Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Alokabide: miseria kudeatzen

Etxebizitzen prezioa gero eta gehiago igotzen bada eta soldatak geldirik badaude, normala da proletarioak (baldintza ezegonkorragoak eta prekarioagoak dituzten langileek) alokairura jotzea etxebizitza bat eskuratzeko modalitate nagusi gisa. Egoera hain da larria, EAEn alokairuan bizi diren pertsonen erdiak baino gehiagok administrazioaren laguntzak behar baititu errenta ordainduko badu. Hala, estatuak eta haren aparatuek hau dute zeregina: gizarte kapitalistaren eta hemengo biztanleen erreprodukzioa bermatzea gizarte desberdintasunen arabera (alegia, bakoitza bere klase sozialean edukitzea). Horrek esan nahi du bizi baldintza prekarioek eta txarrek bermatzen dutela erreprodukzioa.

EAEko alokairuei dagokienez, funtzio hori Alokabidek betetzen du batik bat, etxebizitza sozialak kudeatzen dituen Eusko Jaurlaritzako enpresa publikoak. Esango digute Administrazioaren eginkizuna bertara jotzen dutenen bizi baldintzak hobetzea dela, baina, egia esan, egiten dutena da haien miseria kudeatu, besterik ez. Hori gainditzen lagundu beharrean, Alokabidek kalitate eskaseko etxebizitzak eskaintzen dizkie proletarioei, eta horrek areagotu egiten du klase desberdintasuna eta proletarioaren miseria.

Izan ere, Alokabidek eskaintzen dituen pisuak kalitate eskasekoak dira: sarritan pisu nanoak dira, material merkez eraikiak; igogailuek ez dute funtzionatzen, ataria ez dute garbitzen; eta etxe asko hilabeteetan berogailurik eta ur berorik gabe egoten dira. Alokairu horien kalitate txarra zerbitzuaren prekarietateak berak ere eragiten du, askotan kontratuak ez baitira berritzen, eta Alokabideren programa batzuek iraupen mugatua dute (Gaztelagun 3 urte eta zuzkidura bizitokiak 5 urte). Hala, proletarioaren prekarietatea saihestu edo ezabatzen lagundu ordez, handitu egiten dute.

Prekarietatearen egiturazko handitze horren azken ondorioa etxegabetzea da. Alokabidek alokatutako eta etxegabetzeak jasan dituzten etxebizitzen kopuruari buruzko datuak ez dira publikoak, baina esan dezaket Gasteizko Etxebizitza Sindikatuaren esperientziatik bat baino gehiago direla (2021eko abenduan, sei familiak ere jo dute guregana arazo horrekin). Ikusi dugunez, Alokabidek ez ditu kontuan hartzen familien babesgabetasun irizpideak, eta ezjakintasunaz eta kalteberatasunaz baliatzen da: askotan, familiak beldurragatik joaten dira etxetik, etxerik gabe gelditu jo baino lehen ere. Gainera, Alokabidek ez du erakusten maizterren zorrei buruz negoziatzeko borondaterik, eta askotan eskaintzen duen aukera bakarra zor dena kolpe batean ordaintzea da. Azkenik, aurkitu ditugun etxegabetze asko ez ordaintzeagatik izan dira, baina horietako beste zenbait kontratuaren baldintzak ez betetzeagatik izan ziren. Hau da, hilabete batzuetan alokairu programak ezartzen duena baino errenta handiagoa izateagatik. Hori zentzugabekeria biribila da, batez ere lan merkatuaren egoera ezegonkorra eta prekarioa kontuan hartzen badugu, non batek, hilabete batzuetarako lan egin badezake ere eta soldata handixeagoa izan, hurrengoetan errenta kaskarra izango baitu.

Egunez egun, langileriaren babesgabetasunaren lekuko gara. Haren interesak defendatu beharrean, Alokabide burgesiaren menpe dagoen beste eragile bat baino ez da. Hau da, gizarte guztiaren ongizate materiala bermatzeko baliabide nahikoa duen gizarte honetan, baliabideok bi noranzkotan erabiltzen dira: aberatsentzako edo pobreentzako etxeak. Alokabideren funtzioa pobreentzako etxeak kudeatzea da. Legezkotasun burgesa eta erakunde sozialak diren bezalakoak agertzen dira: klase desberdintasuna ezkutatzeko eraikitako fikzio gisa, besterik ez.

Argazkia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntzea nahi duzu?
    Kaixo! 👋
    Arreta-ordutegia 8:00-16:00 da. Zertan lagundu zaitzakegu?