Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Errekaleor langile auzoaren emaria

Errekaleor langile auzo txiki bat da Gasteizko hegoaldean, hiriaren industrializazioaren batera eraikia duela 50 urte baino gehiago. Bertan bizi ziren familiak harro bizi ziren auzoko 192 etxeetan; izan ere, zinema, gizarte etxea, eliza eta abar beraiek eraiki zituzten.
 
2.000ko hamarkadaren hasieran, ordea, udalak muzin egin ezinezko corleonetar eskaintza bat egin zien: auzoa bertan behera bota behar baitzuten, bestelako soslaia zuten giza abereentzako etxeak eraikitzeko.
 
Erresistentzia handiz, hasi ziren familiak ateratzen auzotik, baina halako batean, 2008an, auzoaren iragarritako heriotzaren kronikak ustekabeko bira eman zuen: higiezinen burbuila lehertu zen, eta uhin hedakorrak hainbat proiektu urbanistiko utzi zituen sakabanatuta han-hemen.
 
Gauzak horrela, 2013an, etxe huts mordo bat eta azken auzotar gutxi batzuk besterik ez zen geratzen, gazte batzuk euren ateetan kosk-kosk egin eta auzoagatik galdezka etorri zitzaizkienean. Harreman onak egin zituzten, eta transmisio eder bat gertatu zen: azken auzotar zaharrek eskura eman zizkieten auzoko hainbat giltza, eta Errekaleor Bizirik hasi zen.
 
Gaur egun, 120 bat lagun ari dira egitasmoan (bada proiektutik kanpo bertan bizi den auzokiderik ere). Udaberria etxeetako leihoetatik sartzen ari zaigun honetan ‒Errekaleorrek muga egiten du naturarekin zuzenean eta autoen zaratarik ere ez da aditzen‒.
 
Jenniferrek, udalak Olarizuko etxeetatik bota zuen familiaburu batek, ERREKA TXOKOA barne aldizkaria hartu du. Goizeko zazpiak dira, astelehena; argia piztu du. Irakurtzen hasi aurretik, igandeko Barroso zinemaren pelikula gogoratzen hartu du atsegin une batzuetan, Germinal ikusi zuten maiatzaren 1a dela eta.
 
Etengailuaren klik horren atzean Erreka Energy lantaldea dago, eguzki plaketatik datorren argindarraren erabilera kudeatzen du. Une honetan ia ez dago argi mozketarik. Laster, udaren etorrerarekin, sei etxeko bloke bakoitzean jarriko dute hozkailua martxan; ordura arte, Gasteizko hotzak etxe bakoitzean eragiten duen freskerarekin nahikoa da elikagaiak galdu ez daitezen (gainerako etxe geletarako egurrezko berogailuak jarrita dituzte).
 
Aldizkariko lehen bost orrialdeak Erreka Larre emakume taldeak kudeatutako barne dinamikaren azalpenak hartu ditu, erasoen gainekoak: auzoan gertatu diren eraso matxistak ezaugarritu eta egin dituzten lanketak bildu dituzte erasoekin eta erasotzaileekin. Lanketa horiek auzoko emakumeen antolakuntzari zor zaizkio, zaintza eta erasoen kudeaketaz gain, espazio informal ez mistoak ere sortu dituzte, eta formakuntzan aritu. Haietako batzuek Gasteizko mugimendu feministetan ere parte hartzen dute, eta badira etxe bloke ez mistoak ere. Auzoko emakumeen antolakuntzaren eta lanaren ondorioz, egun, gizon talde pare bat ere badago.
 
Goizeko zortzi eta erdietan, umeei musu eman eta esnatzera joan da; Adurtzako eskola Errekaleorretik hamar minutura dago. Handik bueltan, Jenniferrek pentsatu du zeinen gustura bizi diren Victor Emanuel eta Elizabeth auzoan, auzoan badira ume gehiago, eta aurreko astean, Jon Emanuelen ‒gelan Manu esaten diote‒ gelako lagun bat lotara ere gelditu zen etxean (Elik argi eta garbi utzi du hurrengo astean Ainhoa bere laguna etorriko dela). Inoiz edo behin, eskolako lagun gehiago etorri izan dira belarrezko futbol zelaian jolastera, ludotekako ekintzetara, edo besterik gabe auzoan zehar ibili eta jolastera.
 
Goizeko hamarretan, Jennifer baratze komunera joan da auzolanean laguntzera. Aitziber euskara irakaslea ere egongo da; aprobetxatuko du baratzeko izenak galdetzeko; poliki ari da euskara eskola eta umeen etxeko lanekin laguntzen. Lur-sail ederra du auzoak, eta baratze komunaz gain, badira auzokideak eta auzotik kanpoko lagunak baratzea dutenak. Jeniferrek berea ere badu, eta tipulak, porruak, letxuga eta abarrez gain, menda belarra, erromeroa eta oregano pixka bat ere badu. Auzoko ekimen “ofizialak” beganoak badira ere, berak auzoko proiektutik kanpo oilategitxo bat kudeatzen du hainbat lagunekin batera, eta, orain, udaberrian arrautza asko batu ahal dituzte.
 
Arratsaldean, berriki sortu den Harrera Taldeko bilera izango du; auzoko hainbat etxe prestatu dituzte larrialdi egoeran dauden pertsonak hartzeko, ongi etorri prozesutik pasatu gabe. Berari prozesua samur joan zitzaion, auzoan bazuen ezagunik, eta barrutik egin ahal izan zuen. Bi hilabete eman zuen proiektua ezagutzen, eta auzokideek ezagutu zezaten. Ongi etorri prozesua barrutik ‒auzoan bizitzen‒ egiteko, auzokide bat behar duzu tutore gisa; bestela, kanpotik egin behar da (auzolan eta ekintza ezberdinetara agertuz eta apurka proiektua ezagutuz). Orain Harrera egitasmoari esker, larri dauden pertsona batzuek etxe bizigarri bat izango dute eskura.
 
Iluntzean, izaki boxeo ez mistoa dute, astelehen osoa da egun ez mistoa kiroldegian, eta, frontoiaz eta boxeo gimnasioaz gain, pisuak, eskalada, roller derbya, eta bizikleta-patinete aldapak daude. Neska gazteak jatorrak iruditzen zaizkio, eta ondo moldatzen dira elkarrekin, baina berak sentitzen du beste pelikula batean dagoela.
 
Asanbladara, adibidez, ez da normalean joaten, nahiz eta xuxurlariak ipintzen dituzten, gai gehiegi eta gehienak erdizka besterik ulertzen ez dituen gauzak: ekonomia, komunikazioa, txosnak, entsaio lokala, inprenta, serigrafia eta bizikleta tailerrak, barne hausnarketa XXIII, koordinadora, Lehertu Gasteiz dinamika… Ufa, bitan joan da eta oraingoz nahiago du lantalderen batean aritu.
 
Maiatzaren bukaeran Errekaleorreko festak dira, jai batzordean sartuko da, baina festak gozatu ere gozatuko ditu. Egia esateko, bizitzan lehen aldiz ezagutu du aisialdia, eta bizitzaren intentsitatea areagotu zaio: harremanak, baratza, kirola… denbora mantsoago doakio orain. Izan ere, hipoteka/alokairua, argindarra eta abar ekuaziotik kenduz gero, askoz diru gutxiagorekin moldatu ahal da.
 
 
 
Argazkia

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?