena bere horretan errespetatzea gomendatzen dizut, hau da, lehenik arropa guztia sailkatu, gero liburuak, ondoren papera, jarraian komono edo denetariko saila eta, azkenik, objektu sentimentalak. Ikusten duzun moduan, lehenengo kategoria arropa da, ohituta baikaude arropa maiztasun erlatiboarekin erosi eta botatzera. Era berean, azkeneko kategoria objektu sentimentalak izango lirateke, bihotzetik gertuen dauden objektuak direnez zailagoa baita beraiek aukeratzea.
 
Konturatu zara aukeraketaz hitz egiten dudanean inongo momentua ez dudala kopurua edo erabilgarritasuna aipatu? Alde praktikoa eta funtzionaltasuna kontuan hartzen badira ere, sortzen digun zoriontasunari garrantzi handiagoa ematen zaio. Objektu horiekin pozik, beteta, ahaldunduta eta zu zeu sentitzen zara? Hori da garrantzitsuena.
 

GORDETZEKO ORDUAN ERE JARRAITU KATEGORIEI

Hortaz, kategoria bakoitza sailkatu duzu; zoriontsu egiten zaituena aukeratu duzu, eta orain zer? Orain zure ondasunak antolatu eta bakoitzari bere tokia bilatzeko momentua izango litzateke. Objektu bakoitzari kokaleku jakin bat emateko orduan, gomendatzen dizut kategoriak errespetatu eta sail bereko ondasunak gertu gordetzea.
 
Zalantzarik baduzu, objektuen materialari kasu egitea aholkatzen dizut. Premisa horri jarraituta, adibidez, paperezkoa den guztia elkarrekin gorde beharko zenuke, edo gertu behintzat. Liburuak gorde ditzakegu, esaterako, apalategi bakarrean. Etxeko kide bakoitzari apal bat edo gune bat eskainiko nioke, bakoitzak bere espazio pertsonala izan dezan. Liburuen apalategian, gainera, paperaren kategorian sartzen diren dokumentuak ere gorde ditzakezu karpetatan banaturik (material berekoak dira eta), baita komono kategorian sartzen den paperari lotutako azpisaileko objektuak ere —orri zuriak, koadernoak, karpetak, boligrafoak eta margoak, erregelak eta abar—.
 
Nola ikusten duzu, egiteko modukoa? Beharbada aldaketa handia irudituko zaizu momentu honetan, baina ikusiko duzu nola denborarekin argiago izango duzun guztia.
 
Halere, edozein zalantza duzula, zure senari jarraitzeko esango nizuke. Egin probak, bilatu aldaerak eta egin kasu zure zentzumenei. Etxe eta familia bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta, irizpide hauek oso lagungarriak izan daitezkeen arren, eta ez dago guztientzat balio duen formula magikorik.
 

ZER SARTZEN DA KATEGORIA BAKOITZEAN?

Aurrerago kategoria bakoitza zehaztasun gehiagorekin ikusiko dugun arren, bakoitzari aipamen bat egin nahi diot. Hau da Marie Kondok egin duen sailkapena:
 
ARROPA: hemen zure arropa guztia sartuko litzake. Ez sasoi honetakoa bakarrik, sasoi guztietakoa baizik. Baita etxean egoteko, lanerako edo ekintza jakinetarako erabiltzen duzuna ere (kirola egiteko esaterako). Eta ez hori bakarrik! Gurasoen etxean, garajean edo beste edozein tokitan gordeta dituzun arropa horiek ere bildu beharko zenituzke sail hau lantzerako orduan. Zapatak, osagarriak eta poltsa edo maletak ere sartzen dira hemen.
 
LIBURUAK: era guztietako liburuak ordenatu beharko zenituzke kategoria honetan. Marie Kondok hiru azpisailetan banatzen ditu: orokorrak (nobela, komikia, poesia, biografia…), erreferentzia eta kontsultarako balio dutenak —gai zehatzak (psikologia, medikuntza, historia, politika, ekologia…), hiztegiak, entziklopediak…— eta irudi-liburuak (argazki liburuak, arte liburuak, sukaldaritzako liburuak, atlasak…). Aldizkariak ere azkeneko multzo horretan sartuko genituzke, edo asko badituzu, bere horretan azpisail bat izan litezke.
 
PAPERAK: dituzun dokumentu guztiei egiten die erreferentzia, erosketa tiketetatik hasi eta kontratuetaraino: NAN edo pasaportea, laneko edo etxeko kontratuak, nominak, fakturak, isunak, tiketak, garantiak, propaganda orriak, bonuak, bisita txartelak… Ohartu naiz kategoria honek beldur pixka bat sortzen duela lanean daramadan denboran. Nire helburua da sail honi argia eman eta denontzat eskuragarri bihurtzea. Arduraz landu beharreko kategoria da, baina ez zaio inondik inora beldurrik izan behar. Aurrerago ikusiko duzu nola oso era errazean antolatzen den KonMari metodoan.
 
KOMONO: hau da kategoria guztietan zabalena, gainontzeko kategorietan sartzen ez den guztia biltzen baitu. Gai eta objektu ezberdin asko sartzen direnez, lantzeko gakoa behar beste azpisail egitea da. Azpisail bakoitza oraindik gehiegizkoa iruditzen bazaizu, talde txikiagoak egin ditzakezu bakoitzaren barruan.
 
OBJEKTU SENTIMENTALAK: hauek bihotzetik gertuen dauden objektuak dira: marrazkiak, postalak, panpinak, oroigarriak, gutunak, argazkiak… Izan kontuan itxuraz gainontzeko kategorietakoak diren hainbat objektu benetan sail honetakoak izan daitezkeela. Hau da, pertsona jakin batek oparitu zizun elastikoa objektu sentimental bat izan daiteke. Kasu horretan, arroparekin batera berrikusi beharrean, kategoria honetan kudeatu beharko zenuke.
 
Besarkada bat
 
 
 
Argazkia

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?