Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Egin zuk zeuk kosmetika natural eta iraunkorra etxean

Zure kosmetikoak edo garbiketa produktuak egitea ona da osasunerako eta ingurumenerako.

Kosmetika naturala erostea ondo dago, baina batzuetan ez dakigu oso ondo osagaiak zer diren edo nondik datozen. Arroparekin gertatzen den bezala, batzuetan, ez dugu jakiten produktuok landu dituzten langileek nolako lan baldintzetan egin dituzten ere. Osagai susmagarrien artean, koko olioa edo karite gurina daude. Koko olioaren kasuan, Europara iristen den ia gehiena Asiako hego-ekialdetik dator; karite gurina, berriz, Afrikatik dator; batik bat, Senegaldik.

Iraunkortasuna helburu badugu, hau izango litzateke ordena kosmetika produktuak kontsumitzeko:

1- Zuk zeuk eginak.

2- Bertako eskulangile bati erositako kosmetika naturala.

3- Ekodenda batean erositako kosmetika naturala.

 

Zure kosmetikoak sortzen ikasten baduzu, ez duzu produktu kimiko kaltegarririk erabiliko larruazalean, ezta hondakin handirik sortuko ere. Gainera, kosmetika edo garbiketa produktuak egiteak natura ezagutzeko parada ematen du, ia errezeta guztietan sendabelarrak erabiltzen baitira.

 

Gaur hiru errezeta erraz bildu ditut. Osagaiak zeure gustura alda ditzakezu. Koko olioa almendra olioaren ordez jar dezakezu, edo beste olio esentzial batzuk aukeratu. Etxean zer duzun.

Hauetako errezetaren bat egiten baduzu eta gustuko baduzu, kontaidazu komentarioetan:

 

Esfoliatzailea

Hondarraren antzeko osagaiek azaleko zelulak kentzen dituzte, eta horiek esfoliatzen dute. Buztina eta olioak azala elikatzen eta sendatzen dute. Gogoratu esfoliatzaile komertzialetan mikroplastiko asko topatzen ditugula; horregatik, inoiz ez dut gomendatzen esfoliatzaile komertzialak erostea.

Behar diren osagaiak:

3 koilarakada buztin zuri

2 koilarakada ilen lehor eta kamamila lore

2 koilarakada olo maluta

2 koilarakada almendra olio

5 tanta olio esentzial

Ura (Behar adina. Oreak eskatzen duena)

Prestaketa: xehatu olo malutak eta kamamila loreak, txikitu ilen loreak fin-fin. Nahastu ontzi batean, eta ondoren gehitu buztina, almendra olioa, olio esentziala eta ura eta jarraitu nahasten. Ondoren, eratu pilotatxoak nahasketa horretatik. Gorde leku lehor eta fresko batean, eta erabili egun batzuk igaro ondoren.

Aplikazioa: nahastu bola bat edo bi ur epel pixka batekin pasta bat osatzeko. Aplikatu, masajea astiro-astiro, eta garbitu berriro urarekin.

 

Itsasoko gatzak

Itsasoko gatzak larruazaleko zelula hilak kentzen ditu eta zirkulazioa estimulatzen du (horrek gaixotasun kardiobaskularrei aurrea hartzen laguntzen du). Olio esentzialak dinamizatzaileak dira: edo lasaitu egiten dute edo metabolismoa estimulatu, nolako olioa aukeratzen duzun. Adibidez: izpiliku fina lasaigarria da, eta erromeroa, berriz, estimulatzailea da.

Behar diren osagaiak:

Itsasoko gatzaren 4 koilarakada

Menda

Olio esentzialak

Prestaketa: txikitu menda belarra zati txikietan. Nahastu osagaiak banan-banan ontzi batean.

Aplikazioa: zabaldu azalean masajea emanez (ez erabili depilatu edo bizarra kendu berri den azalean!). Ondo garbitu.

 

Bainu bonbak

Koko olioak azala leuntzen eta erlaxatzen du. Gainera, pilota horiek itxura bikaina izaten dute, eta opari polita izan daitezke.

Behar diren osagaiak:

200 g bikarbonato

100 g azido zitriko

50 g arto irin (edo maizena)

100 g koko olio

Limoi olio esentziala

Lore aromatikoak (hautazkoa)

Prestaketa: nahastu lehenik osagai lehorrak ontzi batean, hau da: bikarbonatoa, azido zitrikoa eta arto irina. Gero, gehitu osagai likidoak (koko olioa eta olio esentziala). Guztia ondo nahastuta dagoenean, loreak gehitu diezazkiokezu nahi izanez gero. Kontuan hartu lore lehorrak apaingarriak direla besterik ez. Batzuetan ez da oso erosoa bainuontzian erabiltzeko.

Aplikazioa: gehitu bainu bonbak bainuontzian. Etxean dutxa baduzu, bonba horiek palankana edo konketa batean jar ditzakezu eta oinak bertan sartu.

 

Argazkia

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?