Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Antolatu zure objektu sentimentalak

KonMari® metodoaren azkeneko kategoria “objektu sentimentalak” deritzona da. Ondasun horiek bihotzetik gertuena sentitzen ditugun objektuak dira, hau da, gure bizitzako une eta oroitzapen bereziekin bat egiten dutenak. Kategoria honetako ondasunek karga emozional handia izaten dute eta, ondorioz, berrikusi eta aukeratzeko zailenak izan ohi dira. Hori dela eta, beti prozesuaren azken fasean lantzea komeni da.
 
Bidelaguntzen ditudan prozesuetan, hau izaten da momentu zirraragarri eta ederrenetako bat. Izan ere, ondasunak banaka-banaka errepasatzen ari garen bitartean, pertsona horren ibilbidea, bere historia osoa, ikusteko aukera izaten dugu. Ohorea da niretzat horrelako momentu batean bidelaguntzea, eta ezinbestekoa iruditzen zait epairik, alderaketarik eta iritzirik gabeko giro babestuak sortzea.
 
Ordena prozesua gauzatzen ari denarentzat, berriz, aitzakiarik gabe, bere burua sakonki ezagutzeko aukera da. Gainera, lanketa horrek balio dezake hainbat gai, bizipen, harreman eta abar birkokatu edo ixteko. Bide horrek, zalantzarik gabe, aukera ere eskaintzen du aurkitu edo galdu ditugun harremanak osatzeko (heriotza, amaitu diren laguntasun edo bikote harremanak…).
 
Laburbilduz, bizitzako ziklo bakoitza kokatu eta nahi duzun norabidean aurrera egiteko, garrantzitsua denari balioa eman eta gainontzekoa era osasuntsu batean itxita uztea izan daiteke azken kategoria honen onurarik handiena.
 

Zer sartzen da objektu sentimentalen sailean?

Oro har, kategoria honetan objektu hauek sartu ohi dira:
– Argazkiak eta bideoak
– Egunerokoak
– Gutunak
– Postalak edo oroitzapen txartelak
– Une edo momentu ezberdinetako oroitzapenak
– Txikia zineneko ondasunak (pelutxeak, panpinak, liburuak, arroparen bat…)
– Familiakoen edo maite ditugunen eskutik jasotako objektu pertsonalak
– Dominak, sariak…
– Marrazkiak edo bestelako espresio lanak
 
Aipatutako guztiaz gain, izan kontuan itxuraz beste kategoria batzuetakoak diren objektuak duten lotura emozionalagatik kategoria honetakoak izan daitezkeela. Adibide batekin errazago ulertuko duzu: jertse bat edo liburu bat, izatez, arroparen sailari eta liburuen sailari dagokio. Baina arropa edo liburu hori pertsona, oroitzapen edo bizitzako une garrantzitsu bati estuki lotuta badago, objektu sentimentalen kategoriakoa bihurtuko da.
 
Berrikusi eta aukeratzeko garaian, sentimendu indartsuak edo erabakiak hartzeko zailtasunak senti ditzakezulako identifikatuko dituzu.
 

Ondasunak berrikusi eta aukeraketa egiten lagunduko dizuten aholkuak eta gogoetak

Sail honetan sartzen den guztia berrikusteko, komeni zaizu talde txikietan banatzea. Lagungarriak izan daitezke goian aipatutako azpisailak.
 
Guztia multzokatu duzunean, aurreko kategorietan egin dugun moduan, hasi errepasatzeko errazena egiten zaizun taldetik. Hartu objektu bakoitza banaka eskuetan eta hurbildu bihotzera. Zer sentitzen duzu?
 
Galdera hauek ere egin ditzakezu. Lagungarriak izatea espero dut:
 
– Zein emoziorekin egiten dut bat? Poza, lasaitasuna, tristura, haserrea, zoriontasuna, nazka…
– Zer sentitzen dut objektu hori ukitzen dudanean?
– Pertsona edo momentu zehatz bat gogorarazten dit? Nolakoa da oroitzapen hori? Nolako harremana dut gaur egun pertsona horrekin?
– Gaur egun garrantzitsua da niretzat? Edo gainditu dudan zerbait da?
– Nola iritsi da objektu hori nigana?
– Nola dago zainduta? Egoera onean dago, narras, galzorian…
– Norbaitek topatuko balu, nola sentituko nintzateke? Adibidez, hil eta gero norbaitek nire eguneroko intimoa topatzen duela irudikatzen dudanean, zer sentitzen dut? Lasaitasuna, harrotasuna, lotsa, poza, beldurra…
 
Badakizu gakoa zoriontsu egiten zaituena aukeratzea dela. Beste era batera esanda, zure esentziarekin bat egin eta poza, ziurtasuna, oreka, indarra eta abar helarazten dizuten ondasunak bakarrik utzi behar dituzu zure alboan.
 
Pausoz pauso KonMari® prozesua gauzatu baduzu, guztiz trebatuta izango duzu, honezkero, zure barruko zoriontasunaren detektagailua, eta aukeraketa modu arinean egin ahalko duzu.
 

Ondasun minei ohorezko tokia

Gure ondasun minak gordetzeko orduan, sistema bertikala erabiltzea gomendatzen dizut. Oroitu hauek direla punturik garrantzitsuenak:
 
– Irisgarritasuna: hartu eta jasotzeko erraza den sistema erabiltzea (bertikalki gordetzea) eta kokaleku zehatza ematea.
– Ikusgarritasuna: armairua, tiradera, kaxa edo dena delakoa irekitzen duzunean begi kolpe batez barruan dagoen guztia ikustea.
– Ohorezko lekua ematea: puntu hau bereziki garrantzitsua da kategoria honetan. Bihotzetik gertu dauden objektuak direnez, leku berezi, zaindu eta eder bat eman beharko zenieke. Horrek ez du esan nahi denek ikusteko moduan egon behar duenik… Leku diskretu edo ezkutuago bat izan daiteke baina zuk ikusten duzunean poza emango dizuna (armairuaren atearen barruko aldea, kutxa berezi bat…).
 
Ikusiko dugu azpisail bakoitza nola gorde?
 
• Argazkiak: banaka-banaka atera eta berrikusi behar izan dituzunez, ziur aski aukeraketa egin ondoren aurretik zenituen albumak berritu edo egokitu egin beharko dituzu. Nik bildumatan beharrean guztiak batera kutxa batean gordetzen ditut, horrela baten bila noanean beste guztiak errepasatzeko aprobetxatzen dut.
 
• Gutunak, postalak eta marrazkiak: guztiak batera karpeta edo kutxa polit batean gordeko nituzke. Biltegi horiek material naturalarekin eginda badaude, hobe (papera, kartoia, egurra…).
 
• Une berezietako oroitzapenak edo txikitako objektuak gainontzeko kategoriekin batera gorde ditzakezu, edo haientzat soilik izango den toki jakina eman diezaiekezu.
 
• Dominak, sariak edo marrazkiak ez diren bestelako espresio lanak: ikusgarri egotea nahi baduzu, erabili apaletan dekorazio objektuen moduan. Bestela, ohorezko leku bat eman.
 

Joaten uzten laguntzen duten erritual batzuk

Batzuetan ez da erraza izaten objektu sentimentalak joaten uztea, zakarretara botatzea, birziklatzera eramatea edo norbaiti ematea, gogorra egiten zaigulako. Horregatik lagungarriak izan daitezkeen erritu txiki batzuk dituzu hemen:
 
– Sua eta gatza araztaileak dira. Pertsona batzuek nahiago izaten dute beren objektu sentimentalak (egunerokoak, gutunak edo argazkiak) sutan erre horrela beste inork ez dituela topatuko ziurtatzen baitute. Gainera, lanketa askatzailea izan daiteke.
 
Modu seguru batean ondasunak erretzeko aukerarik ez baduzu (gehiengoa), gatza botatzea ere lagungarria izan daiteke. Kasu horretan bildu argazkiak, gutunak, panpinak edo dena delakoa poltsa edo kaxa txukun batean, eta bota gatz pixka bat itxi aurretik. Sinbolikoki gatzak objektuak araztu eta prozesua ixten laguntzen du.
 
– Panpinen, pelutxeen edo begiak dituen edozeren kasuan (irudiak, argazkiak eta abar), lana asko errazten du begiak tapatzeak. Bestela, botatzen dugun bitartean, atsekabez begiratzen gaituztela senti dezakegu.
 
– Ondasunak joaten uzteko orduan, garrantzitsua da ere nola egiten dugun. Ez da gauza bera zakar poltsa batean nolanahi sartzea edo propio aukeratutako poltsa eder batean txukun sartuta eramatea. Gainera, gure balioekin koherenteak diren irtenbideak topatzen baditugu (birziklatu, dohaintza, oparitu…), oraindik ere errazagoa izango zaigu bota edo joaten uzteko momentu hori.
 

Bada, honekin amaitu dugu KonMari® prozesua! Zorionak! Ziur nago ibilbide honetan era guztietako emozio eta uneak izango zenituela: dibertigarriak, zirraragarriak, tristeak, lasaiak, zailak… Baina espero dut ibilbide horrek zure esentziarekin bat egin eta zein baliotsua zaren ohartzeko balioko dizula.
 
Bizitza lasaia, orekatua, zirraraz beterikoa eta ordenatua izatea egingarria da eta eskura duzu! Hemendik aurrera prozesuaren bigarren fase bat hasiko da, pixkanaka-pixkanaka bidean egin dituzun aurkikuntzei eta eraldaketei lekua emango diena.
 
Besarkada bat…
 
 
 
Argazkia
 

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?