Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Gaur egungo problematikaz

Egunkaria ireki eta hogei orriko tartean, irakurri egin dut: “Etxebizitza lege berria urtarrilaren amaieran onartuko duela iragarri du Gobernuak”, “Etxegabe baten gorpua aurkitu dute Irunen”, “Eusko Jaurlaritzak 275 €-ra igoko ditu alokairuari eskainitako dirulaguntzak” eta “Genero indarkeria jasan duen emakume bat etxegabetu egingo dute Barakaldon”. Hogei orriko tartean, jakin nahi nuena baino gehiago esan dit egunkariak. Ordea, gertakari horiek guztiak lotuko dituen azalpenik ez dit eman. Orri horietan jasotako informazioarekin azalpen orokor bat eman beharko banu, zeharo zentzugabea izango litzateke; konexiorik gabea, ezkorra, baina baikortasuna darion diskurtso populista batez alaitua. Flashetan ikusten ditugun informazio dosi horiek ordenatu beharrean gaude; etxebizitza problematikaren analisi koiuntural sakon bat beharrezkoa dugu, atake epileptiko batek jota hil nahi ez badugu, noski.

Etxebizitza problematikaren analisi koiuntural bat egiteko orduan, krisi kapitalista elementu baldintzatzaile nagusia da. Irabazi tasa urria den testuinguruan, burgesiaren interbentzioa aldatu egiten da etxebizitzaren gaian, eta, aldi berean, problematikari loturiko gatazkaren adierazpenak indartu egiten dira. Krisia, gainera, arazo horri partzialki aterabide bat emateko mahai-gainean jartzen diren proposamen politiko ororen esparru objektiboa da. Krisiaren testuinguruan, burgesiak erabaki politiko bat hartzen du; bere klase interesen alde jokatzea erabakitzen du, gizartea mugiarazten jarraituko duen akumulazio dinamika indarberritzea, alegia. Eskala planetarioa duen erreforma burges horri ofentsiba burgesa deritzogu, eta etxebizitzaren alorrean ezaugarri bereziak ditu.

Alde batetik, ofentsiba hori alor ekonomikoan garatzen da; bada, etxebizitza merkantzia bat den heinean, kapitalaren metaketarako bitartekoa da. Higiezinen merkatua, gainera, bereziki interesgarria suertatzen zaio burgesiari krisi garaian, merkatuko balore guztiak jaisten direnean merkatu hori baita epe erdiko errentagarritasuna promesten duen bakarrenetarikoa. Horretaz gain, etxebizitza –bizitzeko oinarrizko beste bitarteko batzuk bezala– langile klasearen aurrezkietatik zuzenean dirua xurgatzeko bitarteko ona da; hau da, irabazi tasa urriko testuinguruan, burgesiak era zuzenean sakeatzen du langile klasearen kontsumo-fondoa. Piztutako interes kapitalista horren albo-kalteak argiak dira: prezioen igoera, populazio desplazamenduak, etxegabetzeak…

Baina ofentsiba hori ez da soilik alor ekonomikoan garatzen; higiezinen merkatua errentagarria izan dadin, burgesiak zenbait baldintza politiko bermatu behar ditu: okupazioa are gehiago zigortu behar du, langile klasea bizi-baldintza okerragoetan bizitzera ohitu behar du interbentzio kulturalen bitartez, proletarioaren miseria maila jasangarrietan eduki behar du euspen sozialerako erreformekin; koertzio eta errepresio mekanismoak indartu behar ditu jabego pribatua errespetarazteko, eta abar luze bat.

Erantzunik eza edo erantzun erraza ematen diguten diskurtsoetatik aldendu eta errealitate konplexu bat azaltzeko ahaleginetan sakondu behar dugu. Hori baita ofentsiba burgesari, bai etxebizitzaren alorrean zein bizitzaren beste alor guztietan, aurre egiteko beharrezkoa den indar antolatua sortzeko lehenengo urratsa.

Argazkia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntzea nahi duzu?
    Kaixo! 👋
    Arreta-ordutegia 8:00-16:00 da. Zertan lagundu zaitzakegu?