Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Etxebizitzaren aldeko borrokaz

Etxebizitza bere definiziorik urrienera sinplifikatu beharko banu, esango nuke bizitzeko adina baldintza ematen dituen espazioa dela; lau horma eta sabai bat, agian. Baina definizio horrek ez liguke ezertarako balioko, haurretan eskolan irakasten dizkiguten beste hainbat kontzeptu hutsalen antzera; oihartzuna edo durunda eragingo luke gure buruan. Etxebizitza, beraz, kontzeptu soziala da –eta, hala, historikoa–; indarrean diren harreman-sozialek ematen diote forma eta esanahia. Dena den, ezinezkoa izango litzaiguke etxebizitza gaur egun zer den ulertzea, jabegoa, soldatapeko lana eta klasea zer diren aintzat hartu gabe.

Oinarrizko beharrizana da etxea, bizirik irauteko eta gure bizi proiektua garatzeko edukiontzi ezinbestekoa. Bada, gaur egungo sisteman, oinarrizko behar guztien antzera, merkantziaren forman aurkezten zaigu, eta merkatuaren bitartez soilik hel gaitezke hura eskuratzera. Ondorioz, gure klase posizioaren araberakoa da etxebizitza bat eskuratzeko dugun ahalmena; klase posizioaren araberakoa izango da etxe horren kalitatea, tamaina, kokapena eta abar. Merkantzia bat den heinean, kapitalaren metaketarako bitartekoa ere bada, ez espekulatzaile maltzur batzuek negozioa egitea erabaki dutelako, haren funtzioa maila sozialean hori delako baizik.

Horrek, etengabeko gatazka sorrarazten du. Erraza da etxebizitzaren alorrean interes talka antzematen: alokairua igo nahi digun jabea, hipoteka ordaindu ezinik etxetik botatzen gaituen banketxea, dirua aurreztu asmoz etxeko leihoak konpontzen ez dizkigun errentatzailea… Kapitalisten eta langileen arteko interes talka hori etengabea eta espontaneoa da, eta baldintza konkretuen arabera –hots, indar korrelazioaren arabera– modu batera edo bestera ebatz daiteke. Gatazka horien adibide amaigabeak aurki ditzakegu langile mugimenduaren historia aztertuz gero: Irlandako gosete handiaren garaian etxegabetutako milaka familien erreboltak; 1950eko hamarkadatik aurrera, Madrilen, bizimodua garestitzearen aurka sortutako familia eta auzo elkarteak; eta, gertuago begiratuta, 1905ean Barakaldoko kaleak astindu zituen maizterren greba basatia.

Borroka horiek guztiak era espontaneoan sortzen dira, eta gehienek ez dute auzitan jartzen gizarte kapitalistaren logika sistemikoa. Hau da, etxebizitza aurrez definitzen duten kategoriak zalantzan jarri gabe –jabego pribatua, soldatapeko lana eta abar– salgai horretarako sarbidea hobetzea helburu duten borrokak garatzen dituzte. Ondorioz, komunistontzako esperientzia iturri baliotsuak badira ere, ez dute etxebizitzaren problematika gainditzeko potentzial nahikorik demostratu.

Gainera, gaur egungo krisiaren testuinguruan, are eta gehiago sakontzen ari da etxebizitzaren arazoa bizi baldintzen aurkako ofentsiba ekonomikoaren parte den aldetik. Arazoak bere horretan dirau, eta esango nuke proletarioak bere miseriari aurre egiteko eskura dituen molde politikoek aurreko hamarkadetan erabilitakoen antz handiegia dutela. Horregatik, lehentasunezkoa zaigu etxebizitzaren problematikaren analisi sistemikoa egitea, hari aurre egiteko sortu diren erantzun politiko anitzen kritika gorpuztearekin batera. Gai horiei eta beste hainbati buruz hitz egingo dut hurrengo artikuluetan, iragarki labur horien metrikak uzten didan neurrian, noski.

Argazkia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntzea nahi duzu?
    Kaixo! 👋
    Arreta-ordutegia 8:00-16:00 da. Zertan lagundu zaitzakegu?