Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Haiek eta gu (II). Arrigorriagako Gaztetxea eta BATU

Dela gaztetxe bat, dela kooperatiba bat eta dela hezkuntza, kultura edo ekonomia eraldatzailerako proiektu bat, maiz ez da galdetzen norentzat den (edo ez den), edonorentzat delakoan. Baina kosta egiten da proiektu “hibridoak” aurkitzea; eskola bat, herri mugimendu bat, kontzertu bat non haiek eta gu gauden, ari garen, asistentzialismo hutsean erori gabe.
 

Arrigorriagako Gaztetxea eta BATU

 

Duela hiruzpalau urte, Bilbora iritsi zen autobus bat, Gurutze Gorriak bidalita, Andaluziatik Bilboko harrera auzoetara: Atxuri, Karmela, Bilbi kultur etxea, Bizinahi Erriberako espazioa… Pare bat astez tokiz toki aldatzen, 100dik gora lagun ibili ziren: hainbat tokitan lo-lekuak prestatu, otorduak eskaini, batetik bestera lagundu… Azkenean, luzaroan eusteko arazoak izan zituzten, eta pentsatu zuten deszentralizatzea eta talde txikiagoetan banatzea: Bermeo, Bakio, Gernika… eta Arrigorriagako Gaztetxea.
 
Gaztetxeko kide den Anderren hitzetan, hasiera batean, Arrigorriagako Gaztetxeak bi asterako heldu zion erronkari. Herrian bilera irekiak egin zituzten, eta planteamendua aldatu zitzaien; harrera iraunkorragoa proposatu zuten: sei hilabete. Hastapen haietan, dena zen nahiko badaezpadakoa, baina animatu ziren, eta laster gaztetxearen barruko espazio huts bat egokitzeari lotu zitzaizkion. Lehen laguntza paperekin eskaini zuten, errolda, kiroldegia, liburutegia, osasun etxea; “sustraitzea” sortzen. Batzuei gaztelania irakasten ere jardun ziren –gaur egun haietakoren bat euskara ikasten ere hasi da–.
 
Prozesu hartan, ohartu ziren arrakala handi bat dagoela lehen laguntza asistentzialetik eurak ekonomikoki independenteak izan arte; adibidez, hiru urte behar dira legalki lanean hasita, ahala izateko. Oztopo haiek eta proiektua sei hilabetera mugatzeak frustrazio handia eragiten zien, eta, dagoeneko, bi urte eta erdi daramate. Hamar lagun ari dira bizitzen gaztetxeko harrera-etxean. Erdiak hasieratik daude, eta, bestela, joan-etorri ugari izan dira.
 
Bi urte eta erdi honetan kontzertuak, elastikoak, materiala, bazkariak eta harrera eguna ere antolatu dituzte, non denek elkarrekin lan egiten duten; 50 bat lagun kuotak jartzen ere ari dira proiektuari laguntzeko. Etorri berri batzuk lanean hasi ziren nekazaritza munduan, beste batzuk dendari. Alabaina, lan horiez gain, pentsatu zuten autoenplegua sortzea, eta, horrela, auto garbiketa egiten hasi ziren gaztetxeko parkinean, nahiko ondo funtzionatzen ari dena, eta Bizi Eskola proiektua ere sortu zuten. Gaur egun, bizi eskola dute proiektu nagusia: bizikleta tailer bat da, bizikletak konpontzeko, ibiltzen ikasteko eta mekanika arloko tailerrak ematen dituzte; bigarren eskuko bizikletak doitu eta salgai dauzkate, eta etxez etxeko banaketan ere hasiak dira.
 
Beste bi gako ere aipatu ditu Anderrek; batetik, denen arteko komunitate bat nola joan diren eratzen, eta hori zein baliagarri egin zaien sentsibilizazio eta salaketa lanetarako; eta, bestetik, herri boteretik ahalduntzeak –eta problematika hori instituzionalizazio hutsean ez uzteak– nola balio izan dien herrian arrazakeriari eta faxismoari lubaki bat eraikitzeko.
 

BATU

Justu lehen itxialdia etorri zenean, sortu zuten BATU. Pandemiak ekarriko zituen neurri bereziak ikusita, sumatu zuten, oro har, 2008ko krisikoa baino prekarizazio handiago bat etorriko zela eta beraz bizi baldintzen defentsaren eta borroka komunitate baten eraikuntzaren aldeko lana egin beharko zutela. Kataluniako hainbat esperientziari begira jarri ziren: Manresako eta Sabadellgo PAHC (Hipotekak eta Kapitalismoak Kaltetuen Plataforma), Poble Seceko Sindicat de Barri eta Santseko Grup d’Habitatge.
 
Ideia nagusia da herri boterea sindikatzea, borroka komunitate bat eratzea alderdi eta abarretatik at –50 pertsona inguru dabiltza modu iraunkorrean–, eta bi lan ildo nagusi hartu dituzte: elikadura eta etxebizitza.
 
Elikadurari dagokionez, Elikagai Bankuak iristen ez direnengana ere iritsi nahi izan dute; adibidez, paperik ez daukan jendearengana, edo beste soslai bat dutenengana: emakume banatua umeekin eta pentsio txiki batekin etxebizitzari, elikagaiei, jantziei eta abarri aurre egin behar diona, ustez, jasotzen duen laguntzarekin “jateko” badu, baina ez da beti horrela izaten. Arrigorriagako gaztetxean sortu zuten Subete Elkartasun Biltegia. Bertan elikagai ez galkorrak gordetzen dituzte; 60 lagun ibiltzen dira jakiak jasotzen, eta bilketa-puntu finkoa dago, baita elkartasun itsulapikoak ere eskualdeko komertzio txikietan. Itsulapikoak produktu freskoak erosteko baliatzen dira; herritarrek dirua uzten dute, eta saltokietan bertan erosten dira elikagaiak. Banaketak bi astero egiten dira, autoz ere bai behar izanez gero; saskiak prestatzen dira, eta pertsonek/familiek jasotzen dituzte. Boluntarioak zein janaria jasotzen dutenak inplikatzen dira txandetan, eta hilabetean behingo batzarrak eratzen hasi dira oraintsu.
 
Etxebizitzari dagokionez, Hego Uribe osoan zehar eratu dituzte lantaldeak, Basaurin, San Migelen, Arrigorriagan, Ugaon, Arrankudiagan eta Zeberion. Asteartero batzen dira bileretan, Kataluniako etxebizitza sindikatuen antzeko egiturarekin. Batetik, ohiko sarekideak daude, soslai militanteagoa dutenak, bestetik, sarera hurbiltzen direnak. Sareko ohiko gaiak jorratzen dira aurrena, lantalde ezberdinena; gero pertsona bakoitzak lekarkeena: alokairuarekin arazoak dituztenak, etxegabetzeak, hipotekak… Aholkularitza kolektiboaz saiatzen dira laguntzen, bai hitzez bai gero pertsonak laguntzen paperekin, bulegoetara eta abar.
 
Etxebizitzaren arazoei aurre egiteko hainbat ekimen eratu dira inguruan: Galdakaoko etxebizitza sarea, Bilboko AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldea, San Ignazion eta Deustun Alokairukoak, Donostiako Maizterren Sindikatua eta Gasteizko Etxebizitza Sindikatua.
 
 
 
Argazkia
 

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?